José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Paul
Tillich teologo handiaren arabera, gizaki modernoaren tragedia handia
sakontasunaren alderdia galdu izanean datza. Gizakia jada
ez da gai nondik datorren eta nora doan galdetzeko. Ez daki galdetzen zer
egiten duen eta bere buruaz zer egin behar duen, bere jaiotzaren eta bere
heriotzaren arteko tarte labur honetan.
Galdera hauei gaur egungo
gizon-emakume askok ez die jada erantzunik ematen. Are gehiago, planteatu ere
ez ditu egiten «sakontasunaren alderdi hori» jada galdua duelako. Gaur egungo
belaunaldiek ez dute jada adorerik arazo hauek planteatzeko, iraganeko
belaunaldiek planteatu izan dituzten seriotasun eta sakontasunez. Nahiago dute
ilunpean ibiltzen segi.
Horregatik, geure garai honetan
berriro gogora ekarri beharra dugu hau: fededun izatea, beste ezer baino lehen,
sutsuki galdera egitea dela geure bizitzaren zentzuaz eta erantzunari irekirik
egotea, nahiz ez ikusi artean argi eta zehatz.
Magoen kontakizuna, Eliz Gurasoen
ustetan, pertsona batzuek eman diguten etsenplu handia izan da; hain zuzen,
paganismoaren lainopean bizirik ere, federa dei egiten zien argiari leial
erantzuteko gai izan ziren. Beren jardueraz, Kristoganako bideari leial ekiteko
deia entzutera estu gonbidatzen gaituzten pertsonak dira.
Geure bizitza eskuarki
existentziaren azalean gauzatu ohi dugu. Zeregin, harreman, arazo, topaketa,
askotariko betebeharrek harat-honat garabiltzate, eta bizitza aurrera doakigu
une bakoitza egin, esan, ikusi edo antolatu beharreko zerbaitez betez.
Horrela, arriskua izan ohi dugu
geure nortasuna bera ere galtzeko, beste gauza askoren arten gauza bat gehiago
izateko eta norantz jo jakin gabe bide eginez bizitzeko. Ba ote da gure bizitza
norabidetzeko gai den argirik? Ba ote da gure gurari eta ametsik
sakon-sakonentzako erantzunik? Kristau-fedea bizitzetik, bada erantzun bat.
Argi horrek distira dagi jada Betleemen jaiotako Haur horrengan.
Garrantzizko gauza, ilunpean bizi
garela konturatzea da, galdua dugula bizitzaren oinarrizko zentzua. Hau
aitortzen duena ez dagoke jada urrun bide zuzenaren bila hastetik.
Oxala, geure egunerokotasunean
galdua ez bagenu irekirik bizitzeko gaitasuna, dela gure bizitza argitzen ahal
lukeen edozein argiri, dela gure bizitzari sakontasuna ematen ahal liokeen
edozein deiri.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario