José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Duela
urte batzuk, alemaniar teologo handi bat, Karl Rahner, ausartu zen esatera ezen
gaur egungo Elizak «bere eskastasun espirituala» duela bere arazorik nagusiena
eta premiazkoena. Hona haren hitzak: Elizaren benetako arazoa da «gero eta
neurri handiagoan etsirik eta asper-asper eginik jarraitzen duela eskastasun
espiritual baten ohiko bideetan barna».
Arazoa
larritu besterik ez da egin azken hamarkada hauetan. Ezer gutxirako izan dira
erakundeak berrindartzea, liturgia onik gordetzea edo ortodoxia zaintzea.
Kristau askoren bihotzean itzaliz doa Jainkoaren barne-esperientzia.
Gizarte
modernoak «kanpoaldea» hobestera jo du. Den-denak gonbidatzen gaitu azaletik
bizitzera. Den-denak eragiten digu presaka ibiltzera, ia arretarik jarri gabe
ezertan eta inorengan. Bakeak ez du jada zirrizturik aurkitzen gure bihotz
barnera sartzeko. Ia beti, bizitzaren gainazalean bizi gara. Ahazten ari zaigu
zer den bizitza barnetik ahogozatzea. Gizakoi izateko, gure bizitzari funtsezko
alderdi bat falta zaio: barnetasuna.
Tristea
da ikustea, kristau-elkarteetan ere ez dakigula zaintzen eta eragiten barne
bizitza. Jende askok ez daki zer den bihotzaren isiltasuna, ez da adierazten
fedea bihotz barnean bizitzen. Barne esperientziarik ez dugula, geure arimaz
ahazturik jarraitzen dugu existitzen: hitzak belarriz entzunez, otoitzak
ezpainez esanez, bihotza urrun dugularik.
Elizan
asko hitz egiten da Jainkoaz, baina non eta noiz entzuten dugu fededunok
Jainkoaren presentzia isila geure bihotzaren hondoenean? Non eta noiz egiten
diogu harrera Berpiztuaren Espirituari geure barnean? Noiz bizi ohi dugu
elkartasun-giroa Jainkoaren Misterioarekin geure bihotz-barnean?
Jainkoaren
Espirituari harrera egiteak esan nahi du, alde batera utzi dugula gugandik
urrun eta gugandik kanpo dagoela uste dugun Jainkoari hitz egitea, eta gai
bihurtu garela bihotzaren isiltasunean mintzo zaigun Jainkoari entzuteko. Esan
nahi du, utzi egin diogula Jainkoaz adimenaz bakarrik pentsatzeari, eta ikasi
dugula Jainkoa geure izatearen zokoenean sumatzen.
Jainkoaz
dugun barne esperientzia honek, egiazkoa eta zehatza den honek, eraldatu egiten
du gure fedea. Harriturik gelditzen zara pentsatzean: nolatan bizi izan naiz,
gero, hau guztia lehenago aurkitu gabe? Orain badakizu zergatik den posible
sinestea kultura sekularizatu baten barruan bizi zarela ere.
Orain barne poz
berri eta desberdin bat sentitzen dugu. Uste dut, oso nekez mantendu daitekeela
luzaroan Jainkoarekiko fedea, gaur egungo bizitza zalapartatsu eta arinean,
atzeman gabe, modu apal eta xume batean bada ere, nolabaiteko barne
esperientzia bat Jainkoaren Misterioaz.
|
||||||||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario