Páginas

sábado, 21 de noviembre de 2020

Patxi Goioaga gogoan eta otoitzean


 Patxi, gure Patxiku joan jaku.

    Zure heriotzak, garai hauetan murgilduta gagozan tristura, areagotu egin dau. Gainera, hartu beharreko neurriak direla ta, merezi dozun jende guztiaren agurra emateko aukera murriztu egin dau.

    Horregaitik hitz hauek modu batera edo bestera, guztiok (familia, lagun eta ezagunak), eman nahiko eutsuen homenaldi bezala balio izan daitela espero dot. Hortarako azken aldian ibili garean asmakizun jokoetaz eta horrenbeste maite izan dozun euskal kantuen hitzak eta tituluaz baliatuz, ahal den neurrian eta nere ahots urratuarekin ekingo diot. Eta noski¡¡¡….. asmatu beharko dozuz hitzak eta kantak norenak diren.

  “Gazte gaztetatikan”, gaixotasuna ondo ondoan eraman dozu, eta horrek beti baldintzatu zaitu.

    Baina oztopoak oztopo, alde batera utziz, jakin izan dozu zeure bizimodua Aurrera eramaten. Horrek be, seguruenik zure izaera ere moldatuz joango jatzun.

    Beti zure burua gutxiagotzat auki dozu, eta besteek goraipatzen izan zaituenetan, oharkabe pasa nahian, zure deserosotasuna adierazten zenuen. Oharkabe izan gure izitea, zure humiltasun edo apaltasun ezaugarri adibide zoragarria izan zara.

     Eta osotasuna bilatzeko, hurbiltasun keinuak, eta ondoan egotea ederto jakin dozu. Eta horren seinale be,….gaur hemen gauzenok. Begiratzea baino ez dau zure ondarea noraino heldu den. Zihur nago, hurbiltasun horren ondorioz, orain zure faltan, umezurtz sentitzearen arrazoia. Baie, “Ixil Ixilik dago”, enaren moduan, gu bakoitzaren ondoan egoten jarraituko dozule.

     “Maitasun hitzak humil ta samurrak” euki dozuz zugaz hartuemon auki daben guztientzat, egunero ahal izan dozun neurrian guztioi inungo zaratarik gabe zure maitasuna adieraziz.

 

      Beti ere zure “harrobiaz harro, sortzetik gehiago, hainbat harroago, zenbat bakarrago, gu ere bai harro”. Harro zure izaeraz, harro zure bizitzaz, harro zu osorik izan zarenataz. Eta zer esanik be ez dagola, familia harrobian, etxeko txikiek zure falta somatuko ez dauenik, eta hor egongo gara gu, zure memoria gorde dezaten.

      Gaixotasuneko “azken dantza hau”, aste bi iraundu dau, eta “esperantzara kondenatua” hasi ginen bihotz ebakuntza ostean suertatu ziren oztopoak zirela medio. Burruka nagusi izan dozu, zure bizitza osoan bezala, aurrera urten ahal izateko, “baina azkenian” heriotzaren begiak ikusten hasi zinen. “Guztiontzat du heriotzak soa zorrotz bakar, mutu leisera jeisteko” , baina inungo leisera joan beharrean, zeruan maite izan zenduzanen besoak zabal zabalik egoazan jadanik.

      Eta “beitu, Zeu zara”abestia entzuten negoanean, Jainko Aitaren argirarako bidaia hasia zinela. “Beitu zeu zara aukeratuena…”, abesti bereko hitzak entzun nebazan unean, bihotza urratu egin jatan eta besteena guztiena urratu behar…..

      Zein erraza dan egoera errezenetan sinismena mantentzea, eta zein zaila bizitzak kolpe handia ematen dautsunean fede horren adibide izatea. Baina egie esan fedea hortan datza,….momentu latzetan sendotzeko eta indartzeko, aukera moduen hartzea. Zure bizitza errez euki barik be, zure fedea sendotuz ere joan zinan. Hortan be adibide moduan eukiko zaitugu.

      Horregaitik, beti fedeak lagun, “ta memorian, zure irria, ta memorian zure begiak, ta memorian zure keinua, ta memorian zure izatea, ta memorian bizi zaitugu, ta memorian aiduru, ta memorian zaitut katigu, ta memorian izango zaitugu.”

      Eta,….zein modu egokiagoa memorian eukiteko, horrenbeste maite zenuen bertsolaritzaz baliatuz, zure oroitzapenetarako, zure lobek Ohianek eta Nereak idatzitako bestso ederra, “gero arte” esatea,……

 

Seme, neba, anai ta arreba

Beti umore onean

Familiaren alkartasuna

Sendotuz maitasunean

 

Geratu jaku irribar hori

Betirako bihotzean

Etxeko danon argi-izpia

Hemetik aurrerantzean

 

      Jainkoak bedeinka zaitzala eta Egun Handirarte Patxiku!!!.

1 comentario: