José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Sarritan,
fededunek «familia» era abstraktuan harturik defenditu izan dugu; Ebanjelioaren
arabera ulertu eta bizi izandako egitasmo familiar baten eduki zehatzaz gogoeta
egitera gelditu gabe. Eta, halere, ez da aski familiaren balioa besterik gabe
defenditzea; izan ere, familia era oso desberdinetan gauzatzen baita bizitza
errealean.
Badira
gizartearen zerbitzura irekiak diren familiak, eta badira beren probetxu
propiora tolesturik bizi diren familiak. Badira egoismoan hezten dituzten
familiak, eta solidaritatea irakasten duten familiak. Familia askatzaileak eta
familia zapaltzaileak.
Jesusek
fermuki defenditu ditu familia-erakundea eta ezkontzaren egonkortasuna. Eta
zorrotz kritikatu ditu gurasoez axolatzen ez diren seme-alabak. Alabaina,
familia ez da Jesusentzat gauza absolutu eta ukiezin bat. Ez da idolo bat. Bada
familia baino goragoko eta lehenagoko den zerbait: Jainkoaren erreinua eta
haren zuzentasuna.
Funtsezko
gauza ez da haragizko familia, baizik guztion artean eraiki beharreko familia
handi hori, Jesusen lankide izanik Aitaren erregetzari bideak urratzeko.
Horregatik, egitasmo honetan Jesusi jarraitzeko geure familia oztopo bihurtzen
bazaigu, haustura eskatuko du Jesusek eta familia-harreman horiek bertan behera
uzteko. «Bere aita edo ama ni baino gehiago maite duena ez da nire duin. Bere
alaba edo semea ni baino gehiago maite duena ez da nire duin».
Familiak
gainerakoekin solidario eta anai-arreba izatea eragozten badu, eta Jainkoak
gizon-emakumeen artean nahi duen zuzentasunaren alde lan egiten uzten ez badu,
askatasun kritiko bat bizitzea eskatzen du Jesusek, jarrera horrek familian
gatazkak eta tirabirak eragingo baditu ere.
Eta
galdera: gure etxeak balio ebanjelikoen eskola al dira; adibidez, anai-arreba
artekotasuna, erantzukizunez gizarte zuzenago bat bilatzea, soiltasuna,
zerbitzua, otoitza, barkazioa? Ala, aitzitik, «ebanjelizazioaren» kontrako gune
ote dira, egoismoaren, zuzengabekeriaren, konbentzialismoen, alienazioaren eta
gure gizartea azal huts bihurtzeko transmisio-uhal ote dira?
Zer
esan familia honetaz: semea edo alaba klase-egoismora, biziera itsatsi eta
segurura, etekin handienaren idealera, gainerako guztiaz ahaztera norabidetzen
duenaz? Semea edo alaba hezten ari ote gara benetan, soilik lehiaketarako eta
aurkaritzarako motibatzen dugunean, zerbitzurako eta solidaritaterako motibatu
ordez?
Hau
al da katolikoek defenditu behar dugun familia? Familia honetan entzuterik
izango ote dute Ebanjelioa belaunaldi berriek? Familia-mota hau ez ote dugu
«bertan behera utzi» beharrekoa?, hain juxtu, Jesusek nahi duen
bizi-egitasmoari leial izateko?
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario