Errogatibea Bretainian, Frantziar estatua |
Aurten be
badatoz. Bagilaren edo ekainaren 15ean. Zapatua. Arratiako herri guztietako,
alderdi ezberdinetako, izaera diferenteko 400 arratiar baino gehiago batuko da
Urkiolan. Kirol zaleak oinez Zeanuritik, Dimatik, Igorre edo Arteatik.
Autobusak herriz herri izena emon dauan jendea batzen. Gazte batzuk bizikletaz.
Familia kopuru handi bat kotxez. Urkiolan batzeko goizeko 11etan.
Aurten Joseba Segura Etxezarraga gotzain
laguntzaile barria izango da meza buru. Bere aitita-amamak arratiarrak izanik
etxeko sentiduko da. Eguna prestatzen Aretzako parrokia, jubilatuak, etab.
Arratiako errogatibak aintzat hartu
eta laguntzeko orduan egon da eztabaidarik gure herrietan. Egon dira lagun
batzuk mankomunitatean iso esan ostean, udal mailan arre esan dabenak.
Aurten bada datu barri bat. Bitoriko Legebiltzarrean onartu ei dabe
Kultura Ondare inmateriala be jasoteko lege bat, alderdi gehienak aintzat hartu
dabena. Arratiako alderdi nagusiak be bai.
Gertakari edo agerpen zehatz bat
zerrenda honetan sartu behar dan unean etorri daiteke eztabaida. Holakoetan ona
izaten da mundu zabalera begiratzea.
UNESCOren irizpideak jarraituz,
munduan zehar emoten diren beste errogatiba eta erromeriekin batera, kultur
ondare inmaterialaren adibide argia litzateke hau. Japonian, Korean, Kroazian…
munduko hamaika lekutan gu baino biziago eta bizkorrago ibili dira eta euren
herrietako adierazpenok, errogatiba zein erromeria, jagon eta zaindu beharrezko
ondare zerrendan dagoz. Bai. Horren zerrenda be badauka UNESCOk eginda, txukun
eta garbi. Danon eskura. Klik batzuk emon eta etxean irakurri eta gozatzeko
moduan.
Errogatiban Urkiolara doazenak ez ete
dira herritarrak? Bigarren mailako herritarrak ete dira? Zergak ordaintzeko
baino ez herritarrak?
Etorriko da kanpokoa eta aterako
etxekoa. Holan esan eutsen behin Zeanuriko Ernestok bere baserritik joan
gura ez eben gonbidatuei. Arrazoi nahiko berba gitxitan.
Ezin amaitu gogoetatxo hau eskertu
eta zoriondu barik, konplejuak uxatuz eta gurearen harrotasunaz beterik,
kanpokoa baztertu barik, gurea bizirik mantentzen daben lagun asko eta asko:
dantzari, bertsolari, txistulari, koru, organo jole, kultura animatzaile… eta abar
luze bat. Gure ondarea jaso eta jagon eta zaindu egiten dabelako.
Arratian, etxean arrotz? Inoiz be
ez. Kanpotik datorrenari, Santutxutik zein Saharatik, gurea harrotasunaz
opatuz.
Jose Mari Kortazar
No hay comentarios:
Publicar un comentario