Páginas

domingo, 19 de agosto de 2018

Krisiaren ikuspegia

Rufino Iraola
 
Gure ikuspegitik krisia beti txarra da. Baina saihestezina. Batzuen ustez, gizadiak bizi izan duen krisi globalenaren aurrean gaude. Gure biziaren alderdi askori erasaten die: ekonomiko, politiko sozial, erlijioso, ekologiko eta abarri.

Krisiak pentsarazi egiten digu, bakarka eta kolektiboki. Bidegurutzean ipintzen gaitu, eta, baliatzen jakinez gero, izan daiteke proportzio bikaina, biziberritzeko. Krisia gaindituko dugu gizaki zaharra erabat baztertu baino lehen berria eraikitzen dugunean. Aurrekoa baino zerbait hobea sortzen dugunean. Krisiak pertsona moduan hazten laguntzen digunean.

Esperantzari ateak ireki nahian nabil, baina iruditzen zait atzeraka goazela, inboluzioa ikusten dut alde guztietan: ekologikoan (berotze globala eta klima-aldaketa),  politikan (eskuin muturraren indartzea), ekonomian (neoliberalismoa) erlijioan (fundamentalismoa), armamentismoan (gastu militarren gorakada), aurrekontuen murrizketa arlo sozialean, osasunean eta heziketan… Gero eta ustelkeria-kasu gehiago. Etsitzekoa da panorama! 

Otañoren bertsoa zeinen zaharra eta zeinen berria: “Nor dirade gaiztoak? Beste bai, gu ez; / indarra nagusi ta gogorrena juez”. Zein da, egun, munduko juez? EE.BB, arma gehien eta armada handiena duelako. Besteek Txirritarena errepikatu behar: “Arrazoirik ez degu gutxi geralako”.  Irudipena dut segurtasunaren izenean gauza gehiegi justifikatzen ote den.

Hala ere, irekita utzi nahi ditut esperantzaren leiho eta ateak. Jarrera zientista eta inboluzionistaren artean hirugarren bide bat ari da zabaltzen, espiritualitatearen bidea, gizakiaren dimentsio bat gehiago den aldetik, erlijioarekin zerikusirik ez duena, fededunen nahiz fedegabeen artean pizten ari dena, den guztiaren arteko harmonia adierazten duena, natura eta unibertso osoa bat eginik ikustarazten diguna.

Leonardo Boffek dionez, espiritualitatea nahitaezkoa da gizadiaren etorkizunerako eta paradigma berria eraikitzeko. Bestetik, munduan zehar jende asko dago hurkoaren problematikaz arduratzen dena: immigranteak direla, gosea dela, osasuna dela… GKE, misiolariak eta kooperatzaileak existituko ez balira, “gureak egin du” esateko moduan geundeke. Horrez gain, salaketak, manifestazioak eta abar ere beharrezkoak dira.

Amaitu ere Leonardo Boffen hitzekin amaituko dut: “Bizia beti atera da garaile, eta gizakia gizakiago irten da abentura guztietatik. Orain ere ez da bestela izango, eta esperantzak du azken hitza”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario