José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Ebanjelioek
hiru emakume miresgarriren oroitzapena gorde digute: Jesus hobiratua izan den
hilobira hurbildu dira hirurak larunbat egunsentian. Ezin ahaztu dira Jesusez.
Beste inor baino gehiago maite dute. Gizonezkoek, aldiz, ihes egin dute, eta
ezkutatu egin dira, agian.
Hilobira
iristean emakumeek entzun duten mezuak aparteko garrantzia du. Ebanjeliorik
zaharrenak dio: «Nazareteko Jesusen bila
zabiltzate, gurutziltzatua izan denaren bila? Ez da hemen. Piztu da».
Oker handia izango litzateke Jesusen bila herioaren munduan ibiltzea. Bizi da
betiko. Ezin aurkituko dugu Jesus, bizia hila den leku batean.
Ez
dugu ahaztu behar. Kristo berpiztua aurkitu nahi badugu, biziaz eta indar
kreatzaileaz betea den hura alegia, ez dugu bilatu behar hila den erlijio
batean, ezta aginduak eta ohikeriazko errituak agerian betetzeari emandako
erlijio batean, ezta itzalia den fede batean, sostengutzat topikoak eta formula
xahutuak dituen eta Jesusekiko maitasun bizirik ez duen fede batean ere.
Beraz,
nor aurki genezake? Mandatu hau jaso dute emakumeek: «Orain, zoazte esatera ikasleei eta Pedrori: Zuen
aurretik doa Hura Galileara. Han ikusiko duzue». Zergatik itzuli
behar dugu Galileara Berpiztua ikusteko? Zer esanahi sakon du bere baitan
gonbit honek? Zer esan nahi digu gaur eguneko kristauei?
Galilean
entzun zituzten, lehen aldiz eta beren garbitasun osoan, Jainkoaren Berri Ona
eta Jainkoaren gizatasun-egitasmoa. Gaur egun bihotz xumez eta irekiz entzuten
ez baditugu, irakaspen beneragarriz janarituko gara, baina ez dugu ezagutuko
Jesusen Ebanjelioaren poza, gure fedea «berpizteko» gai den hura.
Galileako
lakuaren ertzean hasi zen Jesus bere lehen jarraitzaileei dei egiten, bere
biziera bera nola bizi haiei erakusteko, eta bere lankide nola izan, bizitza
gizatasun handiagoko egiteko berak hartua zuen zereginean. Dei egiten
jarraitzen digu Jesusek gaur egun ere. Haren deia entzuten ez badugu eta hura
«gure aurretik ez badoa», noranzko bidea hartuko du kristautasunak?
Galileako
bideetan hasi zen sortzen Jesusen lehen elkartea. Haren ondoan esperientzia
berezi-berezia biziko dute haren jarraitzaileek. Haren presentziak betetzen du
dena. Jesus dute erdigunea. Haren ondoan ikasi dute harrera egiten, barkatzen,
bizitza sendatzen eta Jainkoaren maitasun hondorik gabean konfiantza
ernetzen.Gure elkarteen erdi-erdian, ahalik lasterren, Jesus jartzen ez badugu,
ez dugu esperimentatuko sekula haren presentzia geure artean.
Galileara
itzultzen bagara, Jesus berpiztuaren «presentzia ikusezina» giza ezaugarriz
janzten hasiko da ebanjelioko kontakizunak irakurtzean, eta haren «presentzia
isilak» ahots zehatza berreskuratuko du haren arnasa-hitzak entzutean.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario