Joanek Asia Txikiko zazpi elizari egindako idaztiak dira. Zazpi zenbaki sinbolikoa da. Osotasunaren irudia da: zazpi eliza, zazpi idazti, zazpi tronpeta...
Kreazinoa ere zazpi egunetan jartzen da.
Zazpi idaztiak zazpi eliza hareik biz dabezan egoerak adierazten dabezan egiazko idaztiak dira. Joanek, eliza bakoitza bere deratsunekin eta bere argaltasunekin deskribazten dau. Zazpi eliza honek Eliza unibertsalaren irudi dira, tokiko eliza bakoitzean agertzen dana; Jainkoaren Berbea aldarrikatu eta eskerrak emotera alkartzen dan tokiko eliza bakoitzean.
Laster berton laburpen osoa...
ARRATIAKO ELIZA GARIZUMA 2019.
ZURE AURPEGI BILA
Zure aurpegi bila gabiltza gu, Jauna;
Zu zaitugu argi eta salbamen,
Zu, Jauna, biziaren babes.
Uste on izan Jaunagan eta izan gizon;
jaso bihotza eta Jaunagan sendo egon.
Nola den aita bere aurrentzat bihotz-bera,
Halantxe, Jauna, fededunentzat da onbera.
1. Efesoko Elizari
2. Esmirnako elizari
3. Pérgamoko elizari
4. Tiatirarako elizari
5. Sardesko elizari
6. Filadelfiako elizari
7. Laodiceako elizari
Juanek Asia Menorreko zazpi elizari egindako idaztiak dira. Zazpi
zenbaki sinbolikoa da. Osotasunaren irudia da: zazpi eliza, zazpi idazti, zazpi
tronpeta…
Kreaziñoa ere zazpi egunetan jartzen da
Zazpi idaztiak zazpi eliza hareik bizi dabezan egoerak adierazten dabezan
egiazko idaztiak dira. Juanek eliza bakoitza bere edertasunekin eta bere
argaltasunekin deskribatzen dau. Baina irudiz beteriko idazti honeik gizaldi
guztietako elizarentzat baliagarri dira. Zazpi eliza honeik Eliza
unibertsalaren irudi dira, tokiko eliza bakoitzean agertzen dana; Jainkoaren Berbea aldarrikatu eta eskerrak
emotera alkartzen dan tokiko eliza bakoitzean.
1. EFESOKO ELIZA
2,1 Idatz iezaiozu
Efesoko eliz elkartearen aingeruari: Hona zer dioen zazpi izarrak bere
eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi argimutilen erdian dabilenak: 2
Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta eramanpena*.
Badakit ezin duzula jende gaiztoa jasan, eta,benetan apostolu izan gabe, beren
buruak apostolutzat zituztenak aztertu eta gezurtitzat utzi dituzula. 3 Baduzu eramanpenik
eta niregatik nekeak jasan dituzu, etsi gabe. 4 Baina zure aurka badut zerbait:
galdu egin duzula hasierako maitasuna*. 5 Hartu
gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez, eta itzuli lehengo jokabidera.
Bestela, zuregana joan eta bere lekutik kendu egingo dut zure argimutila. 6
Halere, hau duzu zeure alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten* egintzak
gorroto dituzula.
7 Ulertzeko gauza denak uler beza
Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari, Jainkoaren paradisuan
dagoen bizi‑arbolako fruituetatik emango diot jaten.
Jainko Jauna Efesoko elizarengana zuzentzen da esanez eskutik daroala, bere babesean
daukala. Zazpi izarrak daroaz eskutik, zazpi elizak daroaz
eskutik. Hona
zer dioen zazpi izarrak bere eskuineko eskuan dauzkanak, urrezko zazpi
argimutilen erdian dabilenak. Euren ekintzen kandeleroetan Kristoren egia daroen kristau alkarteak mundu
osoa argiz betetzen dabe.
Arratiako eliza ere eskutik daroa. Gure eliza honetan
Jesus bera dago. Nigan ere. Eskutik garoaz, naroa. Horrek konfiantzaz bizitzera
eroan behar gaitu. “Hain maite izan eban
Jainkoak mundua, bere Semea bialtzeraino”
Abestia: ZURE ESKUETAN DOT BIZIA,
ASKATU NAGIZU, JAUNA HAUNDIA!
Kristau alkartean dagoan Aintzaz
beteriko Jainkoak ezagutzen ditu bere ekintzak. “Ezagutzen ditut zure ekintzak” Jauna poztu egiten da barrutik jatorkozan bere aurkako erasoen aurka eta kanpotarren pertsekusiñoen aurka leial irauten
dauan gotzainagaz. “Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, zure lanbide neketsua eta
eramanpena*. … Baduzu eramanpenik eta niregatik nekeak jasan
dituzu, etsi gabe.”
Jaunak
ezagutzen ditu nire ekintzak. Ezagutzen dau gure eliza ere. Bizi dogun egoera
makalaz, larriaz ere jabetzen da
Kristo jabetzen da Efesoko Elizaren fideltasunaz.
Zerbait baloratzen bada fideltasuna da. Leial
jokatzen dot, pertsonalki? Leial jokatzen dau gure Elizak bizi dogun egoera
honetan? Jesusenganako leialtasuna bizi dau gure Elizak?
Baina badago zerbait Kristok Eliza honi aurpegira botatzen deutsona: Baina zure aurka badut zerbait: galdu egin duzula hasierako maitasuna*. Hasierako Jainkoarekin eban alkartasunaren irudia
ez da gaur eguneko Efesoko elizaren jarrera. Jainkoaren
aintza bilatu beharrean euren haunditasunaren bila dabiltza. Kristo bere
emaztea dan Elizaren hasierako maitasunaren
epeltasunagatik minduta agertzen da.
Egoera honetan Kristok bere ikasleak bihotzbarritzera deitzen ditu. Euren bihotzean sartu, euren pekatuaz jabetu eta
garai bateko maitasuna bizkortzera. Hartu gogoan, beraz, nondik erori zaren; damu zaitez, eta itzuli
lehengo jokabidera.
Hasierako maitasuna galdu dau
gure Arratiako Elizak? Nik ere, garai bateko Jainkoarenganako maitasuna galdu
egin dot? Garizuma bihotz barritzeko garaia da. Zertaz bihoitzbarritu behar dau
Arratiako Elizak? ….eta nik?
Abestia: BIHOTZ BARRIA GUGAN
SORTU, ARNAS BIZKORRA BARNE
MUINETAN EMOIGUZU.
Baina guzti hau esan ondoren Kristo Eliza honengana zuzentzen da kontsolamendua
eta errekonozimendua adierazteko: Halere, hau duzu zeure
alde: nik ere gorroto ditudan nikolaiten* egintzak gorroto dituzula.
Efesoko Elizari
dinotsona kristau guztiontzat da baliagarria, entzuteko belarriak dituen
guztientzat. Bakar bakarrik Jainkoaren Berbea entzun eta norbere bihotzean onartzen dauanak, eta bizitzan frutua emotera
daroanak irabazi ahal dau betiko bizitzako koroea.
Ulertzeko
gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari,
Jainkoaren paradisuan dagoen bizi‑arbolako fruituetatik emango diot jaten.
Zazpi
idaztietan garaileari koroe bardina eskeintzen jako: betiko bizitza. Elizako ikonografian bizitzaren zuhaitza
Kristoren kurutzeaz identifikatua izan da.
8 Idatz iezaiozu Esmirnako eliz
elkartearen aingeruari: Hona zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta
bizira itzuli zenak: 9 Ezagun‑ezagunak ditut zure atsekabea eta pobretasuna;
halere, aberats zara. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla
esan arren Satanasen elkarte* besterik ez diren horiek. 10 Ez izan beldur jasan
behar izango duzunaz; hara, zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak,
zuek probatzeko, eta apur batez* atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte
leial heriotzaraino eta garaipen‑koroa, betiko bizia, emango dizuet.
11 Ulertzeko gauza denak uler beza
Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileak ez du bigarren heriotzaren
zigorrik jasango.
Esmirnako
Elizaren idaztian heriotzaren aurrean betiko eta garaile
atera dan lez agertzen da Kristo. Hona
zer dioen lehenak eta azkenak, hila zegoenak eta bizira itzuli zenak. Kristo munduko agintari guztien gainetik dagoenak,
heriotzaren gainetik baita ere, konfiantza eta animoa ezarri nahi deutsiez,
enperadorearen kultoa arbuiatzearren, pertsegiduta aurkitzen diran kristiñauei.
Nor
da niretzat Jesus? Bera da nire Jauna, gauza guztien gainetik jarrita daukadana?
Bera da Jainkoaren Semea, gure bizitza bizitzaz bete dabena?
Jesus Jauna jabetzen da Esmirnako
alkartean bizi dabezan zapalkuntza, pobrezia, irainakaz. Baztertuta bizi
dira. Uri aberats eta komertzial baten
ekonomiko pobrezia bizi dabe. Inguruan dagoan gizarteak barre
eta burla egiten deutsie. Gainera judioak dira gogorrenak. “Satanasen
sinagoga” deitzen deutse Kristoren heriotza eta berbizkundearen kontrako
doktrinak zabaltzen dabezan judioei. Badakit nola iraintzen zaituzten, judu direla esan
arren Satanasen elkarte* besterik ez diren horiek
Abestia: ZAGOZ NIREKIN, JAUNA, LARRIALDIAN
Ostera, gizonen aurrean pobrezian bizi diran honeik, Jainkoaren
aurrean aberats bakarrak eurak dira, inork kenduko ez deutsien altxorra
daukielako. Dana kendu ahal izango deutsie, inkluso heriotzaz meatxatuko dabez,
baina ezerk ez inork ezin izango deutsie
kendu betiko bizitza.
Abestia: JAUNA DOT ARGI ETA
SALBAMEN
Ez ete da gure Eliza lar aberatsa
munduko aberastasunetan, Jainkoaren aurrean aberats izateko? Lar konsideratua,
oraindikan? Haundi izatearen ametsez? Ez ete daukagu haundi izataren egarria? Ez ete dogu bilatu
behar elizaren txiki bihurtzea
(decrecimiento) Neuk, pertsonalki, zelan bizi dot pobrezia? Neu ere ez ete naz haundiguran
bizi?
Jaunak
ez deutsez ezkutatzen izango dabezan
arazoak. Ez izan beldur jasan behar izango duzunaz; hara,
zuetariko batzuk kartzelara botako ditu deabruak, zuek probatzeko, eta apur
batez* atsekabetuak izango zarete. Izan zaitezte leial heriotzaraino eta
garaipen‑koroa, betiko bizia, emango dizuet.
Fededun
izateak, Jainkoagan sinisteak ez deuskuz bizitzak dakarskuzan nekeak kenduko. Alderantziz: Gaur egun
kristau izatea, eliztar zareala esatea…gutxietsia da.
Baina erasoaldiak eta espetxeak ezin ditu bildurtu. Proba horretan
euren fedearen testigantza emon ahal izango dabe. Erasoaldia laburra izango da apur batez atsekabetuak izango zarete. Ondoren eguzkiak argi egingo
dau eta pazko garaipenaren koroa hartuko dabe Izan zaitezte leial heriotzaraino eta garaipen‑koroa,
betiko bizia, emango dizuet.
Jainkoari leial izateak ondorioa
dauka: Pazko garaipena. Pazkora garoazen bidea kurutzetik igarotzen da.
Abestia: ZU ZARA GURE POZA KURUTZ
SALBATZAILEA
12 Idatz iezaiozu Pergamoko eliz
elkartearen aingeruari: Hona zer dioen aho-biko ezpata zorrotza duenak: 13
Badakit ongi non bizi zaren: Satanasek bere tronua duen lekuan. Nirekiko leial iraun duzu, eta ez duzu ukatu
nireganako fedea, ez eta Antipas nire lekuko leiala zuen artean, Satanas bizi
den toki horretan, hil zuten egunetan ere.
14 Badut, ordea, zertxobait zure aurka: hor
dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen dieten batzuk; hark irakasten
zion Balak‑i israeldarrak nola erorarazi bekatuan, sasijainkoei eskainiriko
haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial izatera* bultzatuz. 15 Era berean,
zuk ere badituzu nikolaiten irakatsiei jarraitzen dieten batzuk. 16 Damu
zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster eta horien aurka borroka
egingo dut neure ahoko ezpataz.
17 Ulertzeko gauza denak uler beza
Espirituak eliz elkarteei esaten diena. Garaileari mana ezkutua emanen diot,
eta harritxo txuri bat* ere bai, eta harritxoan izen berri bat idatzia, hartzen
duenak bakarrik ezagutuko duena.
Jauna aho-biko ezpata zorrotza duena lez azaltzen da. Berak
ez dau onartzen kristau fedearen eta pagano erlijioaren arteko sinkretismoa. Badagoz batzuk paganoen bizitza eta oiturekin kontajiatu diranak. , hor dituzula zeurekin Balaamen irakatsiei jarraitzen
dieten batzuk, hark irakasten zion Balak‑i israeldarrak nola erorarazi
bekatuan, sasijainkoei eskainiriko haragia jatera eta Jainkoarekiko desleial
izatera* bultzatuz. Bizitzea
tokatzen jaken giroan, kristauak euren
Kristorenganako fedea sendotasunez bizi behar dabe, Jainko eta Salbatzaile
bakar lez. Horregaitik bultzatzen ditu eta gonbidatzen ditu fede autormenean
eta bizitza testigantzan leialtasunez jokatzera. Kristo eta Satanasen artean ez
dago ezer baterakoirik.
Ez
ete dogu guk ere gure kristau izatea, kurutzea hartu eta Jesusi jarraitzea (hauxe
da kristautasuna!) fede komodo bategaz
lotzen? Kristiñauak garala dinogu,… baina neurri baten!. Ebanjelioa eta gaurko
munduko baloreak bat egin nahirik: komodidadea,
bizitza lasaia, arrisku bako bizitza…, balore honeik ebanjelioarekin,
kurutzearekin lotu nahia. Hau ez da Jainkoarentzat gogoko! Ezinezkoa da!
Nahiz eta
arriskuz beteriko egoera bizi, Jaunak,
Pergamoko alkartean, kristau leialak aurkitu ditu, euren fedea garbi
mantentzearren edozertarako gertu dagozanak. Kristoren fedeagaitik bere bizia emon eban
Antipasen antzean.
Gaur
Arratiako Elizara etorriko balitz, aurkituko leukez, gure artean, pertsona leialak?
Abestia: HEMEN
NOZU, JAUNA, ZURE NAHIA EGIN DAGIDAN!
Bide zuzenetik
aldendu diran Pergamoko kristau honei, Jaunak bihotz barritzera gonbidatzen
ditu. Damu zaitez, beraz; bestela, zuregana joango naiz laster
eta horien aurka borroka egingo dut neure ahoko ezpataz.
Garaileari betiko bizitza eskintzen deutse. Metafora bi
erabiltzen ditu: mana eta izen barridun harri zuri bat. Garaileari
mana ezkutua emanen diot, eta harritxo txuri bat* ere bai, eta harritxoan izen
berri bat idatzia, hartzen duenak bakarrik ezagutuko duena.
Zeruko janaria, mana, azkeneraino ezkutatuta egongo da. Harri zuriak
judeoen arteko epaiketetan erabiltzen zan ezaugarria adierazi ahal dau:
Epaiketan epaileak norbait libre
gelditzen zala adierazteko erabiltzen ebana.
18 Idatz iezaiozu Tiatirako eliz
elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren Semeak, begiak sugarra
bezalako eta oinak brontze goriaren antzeko dituenak: 19 Ezagun‑ezagunak ditut
zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eramanpena; zure azken
egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira.
20
Baina badut zerbait zure aurka: bere burua profetesatzat duen Jezabel* horri
utzi egiten diozula bere irakatsiekin nire zerbitzariak engainatzen,
Jainkoarekiko desleial izan eta sasijainkoei eskainiriko haragia jatera
bultzatuz. 21 Astia eman diot damu dadin, baina ez dio
bere desleialkeriari uko egin nahi izan. 22 Hara, gaixotasun larria bidaliko
diot berari, eta atsekabe handia berarekin desleialkerian bat egin dutenei,
jokabidez aldatzen ez badira. 23 Haren jarraitzaileak heriotzaz joko ditut, eta
jakingo dute eliz elkarte guztiek ni naizela buru‑bihotzak ikertzen dituena eta
zuetako bakoitzari bere egintzen arabera emango diena.
24 Zuek, ordea, Tiatirako besteok, ez duzue
onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu <>*
deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik leporatzen; 25 eutsi kementsu
orain duzuenari, ni itzuli arte. 26 Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino
irauten duenari, agintea emango diot nazioen gain, 27‑28 nik neure
Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu,
buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra* emango diot.
29 Ulertzeko gauza denak uler beza
Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
Jesus Jainkoaren
Seme lez agertzen da. Hona zer dioen Jainkoaren Semeak.
Jesusen
Jainkoarengan sinistu behar dogu. Ez dau balio Jainkoarengan sinisten dogula
esateak. Ze Jainkogan? Jesusen Jainkoarengan!!!!.
Hasieran alkarteari goraipamen izugarria egiten jako. Ezagun‑ezagunak
ditut zure egintzak, zure maitasuna, fedea, zerbitzugintza eta eramanpena; zure
azken egintzak lehenengoak baino ere bikainagoak dira. Denpora eta erasoaldiak
igaro arren, fedean eta maitasunean iraun egiten dabe, ez dira hotzitu.
Fede hori maitasunean eta elkar zerbitzuan agertzen da.
Baina goraipamen honi salakuntza gogor
batek jarraitzen deutso. Mundukoikerietan jaustea, Jezabelen eraginez. Halan da
guztiz ere bihotzbarritzeko aukera eskeintzen deutso.
Baina, barriro, Jaunak zintzo iraun
dabeak goraipatzen ditu. Zuek, ordea, Tiatirako
besteok, ez duzue onartu doktrina hori eta ez duzue ezagutu <>* deitzen duten hori. Zuei ez dizuet beste zamarik
leporatzen; 25 eutsi kementsu orain duzuenari, ni itzuli arte.
Danak ez dira bardinak. Danetarik dago Eliza honetan…eta
gure Elizan. Gaur jeneralizatu egiten da. “Danak
dira bardinak” esaten da. Ez da egia!!! Jakin behar dogu bereizten. Jainkoak
bereizten dau.
Garaileari,
leial irauten dabenei, Jaunak bere ahalmenean parte hartzea eskeintzen deutse, eta, azkenean, artizarra. Garaileari, nire nahia egiten azkeneraino irauten duenari, agintea
emango diot nazioen gain, nik neure
Aitarengandik hartu dudan agintea; burdinazko makilaz gobernatuko ditu,
buztinezko ontzia bezala puskatuko. Gainera, goizeko artizarra* emango diot. Garaileak ez dau
Kristoren agintaritzan bakarrik parte hartuko, baita bere argi diztiratsuan
ere. Kristo da artizarra, gure bizitzak argiz betetzen dituana.
Abestia: BAI, MAITE
DODALA, JAUNA, ZURE LEGEA
Hauxe da betiko Eliza: Gauza onez
eta txarrez betea. Halan da be, Jainkoak maitasunez begiratzen deutso eta beti
aukera barriak eskeintzen deutsoz. Zelan epaituko leuke Jaunak gure Arratiako
eliza? Eta nik Jainkoarekin leial jokatzen dot? Ni zelan epaituko ninduke?
1 Idatz iezaiozu Sardesko eliz
elkartearen aingeruari: Hona zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi
izarrak dituenak: Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak; bizi denaren itxura
duzu, baina hilik zaude. 2 Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik
daukazuna*, erabat hil baino lehen. Zure jokabidea nire Jainkoaren aurrean
behar bezain ona ez dela ikusi dut. 3 Oroit zaitez nola entzun eta onartu duzun
mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea. Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala
etorriko bainaiz, gutxien espero duzun orduan etorriko ere. 4 Baina badituzu
Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz
jantzirik, merezi baitute. 5 Garailea zuriz jantziko dute*, eta ez dut kenduko
haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta
honen aingeruen aurrean.
6 Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz
elkarteei esaten diena.
Gainbeheran dagoan uria da Sardes. Kristau alkartea ere egoera antzekoan aurkitzen da. Alkarteak lehenengo espiritua galdu egin dau. Hilda edo hilzorian dago Hona zer dioen Jainkoaren zazpi espirituak eta zazpi izarrak dituenak: Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak; bizi denaren itxura duzu, baina hilik zaude
Zelan ikusen dot nik Arratiako Eliza? Bizkaiko Eliza, Eliza orokorrean?
Hilzorian? Ikusten deutsagu etorkizunik? Itxura bai, baina barrutik ezer ez! Ikusten
dogunez, honelango egoera larriak bizitzea
ez da gaurkoa! Eta nire neure kristautasuna zelan bizi dot? Kristau izena
bai, baina izana?
Jaunak heriotza egoera honetatik itxartu nahi
dau eliza hau. Alkarteak berak uste dau bizirik
dagoala, baina bere kristautasuna hitz huts bat da, ez dauka ezelango errealitaterik.
Banaka batzuk bakarrik bizi dabe leialtasun hori. Beharrezkoa dabe bihozbarritzea.
Zaude erne, eta indarberri ezazu oraindik bizirik
daukazuna*, erabat hil baino lehen. Zure
jokabidea nire Jainkoaren aurrean behar bezain ona ez dela ikusi dut.
Abestia: ERRUKI
HUTSA DOGU, JAUNA, ERRUKIA TA MAITASUNA
Kristoren hitzak heriotzaren
lozorrotik itxartzeko gonbidapenak dira. Azaleko kristautasunetik, barruko
bizitzarik ez daukan kristautasunetik itxartzeko deia. Oroit
zaitez nola entzun eta onartu duzun mezua: euts iezaiozu, aldatu jokabidea.
Zeren, erne ez bazaude, lapurra bezala etorriko bainaiz, gutxien espero duzun
orduan etorriko ere.
Elizan beti sortu dira fede ilun hori bizi izan dan
egoeretan fede biziago bat bizitzeko taldeak sortu dabezan pertsonak (erlijioso ordenak) Gure Elizan zerbait barria sortu beharrean ez ete gagoz! Baina gaur egun sortzen dabiltzan erlijioso komunitate, mugimendu barriak… hori da Elizaren barriztapenera
garoazen bidea? Ez ete dabe laikoek, gitxi izan arren, beste era bateko eliza
bat, espiritualtasun barri bat sortzeko protagonismoa hartu behar?
Baina
Sardesen badagoz batzuk, gutxi izan arren, leial iraun dabenak. Hainbeste
hildakoen artean badagoz bizirik dagozanak. Bateoko jantzi zuria zikindu ez dabenak. Baina badituzu
Sardesen beren jantziak zikindu ez dituzten batzuk. Nirekin ibiliko dira zuriz
jantzirik, merezi baitute. Garailea zuriz jantziko dute*, eta ez dut kenduko
haren izena biziaren liburutik; eta haren alde aterako naiz neure Aitaren eta
honen aingeruen aurrean. Jantzi zuriak Jainko aintzaren adierazgarri dira, betiko
bizitzaren adierazgarri, Jainkoaren erreinuan parte hartzeko aukeratuak.
