José Antonio Pagola. Itzultzailea: Dionisio Amundarain
Eguberri
jaiak egun hauetan gure kaleetan arnasten den giro azaleko eta manipulatu hori
baino askoz sakonagoak dira. Gure kontsumo-gizartearen trikimailu guztiak baino
jai barnekoiago eta pozgarriagoak.
Fededunek
eskuratu beharra dugu berriro jai hauen muina, eta aurkitu beharra,
hainbesterainoko arintasunaren eta zorakeriaren gainetik, geure alaitasunaren
jatorria den misterioa. Ikasi beharra dugu Eguberriak «ospatzen». Ez dakite
guztiek zer den ospatzea. Ez dakite guztiek zer den alaitasunari bihotza
irekitzea.
Halaz
guztiz, ezin ulertu izango ditugu Eguberriak geure bihotzean isiltasuna egiten
ez badakigu, hurbiltzen zaigun Jainkoaren misterioari geure barnea irekitzen ez
badakigu, eskaintzen digun biziarekin adiskidetzen eta Jainko Adiskide baten
etorrera ahogozatzen ez badakigu.
Geure
eguneroko bizitzan, batzuetan hain aspergarria, hain itzalia eta tristea, alai
bizitzeko gonbita egiten digu. «Ezin tristurarik izan bizia jaiotzen denean»
(Leon Handi santua). Ez da alaitasun gesal eta arin baten kontua. Ez da,
zergatik ez dakitela alai agertu nahi izaten dutenen alaitasuna. «Baditugu guk
arrazoiak alaitasun dirdaitsurako, alaitasun bete eta jai handirako: Jainkoa
gizon egin da, eta gurekin bizitzera etorri da» (Leonardo Boff). Bada alaitasun
bat, Jainkoaren hurbiltasunari bihotza irekitzen diotenek bakarrik ahogoza
dezaketena, haren samurtasunak hunki ditzan uzten diotenek bakarrik ahogoza
dezaketena.
Jainkoaren
aurrean, beldur orotatik, konfiantza-falta eta uzkurkeria guztietatik
liberatzen gaituen alaitasuna da. Nolatan izan gu haur bezala hurbiltzen zaigun
Jainko baten beldur? Nolatan ihes egin guk txiki, ahul eta babesgabe bezala
eskaintzen zaigun batengandik? Jainkoa ez da etorri botereaz armaturik,
gizon-emakumeon nagusi bezala. Irribarre edo negar eginarazi diezaiokegun haur
baten samurtasunez hurbildu zaigu.
Jainkoa
ezin izan da jada guk susmatu izan dugun Jainko Ahalguztidun eta Boteretsu
hura, atzeman ezineko mundu baten seriotasunean eta misterioan hesitua. Jainkoa
haurtxo hau da, gizadiari maitekiro emana, gure begien bila dabilen ume hau,
bere irribarrez gu alaiarazteko.
Jainkoa
haur egin izan horrek, haren misterioaz egiten ahal ditugun gure burutazio eta
espekulazioek baino askoz gehiago adierazten du Jainkoa zer den. Jakingo
bagenu, Haur honen aurrean isilik egoten eta geure izatearen barnenetik
Jainkoaren hurbiltasuna eta samurtasuna onartzen, agian ulertuko genuke,
zergatik egon behar duen, Eguberri-egun hauetan, fededun baten bihotzak beste
alaitasun batek hartua eta zoratua.
|
||
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario