José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Jesusen
profeta-jarduera kontatu aurretik, haren bizitza errotik aldatuko duen haren
esperientzia batez mintzo zaizkigu ebanjelariak. Joanen bataioa hartu ondoren,
Jesusek sentitu du Jainkoaren Seme maitea dela, goitik behera Espirituaz betea.
Espiritu horrek arnasturik, Jesusek ibiliari eman dio guztiei hots egiteko,
bere bizieraz eta mezuaz, gizakiaren adiskide eta salbatzaile den Jainko baten
Berri Ona.
Ez
da harritzekoa, Aita Santuak guztiok gonbidatzea datozen urteetan «beste etapa
ebanjelizatzaile bat» bizitzera, eta guztioi gogoraztea Elizak behin ere baino
beharrezkoagoa duela «Espirituaz ebanjelizatuko duen jendea». Ondotxo daki
Jesusen Espirituak bakarrik ematen ahal digula indarra, Elizak behar duen
errotiko konbertsioa abian ipini ahal izateko. Zein bidetan barna?
Elizaren
berrikuntza hau Ebanjelioaren berritasunetik bakarrik etor daiteke. Hau nahi du
Aita Santuak: jendeak entzun dezala Galileako bideetan barna Jesusek hots
egiten zuen mezu hura bera, eta ez beste bat desberdina. «Sorburura itzuli
behar dugu eta Ebanjelioaren jatorriko freskotasuna berreskuratu». Horrela
bakarrik «hautsi ahal izango ditugu eskema aspergarriak, Jesu Kristori hesitzat
ezarri nahi izan dizkiogunak».
Errotiko
berrikuntza du buruan Aita Santuak; «gauzak dauden daudenean utzi ezin dituena;
jada ez du balio administrazio soil batek». Horregatik eskatzen digu «bertan
behera uztera "beti horrela egin izan da" delako irizpide pastoral
erosoa»; behin eta berriz errepikatzen du: «Guztiak gonbidatzen ditut ausart
eta kreatzaile izatera, birpentsatzera elkarteen beraien xedeak, egiturak,
ebanjelizatzeko estiloa eta metodoak».
Eliza-mota
honen bila dihardu Frantziskok: kezka bakarra, gaur egungo munduari Jesusen
Berri Ona komunikatzea izango duena. «Beldurra, erratzeari baino gehiago,
egitura hauei lotzeari izatea espero dut: atxikitze faltsu bat ematen
digutenei, epaile gupidagabe bihurtzen gaituztenei, patxadan gelditzeko modua
ematen diguten ohiturei, kanpoan jendetza-mundua goseak ikusi eta Jesusek
esaten digularik: Emaiozue zeuek jaten».
«Ateak
irekirik dituen Eliza bat» eraiki dezagun nahi du Aita Santuak; izan ere,
Ebanjelioaren alaitasuna gizon-emakume guztiei dagokie eta ezin baztertu dugu
inor ere. Zer poza entzutea Aita Santuaren ahotik Elizaren ikusmolde hau:
Jesusen Espiriturik jatorrena berreskuratzen dituena, mendetan barna errotutako
jarrerak hautsiz! «Sarritan portatzen gara graziaren kontrolatzaile bagina
bezala, eta ez bide emaile bezala. Alabaina, Eliza ez da aduana bat, baizik eta
Aitaren etxea da, non guztiek baitute nork bere lekua, bere bizitza lorrean
duela».
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario