Gaur, Uztailaren 30an, barikua, arrastiko 7etan izango da bere aldeko hileta ospakizuna Zeanuriko Andra Mari Eleizean. Olata mezea, domekan, parrokia berean, goizeko 11:30etan. Otoitz bere alde!
Juan Mari Lekuona abade eta poetari behin itaundu etsoen, bere ustez, zein zan euskal poesiaren egoerea Euskal Herrian. Berak erantzun ei eban, poeta onak eta txarrak egozala, eta onak, oso onak eta... Bitoriano Gandiaga! Honegaz zer esan gura eban? Gandiaga egoala beste poeta on guztien gainetik.
Zeanurin be itaun hau egingo bagendu, zelakoa da Zeanuriko jendea? Antzeko zeozer esan geinke. Txarrak eta onak. Eta onen artean, onak, oso onak eta... Juantxo.
Bat batean joan jaku. Susto galanta emon deusku. Bera zan legez joan jaku. Isilik eta diskrezino guztiaz. Hamaika zeanuritarrari mesedeak egindako gizon apala, solidarioa. Mendi zalea, aktiboa, beti martxan eta beti prest! Parrokian zein herrian. Los Rios euskal misioetako aldizkaria be zabaltzen eban etxez etxe.
Bere heriotzaren barri jakiterakoan, pertsona batek hauxe esan deust: otoitzean egitea bakarrik egin geinke. Egia da, otoitz bere alde eta, batez ere, eskerrak emoteko berak egindako mesede guztiengaitik. Baina ez hori bakarrik. Bere ereduari be jarraitu geunskio, beti prest alkarri laguntzeko, fedean zintzo, eskua eta bihotza zabal.
Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!
* * *
Oi, udaberri-goizez
mendiaren gaillurra!...
Oi, aren ametsezko
zorakortasuna!.
Zein ezkutuzko indarrez,
zein atseden-egarriz,
zein gorago-yoranez
narakark igana?...
Nik amestan bezela
ote-aiz, mendi-gaiña?
Goi-yauregiko mailla?
Gotzonen urbilgo?...
Egiz, Yaungoikoaren
esku ta aunditasuna
ote-dituk or goitik
sumatzen bertago?...
Ire goi urdiñaren
urre lanotsupean
beeko txikerkerion
azkaia balegok,
arren, adiskide urruna,
otoi, mendi maitea,
negar-aran beltz oni
kendu nazakiok!
* * *
Maite ditut gaillurrak
argiak ez beste...
Ai, egaztia banintz
gaiñik-gain nenbilke!
Xabier Lizardi
No hay comentarios:
Publicar un comentario