José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Haserre
profetikoz mintzo da Jesus. Beraren hitzaldia, jendeari eta bere ikasleei
zuzendua, Israelgo buruzagi erlijiosoei egindako kritika zorrotza da. Mateok
laurogeigarren urte inguruan jaso du hori, kristau Elizaren gidariak antzeko
jokabidean eror ez daitezen.
Ekar
ote genitzake gaur gogora Jesusen akusazio horiek bakez, konbertsio-jarreraz,
polemika antzuetarako gogorik gabe? Jesusen hitzak gonbita dira, gotzainek,
apaizek eta eliz erantzukizunen bat dugun guztiok geure jarduerari berrikusi
bat egin diezaiogun.
«Diotena ez dute egiten». Geure bekaturik handiena inkoherentzia dugu. Ez dugu bizi
predikatzen duguna. Badugu botererik, baina aginpidea zaigu falta. Geure
jokabideak gezurtatzen gaitu. Zuzendarien biziera ebanjelikoago baten
etsenpluak giroa aldatuko luke kristau-elkarte askotan.
«Zama astun eta jasanezinak lotzen dituzte eta gizon-emakumeei lepoan
ezartzen; berek, ordea, ez dute mugitzen hatz bat ere haiek eramateko». Egia da. Sarritan zehatz eta
zorrotz izan ohi gara besteekin, ulerkor eta sentibera geure buruarekin. Jende
xumea estutzen dugu geure eskakizunekin, eta ez diegu errazten Ebanjelioaren
harrera. Ez gara Jesus bezalako, hura bere zama nola arinduko ibiltzen da, apal
eta bihotz-xume da eta.
«Jendeak ikus ditzan egiten dute den-dena». Ezin ukatu dugu oso gauza erraza
dela geure irudiari nola eutsiko bizitzea, ia beti besteen aurrean nola «ondo
geldituko» bila. Ez gara bizi zokorik zokoena ikusten duen Jainko horren
aurrean. Arduratsuago gara geure izen pertsonalaz.
«Lehen postuak dituzte atsegin eta lehen jarlekuak [...] eta kalean agur
egin diezaieten eta maisu deitu diezaieten». Lotsa ematen digu aitortzea, baina hori dugu
gustuko. Tratu berezia eman diezaguten nahi izaten dugu, eta bilatzen, eta ez
anaia edo arreba gehiago bezala. Ba ote gauza barregarriagorik, Jesusen lekuko
bat kristau-elkarteak bereizi eta adeitasunez har dezan bila ibiltzea baino?
«Ez utzi maisu esan diezazueten [...] ezta irakasle ere [...] zeren bat
bakarra baita zuen Maisua eta zuen Irakaslea: Kristo». Ebanjelioaren agindua ezin izan da
argiagoa: uko egin tituluei, Kristori itzalik ez egiteko; norabidetu fededunen
arreta harengana bakarrik. Zergatik ez du Elizak ezer egiten hainbat titulu,
hainbat onura-bide, hainbat ohore eta duintasun-adierazpen ezabatzeko, argiago
agertze aldera Jesusen aurpegi apal eta hurbila?
«Ez deitu inori zeuen aita lurrean, bakarra baita zuen Aita:
zerukoa».
Jesusentzat, Aita titulua hain bakarra, sakona eta bihozkoia da, non inork ez
bailuke hartu behar titulu hori kristau-elkartean. Zergatik uzten dugu
erabiltzen?
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario