José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Bi
irudi ausart eta harrigarriz eman du aditzera Jesusek zer iritzi duen bere
jarraitzaileez eta zer espero duen haiengandik. Ez dute bizi behar, kaskoan
beti beren onura, beren fama edo beren boterea dutela. Nahiz eta talde koxkor
bat diren Erromaren Inperio tzarraren erdian, lurrak beharrezko duen «gatz»
izan behar dute eta munduari falta zaion «argi».
«Lurraren gatz zarete zuek». Galileako jende xumeak berez atzeman du Jesusen hizkuntza.
Mundu guztiak daki gatza, batez ere, janari gustua emateko dela eta janaria
usteltzetik gordetzeko. Modu berean, Jesusen ikasleek jendeari bizitza
ahogozatzera eragin behar diote, usteltzen utzi gabe.
«Munduaren argi zarete zuek». Eguzkiaren argirik gabe, mundua ilunpean gelditzen da, eta
ezin izaten dugu norabidetu eta bizitzaz gozatu, ilunpean. Alabaina, Jesusen
ikasleek eskain dezakete behar dugun argia, norabidetzeko, bizitzaren azken
zentzuan sakontzeko eta esperantzaz bide egiteko.
Bi
metafora horiek bat datoz garrantzizko puntu batean. Gatza, ontzi batean aparte
baldin badago, ez da ezertarako on. Elikagaien artean jarri eta janariarekin
nahasten denean bakarrik ematen ahal dio gustua jaten dugunari. Gauza bera
gertatzen da argiarekin ere. Itxian eta ezkutuan badago, ezin argitzen ahal du
inor. Ilunpean direnekin dagoenean bakarrik argitzen eta norabidetzen ahal du.
Mundutik aparte legokeen Eliza bat ezin izaten ahal litzateke, ez gatz, ez argi.
Frantzisko
aita santuak ikusten du gaur egungo Eliza bere baitan itxirik dagoela,
beldurrak sorgorturik, eta urrunegi arazo eta sufrimenduetatik, bizitza
modernoari gustua eman ahal izateko eta Ebanjelioaren zinezko argia eskaini
ahal izateko. Bat-batekoa izan du bere erreakzioa Aita Santuak: «Periferiara
irten beharrean gara».
Behin
eta berriz dio: «Nahiago dut kalera irteteagatik elbarria, zauritua eta
zikindua den Eliza bat, itxia eta bere segurtasunari atxikitzearen aitzakiaz
eta eroso bizi nahi izateagatik gaixo den Eliza bat baino. Ez dut gogoko
erdigune izateaz arduratzen den eta, ondorioz, obsesio- eta prozedura-sare
batean harrapatua gertatzen den Eliza bat».
Kristau guztiei doakie Frantziskoren deia. «Ezin
geldi gintezke lasai geure elizen barnean, itxarote zurrunean». «Bestearen
aurpegiarekin topo egitearen arriskua bizitzera gonbidatzen gaitu Ebanjelioak
beti». Berak «topo egitearen kultura» deitzen duen hori sarrarazi nahi du
Elizan Aita Santuak.
Konbentziturik dago «Elizak gaur egun gaitasun hau behar
duela: zauriak sendatzeko eta bihotzei berotasuna emateko gaitasuna».
| ||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario