Pobreen IV. Mundu Eguna 2020ko azaroaren 15ean ospatuko
da (Denpora Arrunteko XXXIII. domeka) eta goiburua izango dau Luzatu eskua
pobreari (cf. Sir 7,32). Jarraian argitaratzen dogu Aita Santuak egun
horretarako idatzi dauan mezua.
“Luzatu eskua pobreari (cf. Sir 7, 32). Antxinako jakituriak, esaldi honetan,
bizitzan jarraitu beharreko kode sakradu bat jaso dau. Berbok esanahi guztia
daukie gaur, begiradea jarri daigun funtsezkoa dan horretan eta gainditu
daiguzan indiferentziaren trabak. Pobreziak beti erekusten ditu aurpegi ezbardinak,
eta aurpegioi arreta berezia eskeini behar deutsegu egoera bakotxean. Egoera
horreetako bakotxean Jesus topatu geinke, Jauna, zeinak erakutsi euskun bere
anai-arreba ahulenetan dagoala presente (cf. Mt 25, 40).
1. Hartu daigun eskuetan Eklesiastes,
Ben Sirakena izena be badaukana, Testumentu Zaharreko liburuetako bat. Hartan
maisu jakintsu baten berbak topatuko doguz, berrehun urte Kristo aurretik bizi
zanarenak. Maisu horrek jakintza jakin bat bilatzen eban, andra-gizonak hobeak
egiten dituena eta bizitzako gorabeherak sakontasunez aztertzeko gaituak. Eta
bilaketa hori egin eban Israelgo herriak erronka gogorra bizi eban une batean,
herrialde arrotzen zapalkuntzak eragindako min, lutu eta miseriazko unean. Fede
handiko gizona zan, arbasoen tradizioetan errotutako fedea eukana, eta bere
lehen gogoeta izan zan Jainkoagana jotea jakituriaren doea eskatzeko. Eta
Jaunak lagundu egin eutson.
Liburuaren lehen orrietatik, Ben
Sirakek aholkuak emoten ditu bizitzako egoera konkretu askotarako, eta
egoera horreetako bat pobrezia da. Behin eta barriro dino Jainkoagan konfiatu
behar dala larriuneetan: “Sendotu bihotza eta eutsi gogor, ez larritu estualdian. Lotu zakioz
Jaunari, ez aldendu hagandik: oparotasunean amaituko dituzu egunak. Onartu eizu
etorri leikizun guztia, izan jasankor zeure apalaldiko ezbeharretan; sutan
probatzen dalako urrea eta apalkuntzaren arragoan Jaungoikoak begiko dituenak.
Izan uste on Jaungoikoagan, eta berak lagunduko deutsu, zuzendu zeure jokabidea
eta itxaron beragan. Jaunari begirunea deutsazuenok, sinistu haren errukian, ez
desbideratu eta ez zarie jausiko. (2, 2-7).
2. Orriz orri, iradokinun txorta
polit bat emoten deusku zelan jokatu Jaungoikoagaz hartuemon estu bat eukirik,
Jaungoikoa dalako sortzaile eta sortzearen maitale, justu eta bere seme-alaba
guztiakaz arduratsu. Halandabe, Jaungoikoa etengabe ikusmiran izateak ez dau
kentzen andra-gizon konkretuei be begiratzea;izan be, gauza biak estu lotuta
dagoz.
Hori argi erakusten dau mezu
honen izenbururako hartu dogun pasarteak (cf. 7, 29-36). Jaungoikoari otoitz
egitea eta pobreakaz eta sufritzen dabenakaz alkartasuna izatea banaezinak
dira. Jaungoikoari gogoko jakon kultu bat egiteko, beharrezkoa da
errekonozitzea eze persona guztiak, baita behartsuenak eta gutxietsienak be,
beragan ezarrita daroala Jaungoikoaren irudia. Atentzino horretatik sortzen da
Jaungoikoaren bedeinkazinoaren doea, zeina jasotzan dan pobreei erakusten jaken
eskuzabaltasunaren neurrian. Orduan, otoitzean emoten dan denporea ezin da
bihurtu lagun hurko behartsuari bizkarra emoten atxakia, ezpadaze guztiz
kontrakoa: Jaungoikoaren bedeinkazinoa gugana jeisten da eta otoitzak bere
helburua lortzen dau pobreei zerbitzatzeagaz batera doanean.
3. Zer gaurkotasun daukan
antxinako irakatsi horrek, baita guretzat be! Izan be, Jaungoikoaren berbea
harago doa espazioa, denporea, erlijioak eta kulturak baino. Eskuzabaltasun
hori, ahulari laguntzen deutsana, atsekabetua kontsolatzen dauana, sufrimintuak
arintzen dituana, duintasuna kendu jakenei itzultzen deutsena, ezinbestekoa da
andra-gizonei zor jaken bizitzarako. Pobreen hautua egiteko eta pobreen
beharrizan ugari eta askotarikoei erantzuten saiatzeko baldintza, ezin da izan
denporea eukitea guretzako edo gure interesetarako, eta inon errotu bako
proiektu pastoral edo sozialak bultzatzea. Jaungoikoaren graziaren indarra ezin
da ahuldu, norbera beti lehenengo tokian jartzeko joera narzisisteagaz.
Gatxa da adikunea pobreagan
mantentzea, baina oso beharrezkoa da norabide zuzena emoteko gure bizitza
personal eta sozialari. Kontua ez da berba asko egitea, ezpadaze bizitzea gauza
zehatzetan konprometitzea, Jaungoikoaren karidadeak mobiduta. Urtero, Pobreen
Mundu Eguna dala ta, arreta jartzen dot Eleizearen bizitzarako funtsezkoa dan
errealidade honetan, pobreak beti dagozalako eta egongo diralako gugaz (cf. Jn 12, 8), guri laguntzeko Kristori harrera egiten gure
eguneroko bizitzan.
4. Pobrezia egoeran dagoenagaz
topatzeak beti eragiten deusku eta galdera sorrarazten. Zelan lagundu geinke
bere bazterketea eta sufrimintua ezabatzen edo besterik ezean arintzen? Zelan
lagundu geinkio bere pobrezia espiritualean? Kristau komunidadea deituta dago
partekatze-esperientzia honetan esku hartzera, jakinik ez jakola zilegi
eginkizun hori besteei lagatzea. Eta pobreei laguntzeko, funtsezkoa da pobrezia
ebanjelikoa lehen pertsonan bizitzea. Ezin gara “ondo” sentidu giza familiako
kide bat bazterrean itxia eta itzal bat bihurtua dagoanean. Hainbeste pobreren
deiadar isilak lehenengo lerroan aurkitu behar dau Jaungoiko herria, beti eta
leku guztietan, pobreei ahotsa emoteko, pobreak defenditzeko eta pobreekin bat
egiteko hainbeste itxurakeriaren eta hainbeste promes betebakoren aurrean, eta
gonbidatu behar ditu pobreak komunitatearen bizitzan parte hartzen.
Egia da, Eleizeak ez daukaz
konponbide orokorrak proposatzeko, baina Kristoren graziagaz bere testigantzea
eta bere partekatze-keinuak eskeintzen ditu. Baita be sentitzen dau behartuta
dagoala aurkeztera bizitzarako nahiko gauza ez daukienen esijentziak. Danei
gogoratzea danen onaren balio handia, hori bizi-konpromiso bat da kristau
herriarentzat, eta konpromiso hori gauzatzen da ahalegina jarririk ez ahazteko
giza-izaera beharrizan oinarrizkoetan bortxatuta daukenetako inor.
5. Eskua luzatzeak, lehenengo,
hori egiten dauanari ikusarazten deutso eze gure barruan badagoala bizitzari zentzua
emoten deutsen keinuak egiteko gaitasuna. Zenbat esku luzatu ikusten dira
egunero! Tamalez, gero eta gehiago gertatzen da indiferentzia-zurrunbilo baten
sartzen gaituela preseak, halandaze ez dakigu ja errekonozitzen zenbat on
egiten dan egunero isiltasunean eta eskuzabaltasun handiagaz. Holan, gertatzen
da eze, bakarrik gure bizitzako ibilia aldatzen daben egitateak gertatzen
diranean, orduan bihurtzen dira gai gure begiak ‘alboko ateko’ santuen ontasuna
somatzeko, “gure ondoan bizi diranen eta Jaungoikoaren presentziaren
adierazgarri diranen ontasuna” (Gaudete et exsultate Exhortazio apostolikoa, 7), baina euretaz inork be ez dau
berba egiten. Barri txarrak hain dira ugariak egunkarien orrietan, Interneteko
guneetan eta telebista-pantailetan, eze konbentzitzen gaitue gaizkia dala
munduan nagusi. Eta ez da holan. Egia da, bai, beti dagozala presente gaizkia
eta indarkeria, abusua eta ustelkeria, baina bizitzan nonahi daukaguz, baita
be, errespetu eta eskuzabaltasunezko egintzak, zeinak ez bakarrik gaizkia
konpentsatzen daben, ezpadaze harago joaten eta esperantzaz beterik egoteran be
bultzatzen gaituen.
6. Eskua luzatzea zeinu bat da:
zeinu horrek berehala dakarsku gogora hurtasuna, solidaridadea, maitasuna.
Azken hilabeteetan mundu guztia egon da kikilduta lez virus bategaitik, zeinak
mina eta heriotza, etsipena eta noraeza ekarri baiditu. Ba honeetan
hilabeteetan, zenbat esku luzatu ikusi ahal izan doguz! Medikuaren esku
luzatua, paziente bakotxari sendabide egokia topatzeko arduratuta. Erizainaren esku
luzatua, bere lan orduetatik askoz harago gaixoak zaintzen geldituta.
Administrazinoko langileen esku luzatua, bitartekoak eskeiniz ahalik eta
bizitza gehien salbatzeko. Botikariaren esku luzatua, jenteagaz arriskuko
kontaktuan eskaera asko eta askori erantzun beharrean. Abadearen esku luzatua,
bihots hautsiagaz bedeinkazinoa emoten. Boluntarioaren esku luzatua, kalean
bizi diranei eta aterpea euki arren jatekorik ez daukenei laguntza emoten.
Andra-gizon askoren esku luzatua, oinarrizko zerbitzuak eta segurtasuna emon
gurarik. Eta beste esku luzatu batzuk, on eginen letania oso bat osotzeraino
deskribatu geinkezanak. Esku horreek guztiek desafiatu egin dabe kutsapena eta
bildurra, babesa eta kontsolamintua emoteko.
7. Pandemia hau bapatean heldu
jakun eta ezustean harrapatu ginduzan, noraez eta inpotentzia sentsasinoa
itxiz. Halandabe, pobreaganako esku luzatua ez zan heldu bapatean. Esku horrek,
kontrara, lekukotasuna ixten deusku zelan prestatzen garan pobrea
errekonozitzeko, beharrizan egoeran lagundu ahal izan daiogun. Erruki-tresnak
ez dira inprobisatzen. Beharrezkoa da egunero entrenatzea, abiapuntu lez
kontziente izanik zer beharrezko dogun, guk geuk lenenengoak, gugana luzatutako
esku bat.
Bizi dogun egoera honek krisian
jarri ditu ziurtasun batzuk. Pobreago eta ahulago sentitzen gara, mugaren
zentzua eta askatasunaren murrizketa bizi izan doguzalako. Lana galtzeak, txera
maiteenak galtzeak eta ohiko hartuemon interpertsonalak galtzeak golpean
zabaldu deuskuz ikusten ohitu gabe gengozan zerumugak. Gure aberastasun
espiritual eta materialak zalantzan jarri izan dira eta ikusi dogu beldurra
geunkala. Gure etxeen isiltasunean sartuta, barriro aurkitu dogu
singletasunaren eta arreta funtsezkoenean jarrita eukitearen garrantzia.
Konturatu gara anaitasun barri bat behar dogula, gai izango dana alkarri
laguntzeko eta alkarri estimua erakusteko. Une honetan giro egokia daukagu “barriro
sentitzeko alkarren beharra daukagula, besteakazko eta munduagazko ardura daukagula
[…].Luzaroan bizi izan gara desgradazino moralean, burla eginez etikaz,
ontasunaz, fedeaz, zintzotasunaz…[…]. Bizitza sozialaren oinarrik guztien
suntsipen honek, azkenean, batzuk besteen kontra jartzen gaitu norbere
interesen defentsan, indarkeria eta krudeltasun modu barriak sorrarazten ditu
eta ingurugiroa zaintzearen benetako kultura garatzea eragozten deusku” (Laudato si Entziklika gutuna,
229). Finean, krisi ekonomiko, finantzario eta politiko larriak ez dira
amaituko, ixten dogun bitartean eze bakoitxak lagun hurkoagana eta pertsona
bakotxagana sentidu behar dauan ardurak lozorrotuta jarraitzea.
8. “Luzatu eskua pobreari”,
beraz, gonbit bat da erantzukizunerako, eta zuzeneko konpromiso bat destino
beraren parte sentitzen diran guztien aldetik. Dei bat da ahulenen kargak
eroateko, San Pablok gogoratzen deuskunez: “Maitasunak egin
zaiezela alkarren zerbitzari. Ze lege osoa betetzen baida agindu bakar hau
betez gero: Maitatu lagun hurkoa zeure burua lez […] Lagundu batak besteari alkarren kargak
eroaten". (Ga 5, 13-14; 6, 2). Apostoluak
irakasten dau eze Jesukristoren heriotza eta berbizkundeagaz emon jakun
askatasuna erantzukizun bat dala gutako bakotxarentzat besteen zerbitzuan
jartzeko, batez be ahulenen zerbitzuan. Ez da aukerazko aholku bat, ezpadaze
baldintzatzen dau autortzen dogun fedearen benetakotasuna.
Siraken Liburua behin eta barriro dator gure laguntzan: ekintza konkretuak iradokizun ditu
ahulenei laguntzeko eta baita be erabiltzen ditu imajina gogorarazle batzuk. Lehenengo une baten, kontuan hartzen dau triste dagozanen
ahultasuna: “Ez entzungor egin negarrez ari
diranei” (7, 34). Pandemia egoerak isolamendura derrigortu gaitu, baita be
galarazoz maite kutunak galduta nahigabetuta egozan lagun eta ezagunak
konrtsolatzea eta hareen hurrean egotea. Eta aurrerago dino egile sakraduak: “Ez ahaztu gaixoak ikustea” (7, 35). Bizi izan dogu zer dan sufritzen dagozanen
ondoan ezin egona, eta aldi berean jabetu gara zein hauskorra dan gure
existentzia. Laburtuta, Jaungoikoaren Berbeak ez gaitu sekula lasai ixten eta
jarraitzen dau gu onera bultzatzen.
9. “Luzatu eskua pobreari”
goiburuak nabarmentzen dau, kontrastez, eskuak poltsikoan daukezanen eta
pobreziak hunkitzen ez dituanen jarrerea, pobreziaren konplize diralarik
sarritan. Indiferentzia eta zinikotasuna dira euren eguneroko hazkurria. Zer
alde dagoan deskribatu ditugun zabaltasunezko eskuakaz! Izan be, esku luzatu
batzuk dagoz, arin baten ordenagailuaren teklatua sakattzeko eta dirutza
handiak mugitzeko munduko alde batetik bestera, hala ezarriz gitxi batzuen
oligarkiaren aberastasuna eta jendetza handien miseria edo nazino osoen
porrota. Esku luzatu batzuk dagoz, armak salduz dirua pilatzeko, armok beste
esku batzuek, baita ume-eskuek be, erabiliko dabezalarik heriotza eta pobrezia
ereiteko. Esku luzatu batzuk dagoz, ilunetan heriotza-dosiak alkartrukatzen
dabezanak, aberasteko eta luxuan eta iraupen gutxiko neurrigabekerian biziteko.
