Páginas

sábado, 19 de febrero de 2022

«Zaplada itzelak jaso ditut bakea lortzen laguntzeko egindakoagatik»


 ETAk jarduna utzi zuenetik pausoak oso geldo eman direla uste du Juan Mari Uriartek, eta, gainera, gizarteak gehiago eman dituela politikariek baino. Adiskidetzearen aldeko aldarria egin du. Ibai Maruriren alkarrizketabat gaurko Berrian.

1957an abade egin zenetik, Juan Mari Uriarte Goirizelaiak (Fruiz, 1933) hainbat zeregin bete ditu Eliza katolikoan: besteak beste, Bilboko seminarioko arduradun izan da, Bilboko gotzain laguntzaile, eta Zamorako (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Donostiako gotzain. Urteotan hainbat gaik arduratu dute: batez ere, fedeak, euskal kulturak eta Euskal Herriko bakeak. Hiru arlo horietan egindako lanagatik, Bilboko Elizbarrutiak Carmelo Etxenagusia aitormen saria eman zion urtarrilean. Angel Mari Unzueta Bizkaiko bikario nagusi zena, Josune Ariztondo politikari eta irakaslea, eta Ander Manterola abade eta etnografoa ere omendu zituzten.

Zer garrantzi dauka zuretzat Carmelo Etxenagusia Bilboko gotzain laguntzaile zenaren izena duen aitormena jasotzeak?

Urteetan nire kolaboratzaile leiala izan zen Etxenagusia. Haren omenez asmatutako aitortza da, eta niretzat pozgarria izan da. Jasan ditudan pairamenen ordain bezala hartu dut; bakegintzan jasandakoengatik, batez ere.

Zer pairamen izan dira?

Bakea lortzen laguntzeko egindako lanagatik zaplada itzelak jaso ditut prentsaren eta beste jende askoren aldetik. Askok arerio legez ikusi ninduten. Erromara gutunak bidali zituzten.

Aitortza jaso zenuenean, besteak beste, adiskidetzearen inguruan egin zenuen berba. Esan zenuen hemen alboratuta dagoela. Zer da adiskidetzea?

Adiskidetza ez da armak alboratzea bakarrik. Ez da lehen arerioak izan zirenak orain lagun min bihurtzea. Egiaren eta zuzentasunaren baldintzak betez guztion onerako diren helburuak elkarrekin bilatu, gorrotoa menderatu eta barkamena gauzatzea da adiskidetzearen muina.

Baina zelan lor daiteke adiskidetzea, oraindik batzuk sufritzen ari badira?

Nire ustez, sufritzea ez da adiskidetzarako eragozpenik handiena. Adiskidetzea sufrimendua arintzeko lagun ona da, dagokion garaian egiten denean. Sufrimendua baino gehiago, beste jazoera eta jarrera batzuk dira adiskidetzaren arerio handiagoak, nire ustez.

Zeintzuk?

Lehen sortu den gorrotoak irauten badu, edo politikan kolaborazioa barik elkarren aurkako lehia bat bultzatzen bada, edo komunikabideetatik bakearen eta adiskidetzearen aurkako iritziak zabaltzen badira… Hori dena da sufrimendua baino arriskutsuagoa.

Traba horiek ikusten dituzu?

Bai, noski. Bizi-bizi daude oraindik; batzuen aldetik besteenetik baino gehiago.

Zelan ikusten duzu ETAk jarduna utzi zuenetik gizartean eta politikan egin den ibilbidea? Zer falta da egiteko?

Aurrerapenak egin ditugu, nahiz eta geldoegiak izan, nire ustez. Gure gizarteak pauso handiagoak eman ditu politikariek eta enparauek baino. Hainbat komunikabidek, sua itzali beharrean, piztu egin dute. Alde guztietako biktima guztiak ez dira aintzat hartuak izan. Barkamen eskabideak eta eskaintzak urriak dira.

Zer biktima falta dira, zure ustez, aintzat hartzeko?

ETAk sortutako hainbat biktima falta dira, baina baita beste biktima asko ere. Hala ere, ez dut biktimen artean konparaziorik egin nahi.

1998an eta 1999an, bitartekari ibili zinen Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean. Zeuk esan zenuen orduan alde batekoen artean malgutasun falta ikusi zenuela, eta beste aldekoen artean maximalismoak eta pazientzia eza. 20 urte luze pasatuta, zelan gogoratzen duzu hura?

Orduan esan nuena egia borobila izan zela iruditzen zait oraindik ere. Zorionez, ordutik malgutu egin da egoera. Ez asko, tamalez. Gordin zegoen garai hartan konponbide batera heltzeko bidea. Nire iritziz, ETAren arduradunak ez ziren oraindik guztiak bakearen aldeko. Espainiako Gobernuaren barruan ere bazeuden elkarrizketaren aurka sutsu jokatzen zutenak. Goizegi zen zuhaitzetik sagar helduak jasotzeko.

Baina pauso bat izango zen gerokoa etortzeko, ezta?

Lehenagotik ere berba eginda zeuden. Jakina, negoziazio bat apurtzen denean, norberak uste du porrot egin dela. Baina gero ikusten da negoziazio bakoitzak beti bere oihartzuna uzten duela, eta negoziazio guztien artean bakerako bidea ireki zutela.

Zu zelan sentitu zinen?

Esperientzia gutxigaz. Ni, bitartekari baino gehiago, negoziazioa errazten zuena izan nintzen. Nik ez nuen proiektu borobil bat aurkeztu, batzuei eta besteei irentsarazteko. Deskonfiantza mundu hartan, konfiantza apur bat jartzen zuen pertsona izan nintzen; elkarrizketa mozten zenean galdera bat egiten zuena, elkarrizketa berriz pizteko. Batzuei beldurra kentzen ziena; guztiei beldurra kendu, hobeto esanda.

Ez zenekienean zer egin, norengana jotzen zenuen?

Gotzain bat neukan, eta baita neure konfiantzazko beste pertsona bat ere; nik baino esperientzia helduagoa zuten biek. Haiengana jotzen nuen. Baina sarritan ezin duzu, ez duzu aukerarik. Zauden lekuan zaude, eta arazoak sortzen dira konturatu barik; zirt edo zart egin behar duzu. Ez duzu denborarik norbaiti kontsultatzeko.

ETAren biktima batzuek beste aldera begiratu izana egotzi izan dizuete euskal Elizari. Onartzen duzu kritika hori?

Horri lotuta esan eta egin ditudanak agerian daude, hemeroteketan. Iritzi hori mantentzen dutenak, edo ez dute oroimenik, edo aurreiritziek bahiturik daude.

ETAren eta Espainiaren arteko negoziatzaile ibili zinenean, Zamorako gotzaina zinen. Aurretik Bilboko gotzain laguntzaile izan zinen hamabost urtez. Zelan gogoratzen duzu Bilboko garaia?

Garai aberatsa izan zen, nahiz eta nahastetsua ere bai. Ugariak eta baliotsuak ziren elizbarrutia bizkortzeko, zabaltzeko, eratzeko eta bide berrietatik bultzatzeko egindakoak: kristauek, apaizek eta orduko gotzain nagusiek [Antonio Añoveros eta Luis Maria Larrea] sakatuta, Bizkaiko Elizak aurrerapauso batzuk eman zituen. Oraindik hainbaten oroimenean dago egin genuen urte biko batzar nagusia. Bizkaiko Eliza bideratu genuen; hartu beharreko norabidea argiago ikusi genuen. 10.000 pertsona pentsatzen, elkarrizketan eta elkarregaz otoitzean ibili ginen batzar nagusi hartan.

Ekarri zuen fruiturik?

Gaur Bizkaiko Elizan dauden joera batzuk orduan sortutakoak dira: esaterako, konpartitzea, erabakiak behetik gora hartzea, aholku asko jasota ebatziak hartzea. Beste elizbarruti askorekin konparatuta, Bizkaikoan dagoen parte hartzea adierazgarria da.

Zamoratik Donostiara. Bilbora etortzea espero zenuen?

Zamoran zortzi urte zoriontsu igaro nituen. Bilbon GMZ handi baten gidarilagun ibili ostean, aringarri egin zitzaidan Zamorako Citroen txikia erabiltzea. Adiskide asko utzi nituen han. Hemen haize berria behar zen. Horregatik, inoiz burutik ere ez zitzaidan pasatu Bilbora etorriko nintzenik. Proposatu izan balidate, ezetz esango nukeela uste dut.

Badaukazue ezetz esateko aukerarik, ala?

Bai, aita santuak ez zaitu behartzen. Baina zerbait eskatzen badizu, ezetz esateko arrazoi pisutsuak izan behar dituzu. Nik uste nuen nengoen lekuan, Zamoran, lan bat egingo nuela, banekien han ez nuela denbora asko egingo, eta ondoren beste bide batzuetatik joatea Elizarentzat eta niretzat ona izango zela.

Hil ondorengo aitortza jaso du Angel Mari Unzueta bikario nagusi ohiak ere. Askok uste zuten Bilboko gotzain izango zela. Zuk ere bai?

Ahaleginak egin nituen Unzueta Donostiako gotzain izateko; [Jose Ignacio] Munillaren ondorengo izateko. Baina nik egindako ahaleginek ez zuten biderik aurkitu. Nik uste nuen aproposa zela bere izaeragatik, bere nolakotasunagatik, bere indarragatik; gizon argitzaile, bultzatzaile eta bateratzailea izango zen.

Donostian: zure aurrekoa, Jose Maria Setien; zure ostekoa, Jose Ignacio Munilla. Askoren ustez, gotzain abertzalea eta irekia zen aurrena, eta espainiar nazionalista eta kontserbadorea da bestea. Zelan ikusten dituzu zuk?

Ez zait gustatzen aurrekoen eta oinordekoen artean konparaziorik egitea; behintzat, bizi diren artean. Setien hilda dagoenez gero, hartaz zerbait esango dut: haren zuzentasuna, haren goi mailako adimena, haren koherentzia azpimarratzekoak dira. Gure herriak eta Gipuzkoako Elizak ikaragarri zor diote, eta hori ez da behar den besteko indarrez esan. Bizi izan zen artean, nahiko zaplada hartu zituen. Kardinal izateko ere gaitasunak zituen, baina, berak hartu zituen ebatzi eta aukerengatik, Donostian geratu zen. Esan zidan ez zuela beste aukerarik ikusten eta nik joan beharko nuela bere oinordeko. Asko pentsatu behar izan nuen, banekielako Donostian biribilaren karratutasuna lortzea eskatzen dizutela. Luzaroan egon nintzen zalantzan; urte pare bat. Neure komenentziak albo batera utzi, eta baietz esan nuen. Izendapena oso arin egin zen.

Munilla Alacantera (Herrialde Katalanak) joan berri da. Haren oinordeko nor izan daitekeen?

Espiritu Santuak jakingo du, baina uste dut aita santuak ere ez dakiela oraindik. Nire ustez, gotzain on bat izango dute Donostian, eta, oro har, onartua izango da.

Zelan ikusten duzu Eliza? Haren etorkizunak kezkatzen zaitu?

Mina eta ardura sortzen dit, batez ere ikusten dudalako gizarteak premia handiz ebanjelioaren balioak behar dituela bere gizatasuna ez galtzeko edo ez ahultzeko. Kristau garenok bizi-bizi behar dugu Jesus. Hala ere, gauza bat daukat ziur: ez goazela pikutara. Eta horrela uste dute hainbat adituk ere. Gutxiago izango gara, entzute ahulagoa izango dugu gizartean, baina benetakoagoak izango garela itxaro dut. Kristautasunaren muina zein den geure ekintza eta bizierekin agertu ahal izango diogu munduari, nahiz eta txikiagoak izango garen.

Zure ume sasoian, erlijioak bizitza osoa baldintzatzen zuen, eta gaur egungo ume askok Jesus Nazaretekoaren izena entzun ere ez dute egin. Zer pentsatzen duzu aldaketa hori ikustean?

Umezarotik Jesus etxeko bezala ezagutzea eta maitatzea beharrezkoa da, nagusi egitean sinestun izateko. Hala ere, gure gizartean gero eta zailagoa da fededuna izatea. Fedea goiz esnatzen da ondo landuz gero, baina gizarte honetan erraz zimeltzen da.

Bilboko seminarioko buru izan zinen, eta abade eta abadegaiekiko ardura izan duzu betidanik. Umeen kontrako abusuen berri entzuten duzunean, zer sentitzen duzu? Zure ustez, zerk egiten du huts elizgizon horiek abusatzaile bihurtzeko?

[Artezago eseri da, eta eskuen mugimenduarekin indartu ditu hitzak] Barru-barruko tristura, lotsa eta sumina. Eraikitzaile izan beharrekoak suntsitzaile dira! Zein diren horren erroak? Heldutasun gabezia, fede bizi gabezia eta nagusikeria itsua. Belar gaizto hau errotik atera behar dugu. Elizak bere arazoa konpontzeko beharrizan eta obligazio handia dauka, Jaungoikoaren, biktimen eta gizartearen aurrean. Baina kontuz: nahiz eta Elizak bere barrua garbitu, arazo edo kalamitate honek hor jarraituko du. Familia giroan eta aisialdian gertatzen dira abusu gehienak, adituen arabera. Kasu horiek ere errotik atera ezean, arazoaren parte bat baino ez dugu konponduko, eta hori gertatzeko arriskua ikusten dut, beste arloetan ez dagoelako mugimendurik norabide horretan. Adorea behar da, baina ez gara ausartzen. Familian sartzea delikatua da, baina sartu beharko da.

Aitortza jaso duzuen laurok Labayru fundazioko kide zarete edo izan zarete. Zuk zeresan handia izan zenuen ikastegi horren sorreran. Euskararen egoera asko aldatu da ordutik. Zelan ikusten duzu?

Ezagutza miragarriro zabaldu da, batez ere eskolen bitartez. Euskara ikasi bai, baina erabili, euskaraz bizi? Arlo horretan, aurrerapenak makalagoak dira. Ez da nahiko euskara maitagarri izatea; onuragarri ere izan dadila lortzea falta zaigu. Zaila izango da, inguruak ez du-eta laguntzen. Batez ere, beste hizkuntzen indarra falta du euskarak oraindik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario