Datorren igandean, urriak 4, bere jaioterriko Tourseko San Martin parrokian ospatuko da Anastasio Azkarai Bilbao “Anes” abadearen aldeko olata meza. Igorre, Arratian ospatu zen hileta eukaristia.Gainezka zegoen parrokia, jende ugarik eskerrak eman nahian hain apaiz maitatuari. Izurrite garai hauetan, arduradunek parrokia itxi zuten aforoa gainditu ostean. Hala ere, parrokiatik kanpoan barruan beste jende hurbildu zen azken agurra ematera 1959. urte geroztik Igorren abade jardun zuenari.
Anastasio Azkarai Foruan jaio zen 1929.eko maiatzaren 20an eta 1956.eko uztailaren 8an egin zen apaiz Bilboko San Bizente Martiria parrokian. Abade egin osteko lehenengo jardunlekua Kanala izan zen, bertan ekonomo lanetan ibili zelarik.
Ez luzaroan, 1959tik hasita Igorrera etorri bait zen apaiz laguntzaile moduan. Jendeak gogoan dauka etorri zenean, batez ere haren hurbiltasuna. Itziar Etxebarriak holan gogoratzen ditu urte haiek: “ Don Anastasio Igorrera etorri zenean nire gaztealdiko irudiak jatortaz burura, bere sotana eta guztiz. Laser hasi ginen “Anes” deitzen. Nik bere hurkotasuna azpimarratuko nuke. Pertsona ona, beti edozertarako mesede bat egiteko prest zegoena; oso herrikoia”.
Gainera, 1969an hasita, EBAY, S.A.n jardun zuen langile lez. Anesek berak gogoratzen zituen talde baten lanak Igorren institutua martxan jartzeko. Edota bere sukaldari zaletasuna medio, nola egin zuten paella erraldoi bat, 400 lagunentzako, premian bizi ziren batzuei laguntzeko.
Hamar urte inguru bizi izan zan Iñaki Jauregi apaiza Anastasiorekin eta bere esanetan, Igorren asko maite izan zuten: “gizon apala eta gertukoa zen, herriko kontuetan konprometitzen zena, batez be San Kristobal auzoan”. Jauregik nabarmendu duenez, pertsona atsegina zen bizilagun lez eta beti zegoan laguntzeko prest: “Herriko abadea izan zen, danengandik gertu zegoan eta horregaitik jenteak asko maite zuen”.
Arratiako parrokia eta ermita gehienetan eman zuen meza Anesek. Beti artez eta labur, sermoi edo hitzaldi luzeetan denpora galdu gabe, eliztarrak nekatu gabe. Baina txoko bat zuen maitatuena: San Kristobal. Igorreko hasierako parrokia izan zen ermita hartan urteetan egon zen igandero meza ematen, txokoan lagunekin, ermita txukun eta berregite lanetan beharrean, auzo osoarekin batera. “San Cristóbal ofrece un buen ejemplo de cómo una ermita de barriada puede mantenerse en un envidiable estado de conservación gracias a la preocupación y el esfuerzo de sus feligreses y devotos” idatzi zuen aspaldi Alfonso de Andrés jaunak bertako gida baten.
Anes eta San Kristobalen arteko hain lotura garbiaren erakusgarria da zelan bertako plaza bati bere izena jarri zitzaion 2014. urtean.
Une gogorrak era bizi izan zituen Anastasiok urteotan. “Nik lur jota eta ulertu ezinik ikusi nuen, emakume batzuk Igorreko parrokia pintadaz zikindu zutenean. Herriaren alde hainbat lan egin ondoren, ezin zitzaion holakorik sartu buruan Aneseri eta aste osoa eman zuen arduratuta eta triste” gogoratzen du berarekin bizi izan zen Jose Mari Kortazar apaizak.
“Barre egiteko uneak ere izan genituen” azaltzen digu apaiz honek. “Behin On Mario Iceta Bilboko gozaia etorri zen Igorrera apaiz jubilatu baten hiletara. Sakristian han aurkitu zuen gizontxo bat eta galdetu: -Usted es el organista, ¿no?. Ez zen organo jolea ez, Anes baino. Erratu egin zen gotzaia. Sarritan gogoratzen genuen anekdota hau”.
Azken urteotan, 2016. udazkenetik, Bilbon bizi izan da apaiz erretiratuentzako etxean. Hala ere, edozein aitzakia ona zitzaion Igorrera joan etorri bat egiteko, mezaren baten parte hartzeko, lagunekin egoteko.
“San Vicente Egoitzara iritsi zenean, bere adineko lagun batzuekin eta gazteagoekin egin zuen topo eta berehala haiekin bat egin zuen. Eta bere bizitza osoko xalotasun eta zerbitzu keinuekin jarraitzen zuen, horietako bat monagilo leialarena eginez kaperako ospakizun guztietan, bigarrena oso elementu positiboa eta sukaldari ona izanik egoitzako txokoan, eta denbora batez ia egunero Raul apaizari lagunduz, berak aurretik ezagutu ez zuena baina une honetan laguntza horren beharra zuena kalera atera ahal izateko, eta abar. Eta hori bai, denbora guztian harreman maitagarria izan du familiarekin lehenik eta Igorreko bere lagun askorekin gero” kontatzen digu Txelis Beltran, berarekin batera egoitzan bizi zen apaiz laguna.
Azken urteotan Bilbon egon da apaiz jubilatuen etxean. Baina aurretiaz hamaika lan egindakoa Igorren zein Arratian. Fededun zintzoa, abade herritarra. Azkenean gaixoak irabazi diola eman arren, berak hainbat urtetan zabaldu zuen Ebanjelioaren Aita Onak bere altzoan hartuko duela sinisten dugu eta betiko bakea eta osasuna eman!
Bitartean, Igorreko herriak, “Eskerrik asko, Anes!” esan zion irailaren 19an, hil eta bigarren egunean, bere Igorreko parrokian. Bertan hamarnaka apaiz lagun, Foruko familia eta urteotan egindako hamaika lagun. Parrokiko aforoa eta elizpe bete esker on!
Andoni Gerrikaetxebarriak gogoeta eder hau konpartidu dau gugaz:
Anastasio Azkarai (Anes): Abadea eta herri gizona.
Labur esanda horretara adierasoko neuke Anesen izaerea.
Forun jaioa, 1929an, eta abade 1956an ordenatua.
Bere abade bizitza Arratiako eleizeari lotuta egon da, batez be, Igorreko San Cristobal ermitatik hasita Dimaraino eskeini eban bere urterik oparoenetan. Urte pila bat (1959-90).
Igorreko EBAY, S.A.ko langile izan zan 1969tik jubilatu arte. Arrantza zalea eta perretxiko batzailea. Gero, berak prestau eta lagun artean jateko.
Urte guzti honeetan Arratiako eleiztarren eta herritarren artean bizi izan da eta eurek abade lez eta herriko seme lez hartu izan dabe.
Urteak zehar beragaz batera ermitetako eta parrokietako jaiak ospatzen genduzanean inpresino hori ataratzen gendun: danan artean, danakaz batera, danean esku hartuz. Popularra zan Anes, eta oso estimatua.
Berak maite- maite ebazan herritarrak eta parroki, ermita eta auzunetako jende guztiak bera be maite izan dabe.
Anes izan dan abadeak, herritarrekaz, pozaldietan era saminaldietan bat egiteko aparteko modua izan dau. Pertsonak eta familiak barrutik eta gertutik esagutuz, lagunduz eta euren ardurekaz eta behar izanakaz bat eginik. Jende artean egozan premiak usainduz eta erantzuten ahaleginduz.
Hori izan da Anesen bizitza. Horrelakoa zan bera, apala, zintzoa, zabala, maitekorra eta maitagarria. Agur Anes, egun haundira arte
No hay comentarios:
Publicar un comentario