Guk, gure Elizan, ikusten
ditugu leial irauten daben kristauak? Non? Nortzuk? Badago gaur egun, Elizan,
eredu barriren bat?
Sardesko elizaren laiño baltzak desegin egingo dira leial iraun dabenen jantzi
zurien eraginez. Gainera leial izan diran gutxi honeik masa guztia fermentatuko daben legamiña izan
ahal dira, euren neba-arrebak heriotzatik bizitzara atera ahal izateko, Jaunaren laguntzaz.
Abestia: ZAUDE GUREKIN ILUNA DA, ZUREKIN GAUA EGUNA DA.
Apokalipsis liburuan hainbeste aldiz
agertzen diran jantzi zuriak Paradisuaren adierazgarri dira. Gizakiak mundua
dan eremu honetatik Paradisurako bidean darrai. Bertan sartzeko ezinbestekoa da
Kristok, Berarengan sinisten eta jarraitzen deutsenei eskeintzen deutsen jantzi
zuria.
Gure Elizak bizi daben egoera ere
oso makala da. “Resto” ala “residuo” “hondakina ala hazitakoa” gara? Ez gaitu
kezkatu behar gitxi izateak. Kezkatu behar gaitu ore (masa) guztia fermentatzen dauan legamiña ez izateak.
Arratiako Eliza ikusten dauanak, ze eliza mota ikusten dau? Erakargarria?
Konprometitua? Ni ikusten nabenak zelango kristau mota ikusten dau? Nire
bizitza estiloak, nire gauzak egiteko erak, nire alaitasunak, leialtasunak…. Jesusen jarraitzaile izatea erakargarri egiten dau?
Idatz iezaiozu Filadelfiako eliz
elkartearen aingeruari: Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko
giltza* duenak ‑‑hark irekia ezin du inork itxi, eta hark itxia ezin inork
ireki‑‑: 8 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea
utzi dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu
nire mezua eta ez duzu ukatu nire izena. 9 Horra, Satanasen elkarteko* batzuk
emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren gezurrontzi huts
direnetariko batzuk; zure oinetan ahozpez jartzera behartuko ditut, maite
zaitudala jakin dezaten. 10 Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik
ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen
probaldikoan. 11 Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure
garaipen‑koroa inork ere ken ez diezazun.
12 Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe
egingo dut, eta ez da gehiago handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure
izen berria idatziko ditut harengan; bai eta neure Jainkoaren hiriaren izena
ere, zerutik, nire Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.
13
Ulertzeko gauza denak uler beza Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
Filadelfia idazti hau
hartu baino 80 urte lehenago terremoto batek desegin egin eban. Herri txiki eta
garrantzi gutxiko uri bat bihurtu zan. Bertako kristau alkartea ez zan ugaria, baina espirituz handia zan. Jaunak, Esmirnako elizaren antzean, goraipatu egiten dau. Esmirnan lez,
hemen ere kristauei, judeoen alkartetik jatorkez erasoaldiak. Idazti honen
helburua konfiantza
emotea da eta Jaunarenganako leialtasunean irauan dagien animatzea, esperantza sortzea.
Kristo “santu eta egiazkoa” izenburuekin agertzen
da. Izenburu honeikin Jesus Jainko lez agertzen da eta “giltza” daukana. Hona zer dioen santuak, egiazkoak, Daviden erreinuko giltza* duenak ‑‑hark
irekia ezin du inork itxi, eta hark itxia ezin inork ireki—Jesus da Jainkoarengana garoazen bidea. Bera Jainko eta
gizon-emakumeen arteko bitartekaria. Bera Jainkoarenganako atea zabaldu ahal
dauan giltza.
Benetan
da niretzat Jesus egiazkoa Jainko bakarra?
Abestia:
JESUS MUNDUKO ARGIA, JESUS ZINEZKO EGIA, JESUS BETIKO BIZIA
Filadelfiako alkarteak fedeari leial izanik iraun dau. Ez da berekautan itxi, misiñora zabaldu da: Jaunak
ezagutzen ditu bere ekintzak eta bere lanak. Frutuak emongo dituala prometitzen
deutso. Alkartea ugaritu egingo da. Lehen pertsegitzen ibili diran judio batzuk
ere konbertidu egingo dira. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak, eta inork itxi ezin duen atea utzi
dut zure aurrean zabalik. Indar handirik ez duzun arren, onartu duzu nire mezua
eta ez duzu ukatu nire izena. Horra, Satanasen
elkarteko* batzuk emango dizkizut nik eskura, judu direla esan arren
gezurrontzi huts direnetariko batzuk; zure oinetan ahozpez jartzera behartuko
ditut, maite zaitudala jakin dezaten.
Filadelfiako alkartea, indargea izanik bere konfiantza osoa Jainkoaregan jartzen dauan alkartea da. Bere makaltasunean ezkutatzen da bere indarra: Jainkoaren berbea zaintzean eta besteen artean bere testigantza emotean. Bere leialtasunagatik Jaunaren babesa izango dabe beti. Iraunkor izateko nire agindua gorde duzulako, nik ere gordeko zaitut, lurreko bizilagunak probatzeko mundu osora iristear dagoen probaldikoan. Laster nator. Eutsi daukazunari, zeure garaipen‑koroa inork ere ken ez diezazun.
Gaur eguneko Elizak ere bere indargetasunean,
makaltasunea, ezer ez izatean, baztertua izatean…. aurkitu behar dau indarra,
Jainkoaren indarra. Bere indarretan barik Jainkoaren indarrean oinarritzen da
Elizaren indarra.
Abestia:
ZU ZARA, JAUNA, GURE BIZITZA TA POZA
Munduan bizi dan elizak, mundu guztiari
dagokiozan probak jasan behar ditu, baina Jaunaren babesean egongo da beti. Garailea neure Jainkoaren tenpluko zutabe egingo dut, eta ez da gehiago
handik irtengo; neure Jainkoaren izena eta neure izen berria idatziko ditut
harengan; bai eta neure Jainkoaren hiriaren izena ere, zerutik, nire
Jainkoarengandik, jaisten den Jerusalem berriaren izena.
Jerusalengo Elizaren zutabeak Pedro, Santiago eta Juan egozan
kontsideratuta. Ba pasadizu honetan Elizaren zutabe lez
jarriak dira leial iraun dabenak.
Bibliako hizkuntzan pertsona bati izena jartzeak, izen jartzaileak bere gain daukan aginpidea adierazi nahi dau.
Jainkorengandik izena hartu dabenak bere
babesean aurkitzen dira, Jainkoarentzat
altxor preziatu bihurtzen dira.
14 Idatz iezaiozu Laodizeako eliz elkartearen
aingeruari. Hona zer dioen Amen‑ek*, testigu leial eta egiazkoak, Jainkoak
egindakoen sorburuak: 15 Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina! 16
Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz, botagura emateraino nazkatzen nauzu.
17 Hau diozu: <>; eta ez dakizu gizarajoa zarena, errukarri eta behartsua, itsu
eta biluzik zaudena. 18 Aholku hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan
garbituriko urrea, aberats zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko,
larrugorri lotsagarritan ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko,
ikus dezazun.
19 Maite ditudanei egiten diet agiraka nik
eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta aldatu jokabidez. 20
Hara, atean nauzu deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki,
harenean sartuko naiz eta elkarrekin afalduko dugu.
21 Garailea neurekin eseraraziko dut neure
tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen tronuan eseri naizen
bezala.
22 Ulertzeko gauza denak uler beza
Espirituak eliz elkarteei esaten diena.
Laodizeako
herria aberatsa da. Nahiz eta lurrikarak jasan aurrera egiteko gai izan dan herria da Laodizea. Lana eta lino
industria dauka.
Jauna hebreo hizkuntzako hitz baikor
batez aurkezten da: “Amen” : Hau da
“leial eta egiazko” dan testigu lez. Kristo Jainkoaren
“Amen” da. Jesus ez zan izan bai eta ez. Beragan ez
zan besterik egon “Bai” baino. Jainkoak egindako promesa guztiak Beragan baieztapena
izan dabe. Kristo da Jainkoak elizari emondako baietza eta elizak Jainkoari
emondako baietza.
Laodizeako elizaren jokabidea guztiz alderantzizkoa da, ez “bai” ez “ez” dan eliza. Eliza honek bai Jainkoari eta bai
munduari atsegingarri izatea, zerbitzea dauka helburu. Kristau alkartea, uri haretan
bizi dan ongi izateaz kutsatuta dago eta epelkerian bizi da. Ongi izatearen kulturak
ez dau Jainkoa ukatzen, alboratu egiten dau, ignoratu. (gaurko gure
egoera: Ez da fedea ukatzen… alboratu baino) Ongia eta
gaizkia konfundidu egiten dira. Indiferentismoa da nagusi. Pekatuaren
sentidua ere galdu egiten da. Kontzientzia lokartu eta gaiztakeria ere onartu
egiten dau. Hauxe da Laodizeako elizaren egoera.
Laodizeako elizak ez dau berba
baikor bat entzuten Jaunarengandik. Kristoren berarenganako epaiketa
guztiz ezkorra da. Epelkeria hori Jainkoarentzat
desatseginagoa da paganismoa bera baino. Egia eta leialtasuna dira Jesusen
jarraitzaileen ezaugarriak. Hauxe da Laodizeako elizan falta dana. Ezagun‑ezagunak ditut zure egintzak. Ez zara hotz, ez bero. Ai hotz edo bero bazina!
Abestia: ERRUKI, JAUNA, PEKATU EGIN DOGU-TA
Laodizeako kristauak ondasunetan
aberatsak dira. Gizarte eta komentzio mailan onartuak. Guztiz mundukoi
bihurtuta dagoz. Mundukoiak dira. Euren ekintzak ez dabe Kristogan daukien fedea adierazten. Ez dira
egoera haretan bizi daben Jainkoaren aurkako ekintzen aurrean kritikoak.
Ez dira ez argi ez gatz. Eliza honen aurkako Kristoren berbea, eliza guztiei
zuzendutako berben artean, gogorrena da. Kristorentzat iguingarria da euren
jarrera. Kristok ez dau onartzen ambiguotasunik,
azalkeriarik, barruko hustasunik. Laodizeako elizak bomittuke kanpora, urrin, ilunetara botatzeko mehatxua hartzen dau. Baina epel zarelako eta ez bero, ez hotz,
botagura emateraino nazkatzen nauzu. Hau diozu: <>; eta ez dakizu gizarajoa zarena,
errukarri eta behartsua, itsu eta biluzik zaudena.
Laodizeako eliza Esmirnakoaren
alderantzizkoa da. Hari dinotso Jaunak: “ “Ezaguzten dot zure pobretasuna, baina aberatsa zara” Ostera Laodizea aberatsa sentizen
da baina pobrea da. Aberatsa sentidurik, bere
indarretan oinarritzen dau bere izatea. Esmirnakoa, ostera, indar gutxi
izatean, Jainkoarengan sentitzen da
indartsu.
Laodizeako elizari dinotsona guri ere
dinosku Jaunak: “Oxala, hotza edo beroa bazina!” Hotza dana, pekatari sentitzen
dana jabetu ahal da bere pekatuaz eta konbertidu ahal da. Ez hotz ez bero
danak, bere lozorroan, pekatuan darrai eta ezinezkoa jako konbertitzea. Suz
beterik dagoan Kristok, maitasunez
erretan dagoan Kristok, hotz ez bero ez dana bere ahotik botaka egiten dau.
Halan
da be, ez dau azken berba. Eliza “pobre, itsu eta biluzik” dagoan honi Kristok bere laguntza eskeintzen
deutso. Eurak, hain komertziante onak diranak,
sutan
purifikatutako urrea erosi beharra daukie. Euren begiak
garbituko daben kolirioa, euren bilustaunaz jabetu eta Kristoz
jantziteko, bateoaren jantzi zuriaz. Aholku
hau ematen dizut: eros iezadazu zeuretzat sutan garbituriko urrea, aberats
zaitezen, eta soineko zuriak zeure burua janzteko, larrugorri lotsagarritan
ager ez zaitezen; erosi kolirioa begietan emateko, ikus dezazun.
Jaunak beti eskintzen dau aukera. Urrunduta
dagoan Eliza ere maite dau eta bereganatu nahi dau. Gure Arratiako Eliza ere
bereganatu nahi dau. Ni ere, neure pobrezian, neure hoztasunean…. bereganatu
nahi nau.
Abestia: JAUNAGAN DAGO ERRUKIA, HARENGAN ASKATASUN UGARIA
Euren bihotz barritzea benetakoa bada, azkenean Laodizeako elizak kariñoz
eta maitasunez beteriko hitzak entzuten ditu. Jauna euren bihotzetako ate
itxien atzean jartzen da eta ate joka hasten da. Zabaltzeko eskatzen deutse,
sartu eta eurekin afaldu nahi dabelako. Betiko Jauna
da, ardi galduen bila dabilen Jauna. Maite ditudanei
egiten diet agiraka nik eta horiek zentzarazten ditut; izan, beraz, sutsu eta
aldatu jokabidez. Hara, atean nauzu
deika; norbaitek nire ahotsa entzuten badu eta atea ireki, harenean sartuko
naiz eta elkarrekin afalduko dugu. Jauna bere semea maite
eta zuzentzen dauan aita lez agertzen da.
Dei honekin Jesusek Laodizeako kristauak, eta garai guztietako eta toki guztietako
elizak, euren epelkeriatik atera nahi ditu eta federa gonbidatu. Azkenean bere koroiaren hartzaile proba gainditzen
dabenak izango dabe Jainkoaren tronuan jarteko aukera. Garailea neurekin
eseraraziko dut neure tronuan, neu ere garaile izan eta neure Aitarekin beronen
tronuan eseri naizen bezala.
Abestia:
JESUSEK
EBAN USTEA LORA FRUITU EGITEA. ERRUKITSUAK
IZAN GAITEZEN JESUS DA BIDEA. ERRUKIAREN ARGIA, PAZKO GABEKO SUZIA, KRISTOREN ARGIZ JANTZI GAITEZEN ZABALDUZ
GRAZIA.
No hay comentarios:
Publicar un comentario