Zer dan Aste Santua minutu baten azaldua

viernes, 22 de abril de 2016

Errefuxiatuentzat botak

Carlos Villalba lagun txiletarrak honela hasten den testu bat helarazi dit: “Los señores de la larga noche neoliberal aprovechan la oscuridad para esconder los capitales en las cavernas del mundo, mientras con mensajes estupefacientes tratan de alejar nuestra atención de ese gigantesco latrocinio”. Literatura hutsak berak ere asko balio, baina baita edukiak ere. “Para los niños que pasaron el invierno en el lodo tras las alambradas, sin una mísera sopa con alitas de pollo, no llega la primavera”, jarraitzen du.
 
Alanbradetako lokatzetan negua igaro duten haurrentzat ez dago, ez, oilasko-hegatsik, ezta oinetakorik ere. Baina Carlos Villalbak deskribatzen dituen horien ondoan badira bestelakoak ere. Bada ekimen bat errefuxiatuen alde, Donostian sortu eta oihartzun handia izan duena. ‘Errefuxiatuentzat Botak Erronka’ du lematzat ekimenak.

Apirilaren 8an, ume mordoxka elkartu zen gure herriko plazan, kartoizko kaxak margotzeko, non gero sartu zituzten errefuxiatuentzat bildutako oinetakoak. Apirilaren 11tik 14ra egin zen bilketa. Orendain eta Abaltzisketa herriek ere hartu dute parte, eta han bildutako oinetakoak Zaldibiara ekarri zituzten. Hogeita bost kartoizko kaxa handi bete dira. Izan da Ordiziatik Zaldibiara oinetakoak hartuta etorri denik ere. Guztira, antolatzaileen kalkuluen arabera, seiehun oinetako paretik gora jaso dira.

Solidaritatea hitz ederra da, eta zenbat eta urrunagokoekin praktikatu, orduan eta ederragoa. Samaritar onaren parabola askotan errepikatzen bada, munduak hobera egingo du beti. Nahiago nuke egia balitz aurrekoan Javier Gomá filosofoari entzun niona. Haren ustetan, nazio baten muga barneko problemak ez ezik mugaz kanpokoak ere interesatzen hasi zaizkigu, eta gero eta gehiago arduratuko omen gara munduko problemez. Nik aspaldi aldarrikatu nuen soluzio planetarioa bidean ote?

Autodeterminazioa modan jartzen ari da. Lortuz gero, ondorioz zeinen gauza litzatekeen interesgarria burujabetza, besteak beste, baldin eta nazio batek bestea solidarioki babesteko balio balu!

Bestalde, esango nuke ez dagoela fedea, erlijioa eta horrelako ezer aldarrikatu beharrik, karitatea edo solidaritatea horien izenean praktikatzeko. Aski da konprenitzea gure zoriona, gure oreka emozionala eta gure ongizatea besteen zorionean oinarritua dagoela. Ez dago geu zoriontsu izateko modurik, besteak zoriontsu egiten saiatuz ez bada. Tamalez, jende asko dago oraindik hori konprenitu ezin duena.

Rufino Iraola, bere blogean

No hay comentarios: