Páginas

viernes, 27 de marzo de 2020

Aitagurea errezatzea koronabirus aldian: Jose Antonio Pagola




Aitagurea otoitz laburra da. Jesusek bere jarraitzaileei ondaretzat utzi zien bakarra. Otoitz bitxia da. Kristau guztiek errezatzen dute, baina ez du Kristori buruz hitz egiten. Eliza guztietan errezatzen da, baina ez da inongo elizarik aipatzen. Katolikoek igandeko mezetan esaten dute, baina ez du hitz erdi bat esaten inolako erlijiori buruz. J.D. Crossanek dioen bezala, “otoitz iraultzailea da, historiaren ikuspegi berria aldarrikatzen duena. Errotikako adierazpena eta itxaropen-ereserkia da, lur guztiari zuzendutako hizkeran esana”.

GURE AITA ZERUETAN ZARENA
                Zu zara gure Aita, gogoan izan guztiok garela zure alabak eta semeak.
Guztiona zarelako zaude zeruetan. Ez zaude inongo tenpluri lotuta, ez lurreko inongo leku santuri. Ez zara herri batena ez arraza pribilegiatu batena. Ez zara inongo erlijiorena. Ez zara onena bakarrik. Guztiok dei zaitzakegu Aita gisa.


SANTU IZAN BEDI ZURE IZENA
Hona gure lehen desioa gizadi guztia minez dagoen uneotan. Zure Aita izena aitortua eta errespetatua izan dadila. Ez dezala inork mespretxatu zure seme-alabei kalte eginez. Ez dezagula galdu Zurekiko konfiantza. Kanporatuak izan daitezela gizatasuna kentzen diguten jainko eta idolo guztien izenak. Banatzen gaituen eta senide izaten uzten ez digun dirua; gure gerrak elikatzen dituen indarkeria; ahulak arbuiatzera garamatzan boterea.
ETOR BEDI ZURE ERREINUA
Gure artean Zu bazara errege, justizia , berdintasuna eta bakea nagusituko dira lurrean. Elkarrekin aurre egin ahal izango diegu lurreko arazoei. Anai-arreba gisa elkarturik menderatuko ditugu gizadia penatu lezaketen pandemiak. Aberatsak ez daitezela behartsuen gain nagusitu; herrialde ahaltsuek ez dezatela herrialde ahulez abusatu; gizonek ez ditzatela emakumeak menderatu. Etor bedi zure erreinua eta nagusitu bedi senidetasuna lurrean.
EGIN BEDI ZURE NAHIA ZERUAN BEZALA LURREAN ERE
Egin bedi zure nahia, ez gurea. Koronabirusa erakusten ari zaigu dena burutu gabe dagoela lurrean, dena erdizka bizi dugula. Ez dugu ikasi nahi gizakiak hauskorrak eta zauriberak garela, hemen ezin dugula eskuratu barne-barnetik irrikatzen dugun betetasuna. Aita, zure Ontasun hondogabean soilik izan dezakegu uste ona. Ez  bedi egin, beraz, guk nahi duguna, geurekoikeriak, kontsumismoak eta gure ongizateak eraginik. Egin bedi Zuk nahi duzuna, guztion ona bilatuko baituzu beti.



EMAGUZU GAUR EGUN HONETAKO OGIA
Gizadi osoarentzako hain gogorrak diren une hauetan, inork ez dezala ogi faltarik izan. Ez dizugu dirurik eskatzen ez ongizaterik, ez dugu aberastasunik nahi pilatzeko, guztiontzako eguneroko ogia besterik ez. Koronabirusaren pandemia honek betiko oroitaraz diezagula bizitza dela gauza guztietan lehena: goseak daudenek jan ahal izatea; pobreek negar egiteari uztea; migratzaileak eta errefuxiatuak gurean harrera izatea, bizirik iraun eta etxea eduki ahal izan dezaten. 
BARKATU GURE ZORRAK
Aita, barkatu gure zorrak: gure axolagabekeria, gure sinesgogorkeria, Zugan konfiantza izateko dugun ezkorkeria. Urte hauetan zehar, barrutik asko aldatu gara guztiok. Kritikoagoak bihurtu gara, baina baita sendotasun gutxiagokoak ere. Axolagabeagoak gure ongizatea ez den ororekiko, baina inoiz baino kalteberagoak edozein krisiren aurrean. Ez zaigu erraza gertatzen sinestea, baina zaila gertatu behar zaigu ezertan ez sinestea. Aita, barkaiguzu eta esnatu gure barne-bizitza.
GUK ERE GURE ZORDUNEI BARKATZEN DIEGUNEZ GERO
Ikaratuta bizi garen une honetan, heriotzaren muga saihestezinaren aurrean guztiok sentitzen dugun ezinaz jabetu garelarik, guk ere barkatu nahi diogu elkarri, batak besteari. Ez dugu hauspotu nahi inoren aurkako bazterketarik ez erresuminik. Esperientzia latz hau anai-arreba bezala bizi nahi dugu.
EZ GAITZAZU UTZI TENTALDIAN ERORTZEN
Ahulak eta mugatuak gara. Orain inoiz baino gehiago ari gara hori bizitzen. Gure bizitzak eta besteenak hondatu ditzaketen erabakiak hartu eta huts egiteko arriskuan aurkitzen gara beti. Horregatik, ez gaitzazu utzi Zu ahazteko eta baztertzeko tentaldian erortzen, Aita. Piztu gugan zure ontasunarekiko konfiantza. Inoiz baino gehiago behar zaitugu. Zuk ireki ditzakezu bideak gutako bakoitzarekin topo egiteko: sinestunekin eta ez sinestunekin, ateoekin edo agnostikoekin. Guztiok senti ahal izan dezagula gure barnean zure indar isila baina eraginkorra.
BAINA ATERA GAITZAZU GAITZETIK
Gure hutsegiteen erantzule gara, baina baita biktima ere. Gaitza eta bidegabekeria ez daude gure baitan bakarrik. Egituretan eta erakundeetan ere badaude, politiketan eta erlijioetan ere bai. Horregatik, garrasi batekin amaituko dugu otoitza: Aita, atera gaitzazu gaitzetik! Egun batean beteko da guztiok irrikatzen dugun zorion betea. Lurrean gozatu ditugun ordu alai eta zoriontsuak nahiz bizipen garratzak eta mingotsak; erein dugun maitasuna, justizia eta elkartasuna, baita egin ditugun okerrak eta baldarkeriak… Dena zorion bete bihurtua izango da.
Jada ez da heriotzarik ez minik izango. Inor ez da egongo tristerik, inork ez du negar egin beharko. Hasierako elkarteetako batean egindako idazki kristau batek hitz hauek jartzen ditu Jainkoaren ahotan: “Egarri denari neuk emango diot doan biziaren iturburutik” (Apokalipsia 21, 6). “Doan”, alegia, ez gure merituengatik; “bizi-egarri denari”, eta zein ez da betiko biziaren egarri? Bakoitzak erabaki behar du nola bizi nahi duen eta nola hil nahi duen. Nik sinesten dut eta uste on dut errealitatearen azken misterioa, batzuek “Jainko” deitzen duguna, beste batzuek “Energia”, beste batzuek “Transzendentea” eta beste batzuek “ezer ez”, Ontasun Misterio bat dela eta harengan aurkituko dugula guztiok gure izatearen Betea. AMEN.
Jose Antonio Pagola, 2020ko martxoaren 25ean






           
               

No hay comentarios:

Publicar un comentario