Páginas

lunes, 16 de junio de 2025

Geurea duguna premia dutenekin partekatu Compartir lo nuestro con los necesitados Jose Antonio Pagola


Bi ziren problema larrienak Galileako herrixketan: gosea eta zorrak. Hori zen Jesusi gehiena sufriarazten ziona. Bere ikasleek otoitz egiten irakasteko eskatu ziotenean, barne-barnetik irten zitzaizkion Jesusi bi eskariak: «Aita, emaguzu gaur behar dugun ogia»; «Aita, barkatu guri geure zorrak, geuk ere barkatzen baitiegu zerbait zor digutenei».

Zer egin zezaketen jendea suntsitzen ari ziren gosearen aurka eta beren lurrak galtzera zeramatzaten zorren aurka? Jesusek argi zekusan Jainkoaren borondatea: partekatu zeukaten apurra eta barkatu zorrak elkarri. Horrela bakarrik jaioko zen mundu berri bat.

Kristau-iturriek Jesusen otordu gogoangarri baten oroitzapena gorde dute. Zerupean gertatu zen eta jende askok hartu zuen parte. Ezinezkoa da gertatu zena berreraikitzea. Hau izan zen gorde zuten oroitzapena: jendearen artean «bost ogi eta bi arrain» bakarrik jaso ahal izan zituzten; baina zeukaten apurra partekatu zuten eta, Jesusen bedeinkazioa zela medio, guztiek jan ahal izan zuten.

Kontakizunaren hasieran elkarrizketa oso argitzaile bat dator. Jendea gose zela ikustean, irtenbiderik erosoena eta konpromisorik txikiena zekarkeena proposatu zuten ikasleek: «doazela herrixketara eta eros dezatela jateko zerbait»; konpon dezala nork bere arazoa ahal duena bezala. Jesusek arazoa erantzukizunez hartzera dei egin die: «Emaiezue jatekoa zeuek»; ez utzi gose direnak nor bere zorian galdurik.

Ez genuke ahaztu behar agindu hori. Munduan gose direnei ezikusia eginez bizi bagara, geure kristau-nortasuna galdua dugu; ez gara Jesusekiko leial; gure eukaristia-otorduei sentiberatasuna eta beren horizontea falta zaie, gupida falta zaie. Nola eralda daiteke gurea bezalako erlijio bat Jesusi leial zaizkion jarraitzaileen mugimendu bihurtuz?

Lehenik eta behin, ez dezagun galdu beraren oinarrizko ikuspegia: utz diezaiogun gero eta gehiago hunki eta erasan diezagun ogiz eta duintasunez bizitzea zer den ez dakitenen sufrimenduak. Bigarren, konprometitu gaitezen ekimen txiki, zehatz, soil, erdizkakoetan parte hartuz: Jesusen estiloaren arabera partekatzen eta aurreratzean gehiago bat egiten irakasten digutenetan.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

Jesu Kristoren gorputz eta odol santu-santuak – C (Lukas 9,11b-17)

No hay comentarios:

Publicar un comentario