Páginas

viernes, 17 de abril de 2020

Gizatiarragoak izaten ikasi koronabirusetik: Jose Antonio Pagola



           
 Oso denbora gutxian, gure hauskortasunaz jabetzen ari gara gizakiak. Ikusi dugu ez daudela pertsona ahulak bakarrik. Gizadi osoa da ahula. Bat-batean, koronabirusaren pandemiak erakutsi digu gizateria arriskuan dagoen espeziea dela. Egun gutxitan apalago eta zalantzatiago bihurtzen ari gara. Pentsarazten, hausnarrarazten eta gogoetarazten ari zaigu birusa.

            Biztanleriaz gainezka dagoen mundu honetan ez gara ados jartzen klima-aldaketaren aurrean erantzuteko, natura hondatuz doalarik, abere-espezie batzuk galtzen … ez da harritzekoa birusak, ekosistemako parte baitira, espero ez bezala jokatzen hastea. Egunotan era guztietako gogoetak ari dira zabaltzen gizarte sareetan. Oihartzun handia izan du Eliane Brum idazle brasildarrak iradokitakoak: “Pandemiaren ondorioa klima-krisia dagoeneko askoz polikiago eragiten ari denaren ondorio kontzentratu eta zorrotza da. Birusa aurki biziko duguna erakusten ari bailitzaigu bezala da”. 

            Ez dakit egiaz hala izango den. Nolanahi ere, birusa dela medio ezin dugu gure burua engainatu. Egun bakan batzuetan desegin da mundua gizakiok kontrolatzen genuelako uste inozoa. Aldatu beharrean gaude gure bizimodua. Guztiok espezie berekoak garela erakusten ari zaigu birusa. Behar-beharrezkoa dugu elkartasun handiagoz bizitzen ikastea gizadi osoaren ongia bilatuz.

            Uneotan mundua gidatzen ari den sistema gizagabea da: pribilegiatu gutxi batzuk zentzurik eta gizatasunik gabeko ongizatera eramaten ditu, eta babesgabeko jendetza ikaragarriak bizitza hondatuta uzten ditu. Sistema honek ez du uzten herriak ados jartzen gizadiaren ongia bilatzea erdigunean ipintzeko guztion etxea izan dadin lur batean.

            Kristauek ere pentsatu eta gogoetatu beharra dugu ea nola lagun dezakegun pandemia ostean era gizatiarrago eta solidarioagoan bizitzen ikasteko. Kristau askok ez daki Jesusek mundu honi egindako ekarpen garrantzitsuena Jainkoaren egitasmo humanizatzailea sustatzea izan dela, Jainkoaren erreinua deitzen zuena. Egitasmo hau ez da izatez erlijio bat. Edozein erlijioren sineste, agindu eta errituez harago doa.

            Jesusen arabera, bizitzaren azken misterioa Jainkoa da, guztion Aita. Gizadia bere seme-alaba guztien familia da argi eta garbi. Zuzentasuna, berdintasuna, elkartasuna nagusi izango diren familia bat eratzea izango da Aitak hemen, lur honetan, duen helburu bakarra. Hau da gero eta mundu gizatiarragoa egiteko bidea, non guztiok duin bizi ahal izan gaitezen. Eta baita egun batean, heriotzaz haratago, gizadi guztiarentzat biziaren Betea ezagutzeko itxaropenaz bizitzen laguntzen diguna ere fededunoi. 

                Guztion aita den Jainkoagan sinesteak aldi honetan lagun diezaguke ez bakarrik espezie bereko kide garela sentitzen baizik eta familia bakar bateko alaba eta seme garela. Guztiok senide garela esperimentatuz indartu egin daiteke elkartasunean hazteko gure gaitasuna. Senidetasun jarreran biziz gizadi guztiaren ongia bilatzera bultza gaitzake, pobre eta behartsuenengandik hasita. Hauxe da Jesusen dei nagusia gizakiei: “Ardura zaitezte, batez ere, Jainkoaren erregetzaz eta haren nahia betetzeaz, eta beste hori guztia gehigarritzat emango dizue Jainkoak(Mateo 6, 33).

JOSE ANTONIO PAGOLA
2020ko apirilaren 6a

No hay comentarios:

Publicar un comentario