Boliviako Jaiotza |
IDAZKI APOSTOLIKOA
Admirabile signum
FRANTZISKO
AITA
SANTUARENA
JAIOTZAREN
ESANAHIAZ ETA BALIOAZ
1.
Jaiotzaren zeinu ederrak, kristau herriak hain gogokoak,
harridura eta miresmena sorrarazten ditu beti. Jesusen jaiotzaren gertaera
irudikatzea Jainkoaren Semea gizaki egitearen misterioa era xume eta alaiz hots
egitea da. Jaiotza, izan ere, Ebanjelio bizia bezalakoa da, Liburu Santuko
orrialdeetatik sortzen dena. Eguberriko gertaerari begira, espirituz bidea
egiten hasteko gonbitea nabaritzen dugu, gizon-emakume bakoitza bilatzeko
gizaki egin den Haren apaltasunak erakarrita. Eta konturatzen gara Hark nola
maite gaituen, gurekin bat egiteraino maite ere, gu ere Berarekin bat egin ahal
gaitezen.
Idazki honen bidez gure etxeetako
ohitura ederra suspertu nahi nuke, non Eguberri aurreko egunetan jaiotza
prestatzen duten, eta berdin lantokietan, eskoletan, ospitaletan, espetxeetan,
enparantzetan… jartzeko ohitura ere.
Sormen eta fantasia ariketa da, bai horixe, maisu-lan txikiak eta eder askoak
sortzen dira gai ugariak erabiliz. Umetan ikasten da: aita-amek,
aitona-amonekin, tradizio alai hau transmititzen dutenean, barruan
espiritualtasun herritar aberatsa duena. Espero dut jaiotza jartzea ez dela
inoiz motelduko; are gehiago, ea berriro deskubritzen eta biziberritzen duten,
galdu izango zen lekuetan.
2.
Jaiotzaren jatorria Jesusen Belengo jaiotzaren xehetasun ebanjeliko
batzuetan oinarritzen da batez ere. Lukas ebanjelariak hitz soil batzuk esaten
ditu: «lehen-semea izan zuen;
oihaletan bildu eta abere-aska batean ezarri zuen, ez baitzen ostatuan
haientzat tokirik» (2, 7). Jesus aska batean ipini zuten, gaztelaniaz pesebre esaten zaio jaiotzari eta
italieraz presepe, latinezko praesepium hitzetik datozenak.
Jainkoaren
Semeak, mundu honetara etortzean, abereek jaten duten lekuan aurkituko du
tokia. Lastoa da «zerutik jaitsitako ogi» (Jn 6, 41) bezala agertuko denaren
lehenbiziko ohea. San Agustinek, beste Aita batzuek bezala, igarri zion
sinbolismo honi, honako hau idatzi zuenerako: «Azpilean jarria, guretzat janari egin zen» (Serm. 189, 4).
Egiaz, Jesusen bizitzako hainbat misterio dauzka jaiotzak eta gure eguneroko
bizitzatik gertu nabaritu arazten dizkigu.
Baina itzul gaitezen berriro jaiotzaren jatorrira guk
ulertzen dugunaren arabera. Gogoaren bidez Grecciora joango gara, Reatinoko
bailarara; ziurrena han gelditu zen san Frantzisko Erromatik zetorrela, 1223ko
azaroaren 23an bere Erregelaren onespena harturik Honorio III.a Aita
Santuagandik. Lur Santuan egon ondoren, arpe haiek bereziki Belengo parajeak
gogorarazten zizkioten. Eta litekeena da Poverelloari
zirrara eragin izana Erroman, Santa Maria Maiorreko basilikan Jesusen jaiotza
irudikatzen duten mosaikoek, askako oholak aurkitzen diren tokiaren ondo-ondoan
daudenak, aspaldiko tradizio batek dioenez.
USAko Jaiotza |
Iturri Frantziskotarrek xehetasunez kontatzen dute
Greccion gertatu zena. Eguberrirako hamabost egun falta zirela, Frantziskok
bertako gizon bat hartu zuen, Joan izenekoa, eta desio bat betetzen laguntzeko
eskatu zion: «Belenen jaio zen Haurraren oroitzapena egin nahi dut eta neure
begiz nolabait begira egon nola sufritu zuen umetako ezereztasunean, nola etzan
zuten azpilean eta ipini zuten lasto gainean idi eta astoaren artean» [1].
Entzun zuen orduko, azkar abiatu zen gizon on eta leial hau eta santuak
esandakoa prestatu zuen agindutako lekuan. Abenduaren 25ean, bazter askotako
fraide ugari heldu zen Grecciora, baita inguru hartako baserri askotako
gizon-emakumeak, loreak eta gau santu hura argitzeko zuziak eramanez.
Frantzisko iritsi zenean, lastoarekin, astoarekin eta idiarekin aurkitu zuen
jaiotza. Iritsi ziren pertsonek esan ezineko poza agertu zuten Eguberriko
eszenaren aurrean, ordura arte inoiz bizitu ez zuten bezalakoa. Ondoren,
apaizak, Jaiotzaren aurrean, Eukaristia ospatu zuen, Jainkoaren Semea gizaki
egitea eta Eukaristia lotuta daudela erakutsiz. Aldi hartan, Greccion, ez
zegoen irudirik: bertan zeuden guztiek bizitu eta egin zuten jaiotza. [2]
Horrela
jaio da gure tradizioa: guztiak estalpe inguruan, pozak zoratzen, batere
distantziarik ez dago jazotzen ari den gertaeraren eta misterioan parte hartzen
ari direnen artean.
San
Frantziskoren lehen biografoak, Celanoko Tomasek, gogoratzen du eszena xume eta
hunkigarri hari ikuskari zoragarri baten dohaina gehitu zitzaiola gau hartan:
bertan zen batek Jesus Haurra bera ikusi zuen askan etzanda. 1223ko Eguberriko
jaiotza hartatik, «pozez beteta itzuli ziren guztiak etxera» [3].
3.
San Frantziskok ebanjelizatze lan
handia egin zuen ezaugarri soil harekin. Bere irakaspena kristauen bihotzetan
sartu da eta egundaino dirau, gure fedea era xumean adierazteko modu jatortzat dugularik.
Bestetik, lehen jaiotza irudikatua izan zen leku harexek sentimendu hauek
adierazten eta berritzen ditu. Isiltasunaren barruan estalpea bilatuz
harkaitzean ezkutatzen den arimarentzako aterpe bihurtu da Greccio.
Jaiotzak
zergatik eragiten du halako harridura eta hunkitzen gaitu? Lehenik, Jainkoaren
xamurtasuna adierazten duelako. Bera, unibertsoaren Sortzailea, gure
txikitasunera jaisten da. Biziaren dohainak, guretzat beti misteriotsuak, are
gehiago harrapatzen gaitu ikusiz Mariagandik jaio zen Hura bizitza bakoitzaren
iturburua eta babesa dela. Noraezean eta iparra galduta gabiltzanean gure bila
datorren anaia eman digu Aitak Jesusengan; guregandik beti gertu dagoen lagun
leiala; barkatzen digun eta bekatutik jasotzen gaituen bere Semea eman digu.
Etxean
jaiotza prestatzeak Belenen gertatutakoa biziberritzen laguntzen digu. Jakina,
ebanjelioak ditugu beti gertaera hura ezagutu eta hausnartu ahal izateko
iturria; nolanahi ere, jaiotza irudikatzeak eszenak imajinatzen laguntzen digu,
maitasuna pizten du, salbamen historiarekin zerikusia dugula sentiarazten digu,
hainbat eta hainbat testuinguru historiko eta kulturaletan bizia eta egunekoa
egiten den gertakariaren garaikideak garela.
Jaiotza,
frantziskotar jatorritik, Jainkoaren Semeak gizaki egin zenean beretzat
aukeratu zuen pobretasuna “sentitzeko” eta “ukitzeko” gonbidapena dugu batez
ere. Eta honenbestez, inplizituki esaten zaigu apaltasun-bidean,
pobretasun-bidean, biluztasun-bidean jarraitzeko Jesusi, Belengo estalpetik
Gurutzeraino daraman bidean. Dei bat da Jesus senide behartsuenengan aurkitu
eta errukiz zerbitzatu dezagun (cf. Mt 25, 31-46).
Ecuadorreko Jaiotza |
4.
Orain jaiotzaren ezaugarri batzuk
errepasatu nahi ditut zer esan nahi duten ulertzeko. Lehenik, zeru izartua
irudikatzen dugu gaueko iluntasunean eta isiltasunean. Horrela egiten dugu, ez
soilik ebanjelioetan hala kontatzen delako, baizik eta daukaten esanahiagatik
ere bai. Pentsa dezagun zenbat aldiz estaltzen dituen gauak gure bizitzak.
Bada, une horietan ere, Jainkoak ez gaitu bakarrik uzten, alderantziz, presente
egiten da gure bizitzaren zentzuari buruzko galdera erabakigarriak erantzuteko:
Nor naiz ni? Nondik nator? Zergatik jaio nintzen une honetan? Zergatik maite
dut? Zergatik sufritzen dut? Zergatik hilko naiz? Jainkoa gizaki egin zen, galdera
hauei erantzuteko. Bere hurbiltasunak argia dakar iluntasuna dagoen lekura eta
argitu egiten ditu sufrimenduaren goibeltasuna zeharkatzen duten guztiak (cf.
Lk 1, 79).
Aipamenen
bat merezi dute jaiotza osatzen duten paisaiek, maiz antzinako etxe- eta jauregi-hondakinen
irudi direnek, batzuetan Belengo estalpearen ordez ipintzen eta Famili
Santuaren egoitza bilakatzen direnak. Hondakin hauek badirudi Jacopo da Varazze
(XIII. mendea) dominikoaren Urrezko
Legendatik datozela, non sinespen pagano bat kontatzen den, esanez Erromako
Bakearen tenplua erori egingo zela Birjina batek haurra erdi zezanean. Hondakin
horiek batez ere hondoratutako gizadiaren zeinu dira, hondatuta, alferrik
galduta eta lur jota dagoen guztiaren seinale. Eszenategi honek adierazten du Jesus
dela berritasuna mundu zaharraren erdian, eta sendatzera eta osatzera etorri
dela, gure bizitzari eta munduari jatorrizko distira itzultzera.
5.
Ze zirrara sentitu behar genukeen
jaiotzan mendiak, errekastoak, ardiak eta artzainak ipintzean! Horrela gogoratzen
dugu, profetek iragarri zuten bezala, kreazio guztia festa betean dagoela
Mesiasen etorrera ospatzen. Aingeruak eta izarra abiatzeko seinalea ditugu guk
ere, estalpera heltzeko eta Jauna gurtzeko.
«Goazen
Belenera, Jaunak adierazi digun gertakari hori ikustera» (Lk 2, 15), hala diote
artzainek aingeruen iragarpena eta gero. Oso irakaspen ederra da eta
kontaeraren soiltasunean antzematen da. Makina bat jende dago hamaika gauza
egingo lukeelakoan, baina, horiek ez bezala, artzainak bihurtzen dira funtsezkoaren
lehen lekuko, alegia, eskaintzen zaien salbamenaren lekuko. Apalenak eta
pobreenak dira inkarnazioaren gertaera hartzen dakitenak. Jesus Haurragan gure
artera datorren Jainkoari, bidean jarriz erantzuten diote eta han abiatzen dira
Beregana joateko, maitasunezko eta harridura gozoko enkontru bat bizitzeko.
Jesusi esker, Jainkoaren eta bere seme-alaben arteko enkontru honexek bizitzen
du gure erlijioa eta hori du bere edertasun berezia, eta berealdiko argia
egiten du jaiotzan.
6.
Ohitura dugu gure jaiotzetan irudi
sinboliko asko jartzeko, batik bat, eskaleenak eta bihotzarena beste
ugaritasunik ezagutzen ez duen jendearen imajinak. Jesus
Haurrarengandik gertu daude horiek ere berez dagokien eskubidez, eta inork ezin
ditu hortik bota edo hain bat-batean egindako sehaskatik aldendu, izan ere
txiroak ez baitaude inolaz ere lekuz kanpo aska inguruan. Egiazki, pobreak dira
misterio honetako pribilegiatuak eta, sarritan, Jainkoa gure artean dela
antzemateko gaitasun handiena dutenak.
Behartsuek
eta apalek Jaiotzan oroitarazten dute Jainkoa, bere maitasun beharra gehien
sentitzen eta bere hurbiltasuna eskatzen dutenentzat egiten dela gizaki. Jesus,
«gozoa eta bihotz-apala» (Mt 11, 29), pobre jaio zen, apal bizi izan zen funtsezkoa
ulertzen eta horren arabera bizitzen erakusteko guri. Belengo estalpetik
jaiotzen den mezuak argi dio ezin dugula erori aberastasunen eta hainbeste
zorion-eskaintza iheskorren engainuan. Atze aldean Herodesen jauregia dago,
itxita, gortuta, pozaren iragarpena entzuten ez duela. Jainkoak berak hasten
du, aska batean jaioz, behartsu eta baztertuei itxaropena eta duintasuna ematen
dien egiazko iraultza bakarra: maitasunaren iraultza, xamurtasunaren iraultza.
Jaiotzatik, indar bigunez, Jesus hoska ari zaigu azkenekoak bidelagun ditugula
mundu humanoago eta senidetsuago baterantz jotzeko, non inor ez dadin ez
kanporatua izan ez baztertua.
Sarritan
umeek –baina baita helduek ere!– txoratzen eransten dituzte beste irudi batzuk
jaiotzan kontaera ebanjelikoekin zerikusirik gabekoak, antza. Eta, hala ere,
irudimen bidez adierazi nahi da Jesusek hasitako mundu berrian tokia dagoela
giza mailakoa den guztiarentzat eta sorkari ororentzat. Artzainak eta perratzaileak, okinak eta musikariak,
jolasean ari diren haurrei pitxerrak urez beteta daramazkieten emakumeak…,
horrek denak egunerokoaren santutasuna irudikatzen du, eguneroko gauzak modu
berezian egitearen poza, Jesusek bere jainkozko bizia gurekin partekatzen
duenean.
7.
Pixkanaka-pixkanaka, jaiotzak
estalpera garamatza, han ikusiko ditugu Mariaren eta Joseren irudiak. Maria
semeari begira dagoen ama bat da eta hura ikustera datozen guztiei erakusten
diena. Jainkoak Mariaren bihotz garbiko atea jo duenean emakume gazte hau bildu
duen misterio handian pentsarazten du haren irudiak. Aingeruaren iragarpenari,
Jainkoaren ama izateko eskatzen ziolarik, Mariak osotoro obedituz erantzun
zion. Haren hitzak: «Hona hemen Jaunaren mirabea. Gerta bekit zuk esan bezala»
(Lk 1, 38), norberaren burua fedez Jainkoaren borondatearen eskuetan uztearen
lekukotasuna dira gu guztiontzat. “Bai” haren bidez, Jainkoaren Semearen ama
bihurtzen zen Maria bere birjintasuna galdu gabe, alderantziz, birjintasuna
sagaratuz Berari esker. Mariagan Jainkoaren Ama ikusten dugu, ez dauka bere
Semea beretzat bakarrik, baizik eta guztiei eskatzen die haren esana egin
dezaten (cf Jn 2, 5).
Mariaren
ondoan, Haurra eta ama zaintzen, san Jose aurkitzen da. Eskuarki, makila eskuan
duela irudikatzen da eta, noiz behinka, argi bati eusten ere bai. San Josek oso
zeregin garrantzitsua du Jesusen eta Mariaren bizitzan. Bera da bere familia
babesten inoiz ere nekatzen ez den zaintzailea. Jainkoak esan zionen kontuz
ibiltzeko Herodesen mehatxuarekin, ez zuen zalantzarik izan bidean jarri eta
Egiptora ihes egiteko (cf Mt 2, 13-15). Eta arriskua igaro zenean, Nazaretera
itzuli zen bere sendiarekin, eta han Jesus umearen eta nerabearen lehen
hezitzailea izan zen. Josek bere bihotzean zeraman Jesus eta bere emazte Maria
biltzen zituen misterio handia, eta gizon zuzena izanik konfiantza izan zuen
beti Jainkoaren nahian eta bete egin zuen.
8.
Jaiotzaren bihotza taupadaka
hasten da, Eguberrian, Jesus Haurtxoaren irudia ipintzen dugunean. Jainkoa
horrela agertzen da, haur batengan, besoetan har dezagun. Ahultasunean eta
hauskortasunean gordetzen du guztia sortzen eta eraldatzen duen bere boterea.
Ezinezkoa dirudi, baina hala da: Jesusengan, Jainkoa umetxo bat izan da eta ume
izanik azaldu nahi izan du bere maitasunaren handitasuna, irribarre eginez eta
guztioi eskutxoak luzatuz agertzen dena.
Haur baten
jaiotzak poza eta harridura eragiten ditu, biziaren misterio handiaren aurrean
jartzen gaituelako. Beren seme jaio berriaren aurrean senar-emazte gazteen
begiak dirdirka ikusiz ulertzen ditugu Mariaren eta Joseren sentimenduak, Jesus
haurrari so, beren bizitzetan Jainkoaren presentzia antzematen baitzuten.
«Biziaren
hitza geure begiz ikusi genuen» (1Jn 1,2); Joan apostoluak inkarnazioaren
misterioa laburbiltzen du horrela. Historiaren bidea aldatu duen gertaera bakan
eta ezohiko hau ikusarazten eta ukiarazten digu jaiotzak, zeinaren arabera
antolatuko den urteen hurrenkera, Kristo jaio aurretik eta ondoren.
Ia zur eta
lur uzten du Jainkoaren jokaerak, ezinezkoa baitirudi Berak bere aintzari uko
egitea gizaki egiteko, gu bezala. A ze ustekabea ikusiz Jainkoak geure jokaerak
bere egiten dituela: lo egiten du, amaren esnea hartzen du, negar egiten du eta
jolas, haur guztiek bezala. Beti bezala, Jainkoa harrigarria da, antzeman
ezina, gure asmoak baino harago joaten da behin eta berriz. Beraz ba, jaiotzak,
Jainkoa mundura etorri den bezala erakusten digun bitartean, gure bizitza
Jainkoagan txertatuta ikustera gonbidatzen gaitu; bere ikasleak izatera
gonbidatzen gaitu biziaren azken zentzua
erdietsi nahi badugu.
9.
Epifaniaren festaburua gerturatzen
denean, Errege Magoen hiru irudiak jartzen dira Jaiotzan. Izarra begiratuz,
Ekialdeko jaun jakintsu eta aberats haiek Belengo bideari ekin zioten Jesus
ezagutzeko eta opariak eskaintzeko: urrea, intsentsua eta mirra. Erregali hauek
ere esanahi alegorikoa dute: urreak ohore egiten dio Jesusen erregetzari;
intsentsuak, bere jainkotasunari; mirrak, bere gizatasun santuari, heriotza eta
hilobia ezagutuko dituelarik.
Jaiotzan
eszena honi begira gaudela, dei bat egiten zaigu kristau bakoitzaren
ebanjelizatzaile zereginaz hausnartzera. Gutako bakoitza Berri Onaren eramaile
bihurtzen da bizitzan topo egiten dituenekin, errukizko ekintza zehatzen bidez
Jesus eta bere maitasuna aurkitu izanaren lekuko.
Magoek
erakusten dute oso urrutitik has daitekeela Kristogana iristeko. Gizon
aberatsak dira, jakintsu atzerritarrak, infinituaren egarri, bidaia luze eta
arriskutsu bat hasi eta Belenera helduko dira (cf Mt 2, 1-12). Berebiziko poza
hartuko dute Haur Erregearen aurrean. Ez dira lotsatuko inguruko pobretasunaz;
ez dira zalantzan ibiliko belaunikatu eta gurtzeko. Bere aurrean ulertzen dute
Jainkoak, izarren bidea jakinduria osoz arautzen duen bezala, historiaren
ibilbidea zuzentzen duela, ahaltsuak behera botaz eta ezerezak gora jasoz. Eta egiazki, herrira
itzulitakoan, Mesiasekin izandako enkontru harrigarri hau kontatu izango dute,
jende artean Ebanjelioaren bidaia estreinatuz.
10.
Jaiotzaren aurrean, oroimena hegan
doa haurtzarora eta jaiotza noiz jartzen hasiko nola urduritzen ginen
gogoratzen gara. Oroitzapen hauen bidez, berriro jabetzen gara fedea
transmitituz eman zaigun dohain handiaz; eta aldi berean, seme-alabei eta
bilobei esperientzia bera transmititzeko erantzukizuna eta poza sentitzen dugu.
Ez da garrantzitsua jaiotza nola prestatzen den, beti berdina izan daiteke edo
urtero aldatu; garrantzitsua zera da: jaiotzak gure bizitzari hitz egitea.
Edonon eta edonola, Jainkoaren maitasunaz mintzo da jaiotza, eta esaten digu
Jainkoa haur egin dela gizaki ororengandik zein hurbil dagoen adierazteko,
zernahi delarik gizon-emakumeen egoera.
Anai-arreba
maiteak: fedearen transmisioko prozesu gozo eta arduratsuari lotua dago
jaiotza. Haurtzarotik hasiz eta gero bizitzako aldi bakoitzean, Jesusi
begiratzen erakusten digu, Jainkoak digun maitasuna sentitzen, Jainkoa gurekin
dagoela nabaritzen eta sinesten eta gu Berarekin gaudela, guztiok seme-alaba
eta anai-arreba Jainkoaren Seme Haur hari eta Maria Birjinari esker. Eta
honetan zoriona dagoela sentitzen erakusten digu. San Frantziskoren eskolan
zabal dezagula bihotza grazia xume honetara, utz dezagun harriduratik otoitz
apal bat jaiotzen: “eskerrik asko” Jainkoari, guztia gurekin partekatu nahi
izan duelako gu sekula bakarrik ez uzteko.
Greccion emana, Jaiotzaren
santutegian, 2019ko abenduaren 1ean.
Frantzisko
[1]
Celanoko Tomas, Lehen Bizitza, 84: Iturri Frantziskotarrak (FF), 468. zk.
[2] Cf. Ibid., 85: FF, 469. zk.
[3] Ibid., 86: FF, 470. zk.
No hay comentarios:
Publicar un comentario