Páginas

sábado, 4 de septiembre de 2021

Naturatik naturara. Heriotzari buruzko gogoetatxoa

 


Lehengo egunean, ETBn pentsalari bat, serio serio, heriotzari buruz berba egiten egoan. Sinismen ezbardinak bat egiten dogula gauza baten esaten eban: naturatik gatozela, naturara goazela. Eta lasai asko geratu zan. Badakit ETBn berba egiteko ez dala derrigorrezkoa katekesia eginda eukitea. Baina kultura apur bat bai, uste dot nik. Natura eta kultura.

Naturak alkartzen gaitu, kulturak lantzen gaitu, eta misterioko atea zabaltzen. Hildakoak lurperatuz leku jakinetan, eurak gogoratuz eta aintzat hartuz, giza kulturaren haziak landatu ziren gurean. Paganismoan, naturatik naturara, ibilbide zirkular eta amaibako baten murgiltzen bazan gizakia,  erlijio historikoetan misterioa naturan txertatuz, kulturari zabaldu jakon bidea. Hauxe da gure konfiantza, gure esperantza.

Ez dakit pentsalari ha ezjakintasunaz edo guzurraz hasi zan. Gogoeta luzeagoa eta sakonagoa behar dau heriotzaren misterioak. Hezkuntza garatua eta zibilizazioen konparaketa. Susmagarria egiten jatana hauxe da, oraintsu arte ateismoaren apostolu bizkorrenak, neopaganismoaren katekista bihurtu direla gaur egun, fededun konbertitu barrien ausardia bardinaz.

Natura. Zoragarria eta ederra da natura. Miresgarria bezain bildurgarria. Lurrikara edo uholde ikaragarrietan, txantxa gutxi naturagaz. Animaliak krudelak dira euren artean. Handiak txikia jango dau. Ez dot eredu hori kopiatu nahi, ez neuke natura horretara jo gura. Erruki apur bat gurago neuke gure gizartean. Misterioaren sila eta olatu dan errukia. Txikia aintzat hartu eta gaixoaren ondoan dagoen lagun eskua. Eta gaixozaina jagoten dauan etxekoa.

Lur gara. Baina espirituaz jantzia. Argiz jantzia. Negarretatik harago ikusteko gauza dana. Sufrimenduan alkartasuna azaltzeko gauza dena. Edo poeta legez, lur bilakatuz, Aleluia kantatzeko gauza dana. Zalantzaz eta konfiantzaz. Naturaz eta kulturaz.

Eskerrik asko eta egun handira arte! Agurtzen doguz gure hildako maitatuak. Jakin badakigu oraindino ez dogula irabazi etorkizuna, zerua, iraultza (bakoitzaren fedearen arabera), baina denpora aurrera doa eta gure hildakoak ez dira lur bazterrean geratuko etorkizunaz, zeruaz, iraultzaz gozatu barik. Amets horreen ordez, paganismoaren gurpil etenbakoa gurago dabenak errespetatzen doguz. Baina ez dakie zer galtzen daben!

Ez P. Jauna. Ez nator zugaz bat. Iker Galarzak esaten dau paiaso lana oso lan serioa dala, barre egiten laguntzen deuskula. Eta arrazoia dauka. Txapela bere lana ondo egiten dauenari.

Baina ez P. Jauna. Ez nator zugaz bat. Inori sinistekotan, gurago dot Jesusi sinistu, nahiz eta Jesusen sasoian gertatu zan legez, herriko jauntxoak marmarka eta barreka hartu bere berbak. Bi mila urte igarota, bizi bizirik dagoz bere berbak eta agintzariak. Errenka edo zalantzaz beteta bada ere, gurago dot Nazareteko profetari jarraitu, errukiz beteriko bere bihotzak biziago sentitzen dodalako zure berba arinak baino. Zapatero a tus zapatos.

Jose Mari Kortazar

No hay comentarios:

Publicar un comentario