Esku luzatu batzuk dagoz, azpitik legez kontrako faboreak alkar trukatzen
dabezanak irabazi erraz eta ustelduakaz. Eta esku luzatu batzuk dagoz,
hipokrisiazko purutasunean lege batzuk ezartzen dabezanak, eurek be gero ez
betetzeko.
Egoera honetan, “baztertuek
itxarotzen jarraitzen dabe. Indiferentziaren globalizazino bat garatu da, beste
batzuk baztertzen dabezan bizi-estilo bati eutsi ahal izateko, edo ideal
egoista horrekin estusiasmatu ahal izateko. Ia ohartu barik, ezgai bihurtzen
gara besteen oihuen aurrean, jada ez dogu negarrik egiten besteen dramaren
aurrean eta ez jaku interesatzen beste horreek zaintzea, dana balitz lez
gugandik kanpo dagoan eta ardura ez jakun erantzunkizuna” (Evangelii gaudium Exhortazio apostolikoa, 54).
Ezin gara zoriontsuak izan, harik eta heriotza ereiten daben esku honeek mundo
osoarentzako justizia eta bake tresna bihurtzen ez diran arte.
10. “Egiten dozun guztian, izan gogoan zeure azkena” (Sir 7,36). Hori da Ben
Sirakek gero gogoeta amaitzeko daukan esaldia. Esaldi horrek interpretazino
bi izan leikez. Lehenengo interpretazioan, nabarmentzen dau beti euki behar
dogula presente gure existentziaren amaierea. Gure patu komunaz gogoratzeak
lagundu egin leikigu bizitzan arreta gehiago jartzen pobreago danagan eta guk
bezainbeste aukera euki ez dauanagan. Bigarren interpretazioan, azpimarratu
daiteke zer asmo, zer helbururako joera daukan bakotxak. Gure bizitzaren
helburuak, behar dau proiektu bat egiteko eta bide bat nekatu barik ibilteko. Eta
hara, gure egintza bakotxaren helburua ezin da izan besterik maitasuna baino.
Hori da gure helmugea eta ezerk ez gaitu distraitu behar horretatik. Maitasun
hori da partekatzea, da dedikazinoa eta zerbitzua, baina hasten da deskubriduz
gu garela lehehengo maitatuak eta maitasunak mugiarazoak. Helburu hori agertzen
da umea amaren irribarreagaz aurkitzen dan unean eta maitatua sentitzen danean
existitze hutsagatik. Pobreargaz partekatzen dogun irribarren bat bera be,
maitasun-iturri da eta poztasunean bizitzen laguntzen deusku. Esku luzatua,
orduan, beti aberastu daiteke lagun batek presentzia eta laguntza ordainarazo
barik irribarrea eskeintzen deuskunean, lagun horrek poza erakusten deuskunean
soilik Kristoren dizipuluen estiloaren arabera bizitzeaz.
Egunero pobreakaz topatzeko bide
honetan, lagun dogu Jaungoikoaren Ama, zeina baida partikularzki pobreen ama.
Ama Birjineak hurretik ezagutzen ditu baztertuta dagozanen zailtasunak eta
sufrimintuak, berak be korta baten ekarri behar izan ebalako mundura
Jaungoikoaren Semea. Herodesen mehatxuagaitik, veste herrialde batera ihes egin
eban Jose senarragaz eta Jesus txikiagaz, eta errefuxiatu izaerea izan zan urte
batzuetan familia sakraduaren ezaugarria. Pobreen Amari otoiz egiteak posible
egin daiala bere seme-alaba kutunak eta Kristoren izenean zerbitzatzen dabenak
batzea. Eta otoitz horrek komuninozko eta anaitasun barriztatuzko besarkada
bihurtu daiala esku luzatua.
Erroma, Letrango San Juanen,
2020ko ekainaren 13an, Paduako San Antonioren memoria liturgikoan.
Eiskeratzailea: Jesus Mari Agirre
No hay comentarios:
Publicar un comentario