José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Kristau-elkarteetan
beste harreman bat behar dugu bizi Jesusekin, harekiko harremana biziberrituz.
Deliberatuki jarri behar dugu bera geure bizitzaren bihotzean. Ohikeriazko
moduan aitortutako Jesus batetik, bizigiroan onartutako Jesusengana igaroz.
Joanen ebanjelioak garrantzizko hainbat iradokizun egiten ditu ardiek beren
Artzainarekin bizi behar duten harremanaz hitz egitean.
Lehenengoa
da, «haren ahotsa entzutea», beraren freskotasun eta jatortasun betean hartuz.
Nahastu gabe tradizioekiko errespetuarekin edota modaren berritasunarekin.
Nahastu edo zoratu gaitzaten utzi gabe beste ahots arrotz batzuek, Elizaren
barnean entzuten badira ere, Berri Ona komunikatzen ez dutenek.
Garrantzizkoa
da, Jesusek «geure izenaz» dei egiten digula sentitzea. Hark berak erakar
gaitzan utziz. Konturatzea pixkana, eta aldioro poz handiagoz, inork ez diela
erantzuten Hark bezala gure galdera erabakitzaileenei, gure gurari sakonenei
eta gure azken premiei.
Erabakitzailea
da, Jesusi «jarraitzea». Kristau-fedea ez datza Jesusez gauzak sinestean,
baizik hari berari sinestean: harengan konfiantza izanez bizitzean. Haren
bizierak inspira gaitzan uztean, geure bizitza norabidetzeko argiro eta
erantzukizunez.
Bizi-arazoa
da ibiltzea, Jesus «geure aurrean» dugula. Ez egitea geure bizitzaren ibilbidea
geuk bakarrik. Esperimentatzea halakoren batean, era traketsean bada ere,
posible dela bizitza bizitzea bere hondo-hondoan arnastuz; Jesusengan eskaini
zaigun Jainko horrengan arnastuz, geure teoria guztiak baino gizatarrago,
adiskideago, hurbilago eta salbatzaileago eskaintzen zaigun horrengan, alegia.
Jesusekiko
harreman bizi hau ez da jaiotzen gugan era automatikoan. Iratzarriz joan ohi da
gure barnean era hauskor eta apalean. Hasiera batean, desio huts bezala kasik.
Oro har, duda-mudaz, galdekizunez eta uzkurtasunez inguraturik hazi ohi da.
Alabaina, ez dakit nola, iristen da une bat, zeinetan Jesusekiko ukipena
deliberatuki hasten baita gure bizitza markatzen.
Konbentzimendua
dut, kristau sentitzen garenon bihotzean momentu hauetan erabakiko dela, hein
handian, gure fedearen etorkizuna. Gaur egun berean, biziberritzen edota
itzaltzen ari da fedea gure parrokietan eta elkarteetan, haietako kide garen
apaizen eta fededunen bihotzean.
Federik
eza gure baitan sartzen hasten da, Jesusekiko gure harremana indarra galtzen
hasten den momentutik, edota ohikeria, axolarik eta ardurarik eza direla-eta
erdi lo gelditzen da. Horregatik, Frantzisko aita santuak aitortu du «gune
motibagarri eta saneagarriak sortu beharrean garela... Jesusekiko fedea
eraberritzeko lekuak, alegia». Jesusen deia entzun beharra dugu.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario