Abenduaren 3an, Xabierko Frantzisko santuaren eta
euskararen eguna ospatzen dugu.
«Saint François Xavier», Molères jaunaren liburua,
«Parole et Silence» argitaletxeak plazaratua.
Bere arima Jainkoaren esku jarri aurretik, Xabierko
Frantziskok, azken otoitzat, haurtzaroko euskaraz aurkitu zuen, beraren
idazkari eta Txinarako bideko lagunak dioenez; nafar apostoluaren
oroigarritzat, urtero bezala 1949an gero, abenduaren 3ko igande hau euskararen
seinaletzat emango da, Xabierri eskainia den nazioarteko egunean. Molères
jaunak,1986-2008an Baionako gotzain izanak, argitara eman berri du «Saint
François Xavier» «Parole et Silence» argitaletxean. Pozik dakargu geure «Lettre
Basculture»ra berak bidali digun testu hau. ALC
Xabierko Frantzisko
santua, Kristoren konkistatzailea.
Zein zen, ordea,
gizon hau, Kristoren konkistatzaile izan zena munduaren azken muturreraino?
Lehenik eta behin,
gizon sakon errotua izan zen Euskal Herriko Nafarroan [«basco-navarrais»
lurraldean]; 1506ko apirilaren 7an jaio zen Nafarroako Xabierko gazteluan, hiru
dorreko egoitza goitiarrean, kanoi-zulo, gotor-dorre, zubi altxagarri eta
guzti; aitaren aldetik, XIV. mendean Jatsun, Behe Nafarroako Donibane Garazitik
hurbil, bizi zen Etcheberria familiakoa zen; amaren aldetik, berriz, Azpilkueta
aitoren familiakoa, Baztanen, Karlomagnoren denbora baino askoz lehenago
nobletukoa. Aita, Jatsuko Joan, Bolognako unibertsitatean zuzenbidean doktorea,
bere gaitasun eta jakinduria-fama zela medio Nafarroako erregeen lehendakari
lehenetsi bilakatu zen, eta «alcalde mayor», Nafarroako Auzitegi Goreneko
lehendakari iraunkor; bere lanbidea eta Gorteko premiak zirela-eta Iruñeari
atxikia zelako, sarritan dei egiten zien bere seme-alabei beregana, eta inoizka
beraiekin bizi ohi zen. Maria anderea eta honen ahizpa ezkongabea saiatu ziren
sei haurrak ahal bezain hobekienik hezten; fede eta harmonia-giro honetan
espero gabeko gertaera bat sortu zen; 1512ko uztailaren 12an, Albako dukea
ustekabean jabetu zen Iruñeaz, Gaztelako Fernando erregearen izenean;
Nafarroako erregeak, Albreteko Joanek, ihes egin beharra izan zuen, presaka,
Jatsuko Joan bere aholkulariarekin batean. 1515eko ekainaren 15ean, Fernandok
erabat erantsi zion Nafarroa Gaztelari; urte bereko urriaren 16an hil zen
Jatsuko Joan, gaitzetsirik. Adorez, beraren emazteak aurre egin zion zoriari,
murriztu zuen familiaren bizi-maila eta bere lehengusu funtzionario
Azpilkuetako Martini dei egin zion, eta gazteluan jarri zen hau bizitzen, baina
alditxo bat geroago hondatu egin zuen gaztelua Fernando erregearen lehen
ministroak; zirkun-zarkun askoren bidez, airean eduki zuten bi anaia zaharrenek
Gaztelako gudarostea, nafarrek amore eman zuten eguna arte.
Frantziskok 19 urteak harrapatu berriak
zituen; Maria andereak, amak, pena handiaz egin bazuen ere, Pariseko unibertsitate sonatura bidali zuen,
unibertsitate-graduen bila; horrela, haurtzaro zoriontsu baten ondoren, bizi
izandako lantu, gerla, eragozpen eta biziera-murrizketak bere probaldiak
gainditzen erakutsi zioten Frantziskori eta bere izaera moldatzen.
Izan ere, ikasle gazte honek benetako
izaera du: «moldatzea lanik handiena eman zidan bururik gogorrena» esango zuen
Loiolako Ignazio santuak gure Xabierrez. Laster, arrakasta izan zuen Frantzisko
Xabierrek bere ikasketetan; mutil distiratsua, kirolaria, arrakastatsua,
altuera-jauzian txapeldun atera zen eta arte-maisutza lortu zuen, irakasle
izateko eskubidea eman ziona; baina Sainte Barbe ikastetxean, non bizi baitzen,
gela-lagun zituen Pedro Fabro zelako bat –santu deklatua izan zena− eta
Loiolako Iñigo, 15 urte zaharragoa, Iruñeko setioan zauritua, Nafarren aurkako
tropa gaztelauen arteko militarra; Iñigo konbertitu egin zen eta Sorbonara
joana zen bere ikasketak osatzera; Xabier gazteak goitik begiratzen zion
trakets jantzia zen Gipuzkoar honi, zeinak halako batean Ebanjelioko galdera
nahasgarri hau bota baitzion: «zertako du on gizakiak mundua irabaztea, bere
arima galtzen badu?» Pixkana, Ignaziok biziera espiritualeko bidean gidatu zuen
Xabier, Espiritu Santuak inspiratutako metodo batez, idatziz jarriaz: Gogo
Jardunak.
Ordudanik, beste bost gazterekin,
taldean bizi izan zen Xabier Ignazioren inguruan, eta, 1524ko abuztuaren 15ean,
pobretasun, kastitate, obedientzia eta aita santuarekiko menekotasun botoak zin
egin zituzten zazpiek.
Hasia zen biziera berri bat; 11 urtez,
haietako 5 itsasoan, sarritan egoera oso arriskutsuan, misiolari gazte honek,
konbertitu baten fedeaz, hondoraino bizi izan zuen Kristorekiko atxikimendua;
ezagutarazi egin nahi du Kristo hori munduaren beste muturrean; helburu
honekin, Indiarantz doa, Malakarantz, Malaysiarantz, Indonesiarantz,
Japoniarantz, ekaitz izugarriak jasan ondoren: «ez dut inoren beldurrik,
Jainkoarena baizik; ezereztzat ditut gainerako beldur guztiak» idatzi zion arrats
batean jesuita adiskide bati.
Lehorreratzen den lurralde bakoitzean,
itzultzaile bat aurkitzen saiatzen da, hasi-masiko kristau-ikasbide bat emateko
tamileraz, malaysieraz, japonieraz; ondoren, gaixoak zaintzera joango da,
pobreekin bizitzera; bere burua jarriko du jokoan beti; «Ebanjelioa ereiten
ausartu beharra du» zioen.
Bakartasun eta misio-fundazioko hamaika
urte hauetan, gizon ausart honek barne eboluzio handia joko du Espiritu
Santuaren eraginpean; bere lehen formaziokoan, kristau-formazio zorrotza hartu
zuen, teologia amorekaitzaz, intrantsigenteaz; gero eta gehiago, ordea, beste
begiratu bat lortu du Jainkoaz eta bidean topatzen duen jendeaz; jabetu da, paganoek
ere badituztela beren baloreak eta berak ere jaso dezakeela aberastasunik halakoen
kulturatik; bataiatu gabe hiltzen ziren haurrek Jainkoa ez zutela ikusiko uste
zuen hark, bakardadean eta Jainkoaren graziaz probaldian bizitzen aurrera egin
ahala, errotik aldatuko du ikusmolde hori.
Egin du beste aurkikuntza espiritual
bat ere, oso sustrai sakonekoa; hasieran pentsatzen zuen, Jainkoari zerbitzua
eskaintzen ahal ziola, kristau berrien eskaintza eginez, ebanjelizatu berriak
zitukeen lurralde eta kulturetako jendea eskainiz, alegia; denborarekin jabetuko
da, Jainkoak eman dion graziarekin, Jainkoaren beraren bidali bat dela eta
Jainkoaren gogoko izaten ikasi behar duela, apal-apal.
Gazte konbertitu berria zela,
Jerusalemera erromes joatea zuen amets; bizitzaren arratsean, uste du, badela
beste bide bat ere: Txinatik Jerusalemera; bakardadean eta gaixotasunean
aurkitu zuen, haizeak astindutako lastozko txabola batean, Jesus bere bila
zetorkiola; bere sukar-ametsean otoitz egin zuen, dudarik gabe euskaraz,
ondoren latinez; Sancian uhartetxoak, Canton lurraldean, eskaini zion hilobia
gure Xabierri; hara etorri zitzaion Jesus bila. Xabierrek ez zuen izan gehiago
Jerusalemera joan beharrik.
Legenda jainkozale batek kontatzen du
(kontuan izan, legendak sarritan Historiak baino osagai egiazkoagoak izaten
dituela), handik milaka kilometrora, Nafarroako Xabierko egoitzan, gazteluko
sarrerako pasabidean dagoen Kristoren gurutzea, odol-geruza fin batek estali
zuela, Xabierren hilzorikoan.
Frantzisko, Kristoren konkistatzaile
hura, iritsia zen, azkenean, bere bidaiaren amaierara, nekeak eta izerdiak
jota, beti ere Kristoz suharturik.
«Maitasunak ez dio inoiz ere aski da»,
dio Liburu Santuak; «Infernua ez da maitasuna bezain zabala», dio Claudel-ek.
1552ko abenduaren 3an, Xabierko
Frantzisko Jainkoaren begiradapean hil zen. Bere erara bizi izan zuen, bere
bizitzaldi labur eta zarra-marratsuan, pazko-misterioa, bere esperientzia
bikoitzez: saltoka eta trebuka, asto ausarditsuz eta bukaerarik gabeko
itxarotez, heriotzaz eta piztueraz.
Berrogeita hamar urte geroago, beste
jesuita batek, Aita Mateo Richik, lortuko du Txinan sartzea, beste metodo
batzuez, beste ausardi batzuez eta beste pazientzia batzuez; izan ere, San
Bizente Paulek diosku: «Maitasuna asmatzailea da infinituraino».
Molères jaunaren
«Saint François» liburua «Parole et
Silence» argitaletxeak plazaratu du.
Pierre Molères. Baionako gotzain ohia.
Euskeratzailea: Dionisio Amundarain Sarasola
No hay comentarios:
Publicar un comentario