Urri lehenengoaren 4an, (Iraila) domekan, izango da Ermiten XXIX. Mendi Martxea
Urri lehenengoaren 4rako, domekea, antolatu dau Joko Alai
alkarteak Zeanuriko Ermiten Mendi Martxea. Ez dira gitxi herri horretan
han-hemenka azaltzen diran ermita edota eleizak, guztira hogei. Dana dala, ibilbide osoa egiten dabenek hemeretziren ingurutik igaroko
dira, Egiriñako (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratzen da eta.Jon Urutxurturen erreportaje bat.
Ondare erlijiosoa bisitatu eta ezagutuz, aldi berean natureagaz
hartu-emonetan jarteko aukera parebakoa eskaintzen dabe ibilbidea osatzen daben
hogeta hamabost kilometroek. Urteerea herriko plazan izango da, eguneko lehen argiak kukurruku egiteaz batera, 07:30ean. Atera eta bost
bat minutu geroago Eleizondo auzunean sartzen da ibilbidea, lehenengo, Piedadea
izenaz ezagutzen dan baseleizea aurkituz; oraindik kontserbatzen den Erdi Aroko
galtzadaren tarte txikia zapalduz, eta ermitaren eleizpetik igaroz, atoan,
Andra Mari parrokiarekin topo egiten da. Eleizea harro azaltzen da, bere
kokaera estrategikotik herrigunea kontrolatzen dauala. Barroko estiloko
erretaula ederra gordetzen dau bere barruan Andra Marik. Ezin da aitatu barik
itxi parrokiaren eta Piedadearen artean altxatzen den altzairuzko gurutzea,
Gorbeiako gurutzearen mendeurrena gogoratzeko 2001ean Nestor Basterretxeak
egindakoa.
Eleizondotik
ibilbidea Asterria kofradiako lurretan sartzen da, Santi Kurutz baselizearen
bila; Zeanuriko mugen barruan egon arren, eleizaz areatzatarra da. Goranzko joerari
ekinez, Ogarabeiti auzotik Ogaragoiti auzora igoz, San Andresera heltzen gara. Bideari
ekinez, eta Urrekoatxa (582 m.)
mendia ezkerrean itxiz, Zeanuriren eta Dimaren arteko mugarako norabidea
hartzen da San Blasera heltzeko. Mugarrietara begiratuz ermitea Dima partean
kokatzen bada be, lurra Zeanuriko Ibarguen Kofradiaren jabetza da. San Blasetik
aurrera bideak beherantz egiten dau, eta arnasa hartzeko aukerea emoten dau, Altzuste
Kofradiako lurretan sartzera daroan aldapatxoari barriro heldu baino lehen.
Altzusten bi ermita dagoz zain: San Migel eta Santa Lutzi. Deigarria da San
Migeleko kanpaietako batean irakur daiteken idazkuna: “En el ambito donde
resuene mi voz no triunfarán los liberales”.
Dirudienez, intera batean karlistak edo kontserbadoreak izan ziran jaun eta
jabe paraje honeetan...
240-N gurutzatuz,
Undurraga auzunerantz jarraitzen da Bilbo urez hornitzen dauan urtegi bukolikoa eskuinaldean itxita. Arratia
ibai zeharkatu ostean, San Pedrori kuku bat egin eta Ipiñabururantz egiten dau
bideak, bertan aurkitzen dira San Adrian, Santiago eta Santa Ageda.
Bigarren
parrokia
San Adrian
baselizatik Santiagora. Azken hau Zeanuriko bigarren parrokia da. Bertako bateo
agiriak —Derion, Bizkaiko Eleizaren Historia Artxiboan gordetzen direnak— Bizkaiko
zaharrenak dira, 1501ekoak hain zuzen be. Santiagotik Santa Agedara eta
jarraian Atxondo igaro eta Muñegi aldetik aurrera eginez, estartarik estarta, Zanburuko
(789 m.)
hatxaren itzalpean jarraitzen da, Altzuako San Juanera ailegatzeko. Ermita hau XV.
mendearen amaierakoa da; hemen egindako indusketa arkeologikoetan epigrafe
funerario —baseleizearen barruan gordetzen da— aurkitu zan honako idazki honegaz:
Zeiani c/m suo ger/mani. Laun/ti In
cor/pore suo/ +S+N ob/it (...)/O(...) ER/(...)DCC. Zeanuri herriaren izanari
buruzko idatzizko lehen aitamenetako bat da; ganera, kontuan izan behar da gaur
egun be zeanuriztarrek, aho-hizkuntzan, Zeani
izenaz deitzen deustsiela euren herriari.
Altzua kofradiatik
Otzerinmendi kofradiara zuzentzen dan pistatik 20 bat minutu ibili ostean, San
Justo azaltzen da haresdui zoragarri baten erdian. Ermitatik ehun metrora dagoan
karobiak be bisita merezi dau: azken hogeta bat urteetan abuztuaren lehenengo
asteburuan isiotuten dabe.
Otzerinmenditik
plazara
San Justoko haresduia
zeharkatuz eta beherantz pare bat kilometro ibili eta gero, San Lontzo azaltzen da. Tradizioaren arabera,
Gorbeiaren bestaldean dagoen Orozko herritik ekartzen ei ebezen gorpuak hemen lurperatzeko;
gertaera honen lekuko Pagoniotzetako
andabidea toponimoa da. Errekatxoagaz topau arte aurbeheran jarraitzen da
eta errekatxoa zeharkatzagaz batera Uribe kofradian sartzen gara; hiru baseleiza
aurkitzen dira bertan: San Migel, San Urban eta San Pedro, hirugarren hau
Axpeko jauregiaren jabetza. Jadanik
ibilbidea azken txanpan sartzen da, eta ibiltariak txiri-txiri zuzenduko dira herriko plazan
itxaroten eukiko daben helmugearen bila. Plazan bertan, San Isidro eta bere
aurrez aurre dagoan San Antonio ermiten artetik igaro bezain laster helmuga azaltzen
da.
Amaitzerakoan,
hogeta hamabost kilometro eroango dabez oinetan parte-hartzaileek, baina ziur zitari
erantzuteak mereziko deutsiela, ondare erlijiosoa ezagutzeaz batera uda udazken
bihurtzen dabilen sasoi honetan natureak erakusten dauan koloreen sinfoniaz
gozatzeko aukera ezin hobea eskainiko deutsielako Zeanuriko Ermiten XXIX. Mendi
Martxeak.
Testua eta argazkiak: Jon Urutxurtu
MARTXEARI
BURUZKO ZEHETASUNAK
* Noiz: urri lehenegoaren 4an.
* Izena emotea:
- Abuztuaren 31
baino lehenago, dirua sartuz BBK-ko kontu-zenbaki honetan:
2095 0335 29
3830586275: - Nagusiak 8 € / Joko-Alaiko bazkideak: 4 € /- 14 urtetik
beherakoak: 4 €.
- Egun
berean: - 06:45etik aurrera, herriko
plazan: -Nagusiak 10 € /Joko-Alaiko bazkideak: 4 €/
14 urtetik
beherakoak: 5 €.
- Urteerea: -7:30ean
- Umeen urteerea: 09:00etan, 13,5 kilometroko
ibilbidea egiteko.
* Ibilbide ezbardinak: -
Luzea: 35 kilometro.
-
Ertaina: 28 kilometro.
-
Laburra: 15 kilometro.
-
Umeena: 13,5 kilometro.
No hay comentarios:
Publicar un comentario