Begitun agertu zan Eritxi artikulua dala-eta, (Eskola laikoaren alde) polemikan sartu barik, gure eritxia be konpartitu gura dogu. Ondoko ohar hau bialdu gura dogu Begitura, hurrengo alean, Eritxi sailean atara dagien. Arratiako 25 guraso.
Erlijinoaren
irakaskuntza eskolan baloratzeko orduan, ikuspegia osotzeko baliagarri suertatu
leiteke Europara begiratu bat emotea, sarritan hemen erlijinoaren presentzia geure
historia hurbil eta gorabeheratsuagaz lotzen dogu-ta.
Europan erlijino
irakasgaia presente dago ia herrialde guztietan (Finlandian, Suedian eta
Holandan esaterako, nazio honeetan hezkuntza maila bikaintzat hartzea
galarazoten ez dauala). Irakasgai hau ikasketa-planetan
presente ez dagoan kasu bakarra Frantzia da (eta ez Frantzia osoan, eskualde
batzuetan onartzen da-ta). Nazio batzuetan irakasgaia derrigorrezkoa da
(Alemania, Finlandia…) eta beste batzuetan aukerakoa (Espainia, Belgika,…).
Azken honeetan erlijino irakasgaia aukeratzen ez dauanari beste irakasgai bat eskaintzen
jako. Badagoz nazio batzuk non erlijinoaren ikaskuntza eskolan egotearen
lege-oinarria konfesino erlijiosoakaz sinatutako akordioak eta hitzarmenak diran
(Espainia, Lituania, Kroazia…); beste herrialde batzuetan, ostera, zuzenean konstituzino
berbera da oinarria (Dinamarka, Luxenburgo, Holanda…); eta beste batzuetan hezkuntza
legeen mailan onartuta dago.
Aitatu herrialdeetan
erlijinoaren presentzia konfesionalak ez dau talka egiten hezkuntza-sistemagaz,
asmoa ez dalako dotrina edo katekesia irakastea, baizik eta fedea eta kultura
alkarrizketan jartzea. Gizarteak, gure seme-alaben heziketarako eskolari
aitortzen deutsogun garrantzi erabatekoa kontutan hartuta, familia askorentzat
hezkuntza osoa benetan osoa izateko dimentsio erlijiosoa barnean hartu behar
dau; horrek ez dau behartzen beste inoren aukerea. Legeak babesten dauan
pluraltasun horretan oinarrituta, balio komunak (errespetua, tolerantzia,
alkartasuna…) danongan sendotu daiguzan eta gura dauanarentzat balio
erlijiosoei (traszendentziaren zentzua, baldintza bako barkamena…) leihoak
irekitzeko aukerea emon deiogun; holan jokatzea alkarbizitzarako onuragarria
dalakoan gagoz.
Arratiako 25 guraso
No hay comentarios:
Publicar un comentario