Bizkaia
Irratia 2022
Alkarregaz
ibili, alkar zaindu
Eguen Santu
barri batez, zuekaz guztiekaz bat egiten dogu Bizkaia Irratiari esker. Hamabi
urtetan zehar, egun honetan goizean, zeuokaz bat egiten dogula Arratiatik
Bizkaira, Gorbeia magaletik Kantauri itsasoraino. Handia eta zabala da Eguen
Santuko mahaia. Handi eta zabalagoa egin daikegu irratiari esker. Nahiz eta
alkar ezin ikusi, Jaunaren Berbeak batzen gaitu.
Ibilbide hau
gugaz hasi eben batzuk hil dira eta ez dagoz gugaz. Batzuk etxekoak eta
familikoak. Bihotzean, gogoan eta otoitzean ditugu. Beste batzuk gaixorik
entzuten dozuez gogoeta honeek. Jainkoaren laztana ez daitela inoiz falta zuen
ohe ondotxuan. Beste batzuk kotxean edo
sukaldean, beharrean entzuten dozuez. Danok osatzen dogu alkartea.
Aurten,
zuekaz bat egiteko orduan, abiapuntu ezin hobea dogu. Joseba Segura gure
gotzaiak garizuma eta pazkorako idatzitako eskutitza. Emauseko ikasleen
katekesian oinarritzen da. Ebanjelioan agertzen dan kontakizun aparta.
Zoragarria. Eta hortik adar bi ataratzen dauz. Lehenengoa: alkar ibili. Ospatu
barri dogun sinodoa gogoan. Horixe esan gura dau sinodoak. Alkarregaz ibiltzea.
Eta bigarrena: alkar zaindu, jagon. Sufridu barri dogun pandemia gogoan.
Urte gogorra
izan doguz. Eta nekean aringarri izan dogu eukaristia, komuninoa, alkartea. Eta
zalantzatan argigarri izan jaku Jaunaren Berbea, komunioaren osagarria. Eta
bakardadean lagungarri izan jaku mezea, alkartea, senideak. Baina lehendabizi,
jo daigun iturrira, bertan ezagutzen dogu maite gaituan Jainkoa, zaintzen
gaituan Jainkoa.
Jesu Kristoren Ebanjelioa San
Lukasen liburutik (Lk 24, 13-35)
Jesusen
ikasle bi Emaus izeneko herritxo batera joiazan, Jerusalemdik hamaika
kilometrora. Jerusalemen jazotako guztiez berbetan egiten eben alkarregaz. Eta,
berbetan eta eztabaidan ziharduela, Jesus berbera hurreratu jaken eta eurekin joian;
hareen begiak, ostera, itsu egozan eta ez eben ezagutu.
Jesusek
esan eutsen: «Zeri buruz zoaze bidean alkarregaz berbetan?» Hareek gelditu egin
ziran, aurpegia ilun, eta bietako batek, Kleofas eritzonak, erantzun eutson:
«Zeu izango zara Jerusalemen egun honeetan jazo dana jakin ez dauan kanpotar
bakarra!» Jesusek itaundu eutsen: «Zer jazo da, ba?»
Hareek
erantzun eutsoen: «Jesus Nazaretarrarena; profeta ahaltsua zan egitez eta
hitzez Jainkoaren eta herri guztiaren aurrean; baina gure abadeburuek eta
agintariek heriotzara kondenatu dabe eta kurutzean josi. Guk uste genduan Berak
askatuko ebala Israel; baina badira hiru
egun hori jazo dala. Egia da gure arteko emakume batzuek harriturik itzi
gaituela: goizean goiz joan dira hilobira eta ez ei dabe gorpua aurkitu;
gainera, Jesus bizi dala esan deutseen aingeruak agertu jakezala esanez etorri
jakuz. Gutar batzuk ere izan dira hilobian, eta emakumeek
esan daben lez aurkitu dabe; baina Bera ez dabe ikusi».
Orduan,
Jesusek esan eutsen: «Bai zentzun bakoak zareela, bai motelak profetek esana
sinisteko! Ez al eban, bada, Mesiasek guzti hori sufridu behar, bere aintzan
sartzeko?» Eta, Moisesegandik hasi eta profetarik profeta, Liburu Santuek
berari buruz inoen guztia azaldu eutsen.
Joiazan
herritxora hurreratu ziranean, Jesusek aurrera jarraitzeko keinua egin eban.
Baina hareek arren eta arren eskatu eutsoen: «Gelditu zaitez gugaz, berandu da
eta iluna gainean dogu». Eta herrian sartu zan hareekin gelditzeko.
Hareekin
mahaian egoala, Jesusek, ogia harturik, bedeinkapen-otoitza esan, zatitu eta
emon egin eutsen. Orduan begiak edegi jakezan eta ezagutu egin eben; baina
Jesus desagertu egin jaken.
Hareek
alkarri esan eutsoen: «Ez al genduan bihotza sutan, bidean berba egiten
euskunean eta Liburu Santuak azaltzen euskuzanean?» Eta berehala jagi eta
Jerusalemera bihurtu ziran. Han Hamaikak eta honeen lagunak batuta aurkitu
ebezan, honan inoela: «Biztu da Jauna egiaz eta Simoni agertu jako».
Ikasle
biek bidean jazotakoa kontatu eutseen eta zelan ogia zatitzean ezagutu eben.
Alkarregaz
ibili
Emauseko ikasleak
legez, gu be bidean goaz. Garizuma bidea da. Pazkora doan bidea. Bizitza bidea
da. Jainkoarengana doan bidea. Erromesaldia bidea da. Santutegi batera doan
bidea. Errezago egiten da bidea alkarregaz. Berbetan. Hau edo bestea
alkarrizketan.
Bidea egiteko era
asko dagoz. Bata da bagabundoa. Hara hona, eskean. Nora jakin barik. Nora ez
dakiela. Beste era bat, bidea egiteko, turistea da. Ha eta bestea ezagutu gura.
Bisitau nahi. Presaka, astirik bez. Eta beste modu bat da erromesa, peregrinoa.
Harek badaki nora doan. Helburu bat dauka. Urkiola edo Begoña, Arantzazu edo
Aralar. Eta santutegi hori izango da zain daukagun zeruaren irudia.
Emauseko ikasleei
gertatu jakena, guri be gertatzen jaku sarri. Bizitzaren golpeak. Bihotzaren
ardurak. Nekea. Etsipena. Gaixo larri bat. Maite dogun baten heriotza. Lan
barik geratzea. Ezkontzak huts egitea. Seme-alaben ardurak. Hain astuna jaku
bizitzaren motxilea edo morrala, ahaztu egiten dogula nora doan gure bidea.
Edo okerrago dana.
Konturatu be ez gara egiten Jesus bidelagun dogula, gugaz datorrela. Bidean
gagozala. Emauseko ikasleak be ez ziran konturatu. Tristurak begiak itxi.
Bihotza estutu. Ezin arnasa zabal hartu. Jesus hurreratzen jake. Hurreratzen
jaku. Eta entzun. Gure ardurak, bere ardurak dira. Gure kezkak, bere kezkak
dira. Bere pausua, gure pausura. Entzun, entzun eta entzun. Entzun eta gero,
orduan egiten dausku berba. Eta guk ezin ulertu. Ezin begiak zabaldu.
«Gelditu
zaitez gugaz, berandu da eta iluna gainean dogu», dinotse ikasleak aurrera doan
Jesusi. Alkartasuna da giltza. Giltz horrek zabaltzen dauskuz otoitzaren eta
eukaristiaren bideak. Eta afaria bananduz, otoitzean, eukaristian… zabaltzen
jakez begiak.
Ez gara
umezurtzak! Maite eta jagoten gaituan Aita-Ama dan Jainko bat dogu. Gure bidea
ez doa alperrik. Ez gara galdu. Jainkoa dogu zain, bere besoak zabal zabalik.
Horixe ikasi dogu garizuman zehar. Basamortuan zein mendian, beharrean zein
etxean, eleizean eta eleizatik kanpo… Jesus bide lagun.
Eta
bidean, Jesus dogu lagun. Gugaz ibili dabil. Hau suertea! Bihotza sutan! Hobe
ez!
Garizumako
geografia…
Zaindu, jagon
Jagon, zaindu,
arduratu, kargu hartu, kasu egin, kontu egin, begiratu. Era asko gauza bera edo
antzekoa azaltzeko. Alkarri lagundu. 2.000 urte inguru dira San Paulok hau
idatzi eutsiela Galaziako fededunei. Pandemia hau dela eta, zenbat aldiz ez ete
dogu hau berau entzun. Nork zaindu? Nor jagon? Zelan arduratu?
Urteak eroan doguz, nire gorputza nirea dala
eta nire gorputzagaz nik gura dodana egin behar dodala. Eta bat batean, kontuz!
Nik egiten dodana nire gorputzagaz eragina daukala bestearengan! Eta ez abadeak
hori esaten, zientzialari zentzundunak baino. Ez ete da ardura hau askoz
kristauagoa?
Lehengo eta behin
gure burua zaindu. Gu geu. Gu ez bagagoz ondo zelan lagundu besteari? Zelan
jagon elkar? Bizimodu prisatsu honetan, beti arineketan hona eta hara, prisaka
eta arineketan lotu barik, tartea atara gelditu eta hausnartzeko, otoitz
egiteko, gaixo bati edo lagun bati deitzeko. Hainbat zeregin daukagun gizarte
honetan, ausartak eta balienteak izan inportanteena aukeratzeko, gure barrua
lantzeko. Hainbeste dispertsino eta arreta gune dituan gizarte honetan, erdigunea
bilatu eta jagoteko aukerea hartu. Gaixorik banago, ezinduta, ibili ezinik,
medikuak edo etxekoak esandakoa betetzen ahalegindu.
Bigarren, maite dogun
hori jagon, zaindu. Etxeko edo familikoa, hurrekoa eta urrunekoa. Gozotasunez
zuzendu, zuzendu beharra badago. Lagundu batak besteari alkarren kargak
eroaten, ze, holan beteko dozue Kristoren legea (Ga 6,2). Ez ibili
besteagaz konparatzen. Ez aspertu ona egiten. Adorea galtzen ez badogu, jasoko
dogu uzta bere sasoian. Erea daukagunean, egin deiegun ona guztiei, batez be
fedean senide doguzanei.
Eta holan,
hirugarrenez, alkar maite, alkar jagon, alkar zaindu. Danok goaz barku edo
txalupa berean. Nik egiten dodan ona, danon onerako da. Egiten dodan kaltea,
danon kalterako izango da. Nik egin barik itxi dodana, beste baten lepoaren
gainera joango da.
Eta hemen, Jesusen
mahaitik jaten dogunok, suerte handi bat dogu. Gure burua zaindu, maite doguna
zaindu, alkar zaindu. Baina jakin dakigu Jesusen Jainkoak gu zaintzen gaituala.
Egin gaitualako.
Maite gaitualako. Gure zoriona gura dauelako. Zorioneko hau jakin bakarrik ez,
bihotz bihotzez hau ezagutu, sentidu, gozatu dauenak. Ez gagoz bakarrik bidean.
Senide eta adiskide asko ditugu. Batez be Jesus, lagun eta bideko.
Harek zaintzen,
jagoten gaitu.
Kopla honegaz
amaituko dogu. Esan edo kantatu eizu ugari, sarri, askotan, eten barik. Egizu
kanta baino gehiago, egizu otoitz, errezu, eskari eta esker otoitz…
Zaindu egizu zeure burua
ta zaindu maite dozuna,
zaindu gaitezen alkar guztiok
bat dogu etorkizuna.
Harroak gara, pentsatu dogu:
“Gure esku dana dago”.
Birusak dino: ez gagozela
Jainkoa baino gorago.
Zaindu egizu zeure burua
ta zaindu maite dozuna,
zaindu gaitezen alkar guztiok
bat dogu etorkizuna.
https://youtu.be/aWk_ahZ2yJs )
No hay comentarios:
Publicar un comentario