José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Jesusen
jarduerak nahasirik utzi zuen Joan Bataiatzailea. Honek Mesias bat espero zuen,
munduan bekatua desegingo zuena Jainkoaren epai zorrotza ezarriaz, eta ez
Mesias bat, zauriak sendatzera eta sufrimendua arintzera emanik biziko zena.
Makeronteko presondegitik mezu bat bidali dio Jesusi: «Zu al zara etortzekoa dena ala beste baten zain bizi
behar dugu?».
Profeta
sendatzaile baten bere biziera kontatuz erantzun dio Jesusek «Esan Joani ikusten eta entzuten ari zaretena: itsuek
ikusten dute eta ezinduak ibili dabiltza; lepradunak garbi gelditzen dira eta
gorrek entzuten dute; hildakoak pizten dira eta behartsuei Berri Ona hots
egiten zaie». Hauxe
da egiazko Mesias: sufrimendua arintzera etorri dena, bizitza sanotzera eta
behartsuei esperantzaren argia piztera.
Aita errukitsu batek bidali duela
sentitu du Jesusek, gizon-emakume guztientzat mundu duinago eta zoriontsuago
bat nahi duen Aitak. Horregatik, zauriak sendatzeari, oinazeak sanotzeari eta
bizitza askatzeari emanik bizi da. Eta horregatik eskatu die guztiei: «Izan errukitsu, zuen Aita errukitsu den bezala».
Jesusek
ez du uste Epaile zorrotz bat bezala bidalia denik, bekatariak juzgatzera eta
mundua gaitzestera. Horregatik, ez da ariko jendeari beldurra nola sartuko
zuzentasun zorrotz baten keinuak eginez; baizik eta bere adiskidetasuna eta
barkazioa eskainiko die bekatariei eta prostituituei. Eta horregatik egin die
guztiei erregu hau: «Ez epaitu eta ez
zaituzte epaituko».
Jesusek
ez du inor sendatu apeta hutsez edota sentsazionalismo baten bila. Errukiak
eraginda sendatzen du: jende gaixo, lur jotako eta hautsi horren bizitza
berregin nahi du. Horiek dira lehenak esperimentatzen, bizitza duin eta
osasuntsu baten adiskidea dela Jainkoa.
Jesusek
ez zuen sekula azpimarratu bere sendatzeen mirarizko izaerarik; ez zuen
pentsatu sendatze horiek izango zirela munduan sufrimendua kentzeko errezeta
erraz bat. Ezaugarri bezala aurkeztu zuen bere jarduera sendatzaile hori; hain
juxtu, zein norabidetan jardun bere jarraitzaileei agertzeko, berak «Jainkoaren
erregetza» deitzen zuen Aitaren egitasmo gizatartzaileari bideak irekitzeko.
Frantzisko
aita santuak dio, zeregin premiazkoa dela «zauriak sendatzea»: «Garbi dakusat
Elizak gaur egun egin behar duena zauriak sendatzeko gaitasuna agertzea dela,
eta beroa, hurbiltasuna eta ondokotasuna eskaintzea bihotzei... Hau da
lehenengo gauza: zauriak sendatzea, zauriak sendatzea».
Ondoren dio: «jendearen
kargua hartzea, bidelagun bihurturik samariar onak bezala igurtziz, garbituz
eta kontsolatuz». Orobat dio: «jendearekin ibili gauez, solas egiten jakin eta,
are gehiago, haien gauera eta ilunera jaitsiz bidea galdu gabe».
Bere
eginkizuna ikasleei gomendatzean, Jesusek ez ditu imajinatzen doktore,
hierarka, liturgia-jakitun edo teologo, baizik eta sendatzaile. Bikoitza izango
dute beren egitekoa: Jainkoaren erregetza hurbil dela hots egin eta gaixoak
sendatu.
|
||
|
3 Adviento - A
(Mateo 11,2-11)
(Mateo 11,2-11)
11 de diciembre 2016
No hay comentarios:
Publicar un comentario