Páginas

jueves, 6 de enero de 2022

Izarrari jarraitu Seguir la estrella: Jose Antonio Pagola

 



Neurri handiegian gaude magoen kontaerari eginak. Bestalde, gaur doi-doi dugu astirik izarrak patxadan kontenplatzen gelditzeko. Segur aski ez da denbora-kontu hutsa. Aldi batean bizi gara zeinetan errazago baita gauaren iluna ikustea edozein ilunetan distira egiten duten puntu dirdaitsuak ikustea baino.

Halaz guztiz, ez du galdu zirraragarritasunik kristau-idazle harengan pentsatzeak: magoen kontaera lantzean, gau ilunean irudikatu zituen, izar baten argi txikiari jarraika. Piztuera ondoren lehen fededunek bizi zuten konbentzimendu sakona arnasten du kontaerak. Jesusengan bete dira Isaias profetaren hitzak: «Ilunpean zegoen herriak argi handia ikusi du. Itzalpean bizi zirenei argiak egin die distira» (Isaias 9,1).

Xalotasuna izango litzake urte izatea gu ordu bereziki iluna, tragikoa eta larria ari garela bizitzen. Ez al da, hain justu, iluntasun hau, frustrazio eta ezintasun hau, une hauetan sumatzen dugun hau, mendetan barna gizakiak bere ibilian ia beti lagun izan dituen ezaugarrietako bat?

Aski da historiaren orrialdeak irekitzea. Dudarik gabe aurkituko ditugu argi-uneak zeinetan askatasun handiak iragartzen baitira, zeinetan mundu berriak barruntatzen baitira, zeinetan horizonte gizatiarragoak irekitzen baitira. Eta gero, zer dator? Esklabotza berriak eragiten dituzten iraultzak, problema berriak eragiten dituzten lorpenak, azkenean «erdizkako aterabide» bilakatzen diren idealak, azkenean «erdizkako hitzarmen» bilakatuko diren borroka jatorrak. Berriro iluna.

Ez da harritzekoa esaten zaiguna: «gizaki izatea frustrazio-esperientzia da askotan». Baina ez da hori egia osoa. Porrot eta frustrazioak eta guzti, gizakia berregitera iristen da, esperantza izatera itzultzen da, berriro bideari ekitera itzultzen da helburu baterantz. Beti izaten da izar bat berriro pizten dena.

Fededunentzat, izar hori Jesusengana gidatzen gaituena izaten da beti. Kristauak ez du sinesten edozein mesianismotan. Horregatik, ez da erortzen edozein desengainutan. Mundua ez da «etsipenezko kasua». Ez dago erabat ilun. Mundua bere salbaziorantz orientatua dago. Jainkoa izango da egun batean erbestearen eta ilunaren azkena. Argi bete-betea. Betleemera gidatzen gaituen izar baten argi apalean bakarrik ikusten dugu gaur.

José Antonio Pagola
Itzultzailea: Dionisio Amundarain

No hay comentarios:

Publicar un comentario