José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Azken
Afaria bukatzean, ikasleak sumatzen hasi dira, Jesus ez dutela jada berekin
luzerako izango. Judas presaka irtetea, Pedrok laster ukatuko duela iragartzea,
Jesusen hitzak laster joango dela esanez: horrek guztiek utzi ditu koloka eta
larri. Zer izango da beraiez?
Jabetu
da Jesus haien tristuraz eta nahasmenduaz. Bihotza hunkitu dio horrek. Bere
buruaz eta datorkionaz ahazturik, ikasleei bihotz ematen ahalegindu da: «Ez dadila larritu zuen bihotza; sinetsi Jainkoagan
eta sinetsi nigan ere». Geroago, hizketan ari direla, aitorpen hau
egin die Jesusek: «Ni naiz bidea, egia eta
bizia. Ezin joan da inor Aitagana, nire bidez ez bada». Ez dute
ahaztu behar hori sekula.
«Ni naiz bidea»
Oso
gutxi ez direnen arazoa, ez da bidea galdurik edo bide okerretik ibiltzea.
Besterik gabe, biderik gabe bizi izatea dute arazoa, labirinto antzeko batean
galdurik: aurrera eta atzera ibiliz mila bidetan, unean uneko esloganek eta
modek kanpotik esaten dietenei jarraiki.
Eta,
zer egin lezake gizon edo emakume batek biderik gabe dagoenean? Norengana jo
lezake? Nora joan liteke? Jesusengana hurbiltzen bada, aurkituko duena, ez da
izango erlijio bat, baizik bide bat. Batzuetan, fedez egingo du aurrera; beste
batzuetan zailtasunekin egingo du topo; are gehiago, atzera ere egin lezake,
baina bide zuzenean dabil, Aitagana daraman bidean. Horixe da Jesusen promesa.
«Ni naiz egia»
Hitz
hauek gonbit eskandalagarri dira belarri modernoentzat. Den guztia ez da
mugatzen arrazoiaren mailara. Teoria zientifikoak ez du berekin egia osoa.
Errealitatearen azken misterioa ezin atzeman daiteke analisi sofistikatuenen
bidez. Errealitatearen azken misterioa begi aurrean duela bizi behar du
gizakiak.
Azken
Misterio horretara gidatzen eta hurbiltzen gaituen bide bezala aurkeztu zaigu
Jesus. Jainkoak ez du inor derrigortzen. Inor ez du behartzen proben eta
ebidentzien bidez. Azken Misterio hori isiltasun da eta errespetuzko erakarpen.
Jesus da bere Ontasunera ireki gaitzakeen bidea.
«Ni naiz bizia»
Gure
bizitza eraldatuz joan daiteke Jesus. Ez urruneko maisu bat bezala, gizadiari
jakinduria miresgarriko altxor bat utzia dion maisu bat bezala, baizik eta bizi
den norbait bezala, geure izatearen hondo-hondoan, bizi berri baten hazia
ereiten digun norbait bezala.
Jesusen
egintza hori, gure baitan, era lau eta isilean gauzatzen da ia beti. Fededunak
berak ere sumatu bakarrik egiten du atzeman ezineko presentzia bat. Batzuetan,
alabaina, ziurtasunak betetzen gaitu, gorde ezineko pozak, erabateko konfiantzak:
bada Jainkoa, maite gaitu, dena da posible, baita betiko bizia ere. Ezin
ulertuko dugu kristau-fedea, Jesus onartzen ez badugu bide, egia eta bizi
bezala.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario