José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Joan
Bataiatzailea hiltzea ez zen izan ezusteko bat. Judu-herrian oso hedatua zen
ideia baten arabera, profetaren zoria ulertezina izatea da, ukatua izatea eta,
kasu askotan, heriotzara galdua izatea. Segur aski, oso garaiz barruntatu zuen
Jesusek beretzat indarkeriazko azken bat.
Jesus
ez zen izan suizida bat, ez zen ibili martiritzaren bila. Ez zuen sekula
sufrimendua opa izan, ez beretzat, ez beste inorentzat. Bizitza osoan saiatu
zen haren kontra, bai gaixotasunean, bai zuzengabekerian, bai bazterkerian edo
etsipenean. «Jainkoaren erreinua eta haren zuzentasuna bilatzea» izan zuen bere
asmo guztia: zeruko Aitak gogoko duen mundu duinago eta zoriontsuago baten
bilatzeari emanik bizi izan zen.
Pertsekuzioa
eta martiritza onartzen baditu, bere seme-alabak sufritzen ikusi nahi ez dituen
Jainkoaren asmori leial izateagatik izan da. Horregatik, ez doa heriotzaren
bila, baina atzera ere ez du egin. Ez du ihes egin mehatxuen aurrean, ez du
aldatu edo leundu bere mezua ere.
Aise
ihes egiten ahal zion Jesusek eraila izateari. Aski izango zuen isiltzea eta ez
azpimarratzea tenpluan edo erromatar prefektuaren jauregian haserrea eragin
zezakeen ezer. Baina ez. Bere bideari jarraitu zion. Nahiago izan zuen heriotza
bere kontzientziari saldukeria egitea baino, Jainkoaren, bere Aitaren, asmori
desleial izatea baino.
Segurtasun-faltaren,
gatazkaren eta salaketen giroan bizitzen ikasi zuen. Eguna joan eguna etorri,
bere gogoa bere egitekoari estuago lotuz joan zen, eta bere mezua argi eta
garbi hots egiten. Mezu hura zabaltzera ausartu zen, ez Galileako herrixka
baztertuetan bakarrik, baita tenpluaren ingurune arriskutsuan ere. Ez zion ezerk
atzera eginarazi.
Jainkoari
leial zelako hil zuten, harengan ezarria baitzuen beti bere konfiantza. Guztiei
onarpena eskaintzen jarraitu zuen, baita bekatariei eta desiraezin zirenei ere.
Berari uko egitera iristen badira, «baztertu» bat bezala hilko da, baina
bizitza osoan zer izan den baietsiko du heriotza horrek: inor zapuzten ez duen
eta bere barkazioa inori ukatzen ez dion Jainkoagan izan duen erabateko
konfiantza du.
Jainkoaren
eta haren erreinuaren bila jarraituko du, bat eginez pobreenak eta mespretxatuenak
direnekin. Egun batean gurutzean, esklaboei dagokien tormentuan, hiltzen
badute, pobre eta mespretxatu bat bezala hilko da; baina betiko zigilatuko du
bere heriotzaz Jainkoagan duen konfiantza, hark salbazioa opa baitie
gizon-emakume guztiei esklabotza guztitik.
Jesusengan, haren jarraitzaileok errealitatearen azken
Misterioa aurkitu dugu, gizakiari dion maitasunean eta erabateko eskaintzan
haragitua den Misterioa. Gurutziltzatua izan den horren maitasunean Jainkoa
bera ageri zaigu, sufritzen ari diren guztiekin bat eginik, zuzengabekeria
guztien kontra oihuka eta aldi guztietako borreroei barkatzen. Jainko honengan
sinetsi daiteke edo ez, baina ezin egin zaio isekarik. Honengan dugu kristauok
geure konfiantza. Ezerk ez dio atzera eragingo bere seme-alabak salbatzeko
eginahalean.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario