José Antonio Pagola. Itzultzailea:
Dionisio Amundarain
Jesusen jarduera eta mezua bildu zituen lehen idazleak
hitz hauekin laburbildu zituen: «Jainkoaren Berri Ona» hots egiten zuela
Jesusek. Geroago, gainerako ebanjelariek grekozko termino bera (euaggelion)
erabili zuten, konbentzimendu bera adieraziz: Jesusek hots egindako Jainkoagan,
zerbait «berri» eta «on» sumatzen zuen jendeak.
Ba ote da Ebanjelio horretan, gaur oraino, gure
gizarte axolagabe eta fedegabe honetan, gure egun hauetako gizon-emakumeentzat
zerbait berri eta on bezala irakur litekeen zerbait? Jesusek iragarritako
Jainkoagan suma daitekeenik, eta zientziak, teknikak edo aurrerapenak erraz
eskain ez dezakeenik? Nola bizi daiteke Jainkoaganako fedea gure egun hauetan?
Jesusen Ebanjelioan fededunok Jainko hau topatzen
dugu: bizia erregalu bezala, bere jatorria Maitasun den errealitatearen azken
misterio bezala, sentiarazi eta biziarazten digun Jainkoa. Onuragarri dut neure
existentzian neure burua bakarrik eta galdurik ez sentitzea, ezta zoriaren edo
halabeharraren eskuetan ere. Badut Norbait, nori eskertu neure bizia.
Jesusen Ebanjelioan Jainko hau topatzen dugu: geure
trakeskeriak eta guzti, adorea ematen diguna geure askatasuna defenditzeko,
inolako idoloren esklabo gertatu gabe; behin ere ez bizitzeko, ez erdizka, ez
berekoi; baizik eta molde berri eta gizakoiagoak ikasten joan gaitezen lanerako
eta gozamenerako, sufrimenerako eta maitasunerako. Onuragarri dut eskura izatea
Jainko horrenganako neure fede koxkorraren indarra.
Jesusen Ebanjelioan Jainko hau topatzen dugu: geure
erantzukizuna esnatzen duena, gainerakoez axolagabe ez izateko. Ezin egingo
ditugu gauza handiak, baina badakigu parte hartu behar dugula guztientzat
bizitza duinagoa eta zoriontsuagoa egiten, gogoan nagusiki premiarik handiena
dutenak izanik, defentsarik gabe bizi direnak. Onuragarri dut Jainko honengan
sinestea: neure anai-arrebentzat zer egiten dudan sarri-sarri galdetzen didan
honengan.
Jesusen Ebanjelioan Jainko hau topatzen dugu:
ikusmiratzen didana azken hitza ez duela, ez gaitzak, ez zuzengabekeriak, ez
heriotzak. Egun batean, mundualdi honetan ezinezkoa izan denak, erdizka gelditu
denak, gure gurarik handienek, gure desiorik barnekoenek beren betea iritsiko
dute Jainkoagan. Onuragarri dut neure heriotza konfiantza honekin bizi eta
itxarotea.
Jakina, norberak erabaki behar du, bai nola bizi behar
duen, bai nola hil nahi duen. Norberak entzun behar du norberaren egia.
Niretzat ez dira gauza bera Jainkoagan sinestea eta ez sinestea. Onuragarri dut
mundu honetako ibilbidea honela egitea: Jesusengan agertu den Jainkoak onartzen,
indartzen, barkatzen eta salbatzen nauela sentituz.
|
||
|
3 Tiempo ordinario - A
(Mateo 4,12-23)
22 de
enero 2017
No hay comentarios:
Publicar un comentario