Páginas

domingo, 21 de febrero de 2016

Itsu eta gor: Karmele Jaio

eitb argazkia
LAGUN batek gutuna idatzi dio duela gutxi hil den bere aitari. Aste honetan 90 urte bete behar zituen aitak eta hura zoriontzeko modu bat izan da. Gutun horretan aitaren historia gogoratzen du semeak, nola hamaika urterekin bere aitak ume izateari utzi behar izan zion derrigorrez. 1937ko maiatzean, gerratik ihesi, Bilboko portuan Habana ontzia hartu zuen ume horietako bat zen bere aita, eta gutunean hainbat alditan berari kontatu dion une latz eta beldurgarri hori deskribatzen du nire lagunak.


 Nola gurasoak lurrean utzi eta ontziratu ziren bera eta bere arreba gaztea; nola esan zion haren aitak, negar malkotan, bere eginkizun handiena arreba txikia zaintzea zela; nola eusten zion indarrez arrebak besotik, beldurrez, neska-mutilez gainezka zegoen ontzi hartara igo bitartean… Lagunak idatzitako gutuna benetan da hunkigarria, eta irakurtzean, ezinezkoa egin zait norbera halako egoera batean imajina-tzea, edo norberaren seme-alabak. Zoratzeko modukoa egiten zait halako zerbait bizi izan beharra, izugarria.

Lagunaren gutuna irakurri ondoren, hasiera batean pentsatu dut: eskerrak iraganaz ari garen, eskerrak ez dugun guk horrelako egoerarik bizi izan behar. Baina laster pentsatu dut ez dela benetan iraganeko ezer. Milaka errefuxiatu ari dira egunero, gaur egun, halako egoerak eta lazgarriagoak bizitzen. Ezin dut burutik kendu 10.000 ume errefuxiatu “galduta” daudela, inork ez dakiela non dauden; ezin dut burutik kendu nola eskaintzen zuen ama batek bere alaba txikia, “eraman ezazue, salbatu ezazue” esanez; ezin ditut imajinatu neguko hotzak, euriak bustitako mantak.

Mundu zibilizatuak ez du zibilizazioaren gerizpetan gertatzen direnak ikusi nahi; mundu aurreratuak ez du negar eta garrasi batzuentzako belarririk; goi mailako munduak ez du bere sofa erosoaren azpian pilatzen doazen hautsak errekonozitu nahi. Itsu eta gor dago.

Karmele Jaio

No hay comentarios:

Publicar un comentario