Páginas

domingo, 30 de octubre de 2022

Jesusek maite ditu aberatsak Jesús ama a los ricos Jose Antonio Pagola

 


Kontaera ezaguna da Jesusek Zakeo aberatsarekin egindako topo egitearena. Lukasek asko landu du eszena; kezkaturik dago, nonbait, familia aberats batzuek lehen kristau-elkarteetan txertatzeko duten zailtasunaz.

Zakeo gizon ezaguna da Jerikon. «Altueraz txikia», baina «zerga-biltzaileen buruzagi» boteretsua; bidegurutze garrantzizko batean merkantzien igaropena kontrolatzen dutenena, alegia. Ez da pertsona batere maitea. Jendeak «bekaritzat» hartua du, baztertutzat Elkargotik. Gainerako jendea ustiatuz bizi da. «Ez da Abrahamen seme».

Halaz guztiz, gizon honek «Jesus ikusi nahi du». Hartaz hitz egiten entzun du, baina ez du ezagutzen. Ez dio axola barregarri jokatzea, bere duintasunari ez dagokion moduan: mutil koxkor bat bezala, «korrika» doa guztiei aurrea hartzeko, eta «pikondo baten gainera igo da». Jesus «ikusi» nahi du soilik. Segur aski, berak ere ez daki bake bila dabilela, egia bila, bizitzari zentzu bat emango dion zerbaiten bila.

Jesusek, puntu hartara iristean. «gora begiratu du» eta Zakeo ikusi. Kontaerak begirada arteko trukea iradokitzen du behartsuen defendatzaile haren eta aberats ustiatzaile haren artean. Bere izenaz dei egin dio Jesusek: «Zakeo, jaitsi zaitez berehala». Ez da denbora galtzeko tenorea. «Gaur berean zure etxean egon nahi dut ostatuz, zurekin egoteko». Aberats honen munduan sartu nahi du Jesusek.

Zakeok pozik asko ireki dio etxeko atea. Diruaren eta boterearen bere munduan sartzen utzi dio; bitartean, Jerikon guztiek kritikatu dute Jesus «bekatari baten etxean» sartu delako.

Jesusekin harremanetan jartzean, aldatu egin da Zakeo. «Behartsuengan» pentsatzen hasi da; beraiekin partekatuko ditu bere ondasunak. Gogoratu da bere negozioen biktima izan direnez: gaindika itzuliko die lapurtu izan diena. Jesusi bere bizitzan egia, zuzentasuna eta gupida sar ditzan utzi dio. Beste bat sentitzen da Zakeo. Dena da posible Jesusekin.

Pozik da Jesus «salbazioa» etxe boteretsu eta aberats horretara ere iritsi delako. Horretarako etorria da bera: «galdua denaren bila eta hura salbatzera». Egiatia da Jesus: diruaren esklabo direnen bizitza galdua da, egiarik gabeko bizitza, zuzentasunik gabea, sufritzen ari direnez gupida gabea. Baina Jesusek maite ditu aberatsak. Ez du nahi haietako inork bere bizia gal dezan. Bere munduan sartzen utziko dion aberats orok esperimentatuko du Jesusen indar salbatzailea.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

Urteko 31. igandea – C (Lukas 19,1-10)

No hay comentarios:

Publicar un comentario