San Frantzisko Xabierkoaren jaiotzaren V.
mendeurrena ospatu barritan (apirilaren 7a), eztabaida sortu da santua
euskalduna ete zanaren inguruan. Hainbat ikerlari ibili dira horren ganean
baina azpimarragarriena josulagun alemaniar bat izan da: Georg Schurhammer
(1882-1971). Ikerlari horrek 60 urte inguru egin zituan santuaren bizitza
ikertzen. Behar horren frutua hiru mila orrialdetik gora dituan Franz Xaver,
sein Leben und seine Zeit liburua izan zan. Nafarroako Gobernuak 1992an
gaztelaniaz argitaratu baeban be, oin, mendeurrena dala-ta beste lan batzuk
kaleratu ditu.
San Frantziskoren aita Jatsukoa zan (Behe
Nafarroa) eta ama Baztango ibarrekoa, XVI. gizaldian bitzuok eskualde
euskaldunak, hatan be. Halanda be, santua Xabierko gazteluan jaio zan, Aragoiko
mugatik hur. Kontuan euki behar da sasoi hartan agramondar eta beaumondarren
artean gudea egoala eta San Frantzisko eta bere familia agramondarrak zirala,
hau da, Gaztelaren aurkakoak. Hemeretzi urte eukazala joan zan gaztelutik eta
ez zan barriro bueltau. Horrezaz ganera, Asiara egin zituan bidaiak Portugaleko
erreinuaren babespean egin zituan.
Baina zein zan San Frantzisko Xabierkoaren
ama hizkuntza? XVI. mendean gaztelania dala dinoenak ez dira falta. Baina Parisko
Sorbonako unibersidadean egoala, honako hau idatzi eban: vizcaíno (vasco) de
linaje y lengua, y navarro de nación.
Tursellino josulagunak 1596 urtean
santuaren gutunak latinera itzuli zituan eta euretako baten (Coimbrako
josulagunei Cochinetik 1544an idatzi eutsiena) honakoa dino: Itaque cum
neque illi meam, neque ego illorum linguam intelligerem, quod ego Hispanice,
illi Malauarice loquerentur. Itzulpen horretaz baliau ziran hainbat
ikertzaile eta ondorengo argitalpen. Baina, bertan ez da esaten San
Frantziskoren ama-hizkuntza gaztelania zanik, ezpada gaztelaniaz berba egiten
ebala. Halanda guzti be, Schurhammerrek dinoanez, Tursellinoren lanak bigarren
argitaldi bat euki eban lehenengoa akatsez josita egoalako, ondorioz, hispanice
be akatsa dala deritxo. Labayrun badago gutun horren kopia bat, aita
Lopategiren esanetan XVI. mendekoa da eta Schurhammerrek ez ei eban ezagutu.
Gutunean honakoa esaten da:
Tursellinoren itzulpen lana baino hogeta
hamar urte lehenagokoa da Epistolae Indicae de Stupendis et Praeclaris Rebus
(Lovanii, 1556) eta bertan ataltxo hori holan dator: Cum ergo invicem
non satis intellegeremus (quod illi lingua uterentur Malauar, ego vero
Celtiberica, vulgo Vaziquenza.
Beste alde batetik, santuaren azkenengo
arnasetan, ondoan Antonio zerbitzaria egoan. Antoniok latina, portugesa eta
latina ekizan baina halanda be, Frantziskok beste hizkuntza baten berba egiten
ei eban: Com voz alta, a modo de pregaçao fazía alguns colloquios de couzas,
que iheu nao entendía, por nao serem en nossa lingua. Frantziskoren
ondorengoa Macaora ailegau zanean honakoa esan ei eutsan Antoniok: Un día
antes que muriesse, según me dezía el dicho moço llamado Antonio de Sancta Fé,
(...) estuvo el dicho Padre casi siempre con los ojos ahora levantados al
cielo, ahora fixos en una sola parte, hablando en leguaje que él no entendía
(...) y conforme a lo que del colegí, paresce que hablaba con Dios nuestro
Señor, hablando en su lengua natural que el moço no entendía.
Hori holan, badirudi argi dagoala, baina
bakotxak atera daizala bere ondorioak.
Aguerre, J.
(itzul.) (1957):"El habla materna de San Francisco Xavier",
Príncipe de Viana, Pamplona, 452-462 orr.
Príncipe de Viana, Pamplona, 452-462 orr.
Labayru Ikastegiko Euskal Bibliotekan
altxor asko eta asko dago eta lehenago be gure barrien artean agertu izan dogu
bat edo beste. Oingoan, aurten San Frantzisko Xabierkoaren jaiotzaren V.
mendeurrena dala-ta bibliotekan dagoan harribitxi bat ekarriko dogu: Santuak
1544ko urtarrilaren 15ean Coimbrako josulagunei Indiako Cochinetik idatzitako
eskutitz baten XVI. mendeko kopia bat. Gutuna Ingalaterran eskuratu zan,
Oxfordeko denda baten, eta Euskal Herrira ekarri.
Gutunean San
Frantziskok misinoetan egiten dabilen beharraren barri emonaz ganera,
adierazoten dau zelango zailtasunak daukazan hango indigenen hizkuntza
ulertzeko, fedebakoak fededun egiteko eta eurei kristautasuna zer dan eta
zertan datzan irakasteko be adierazoten. Horrezaz ganera, bere hizkuntza
euskera dala aitatuten dau hasieran: y siendo mi lengua vascuença y la suya
Malauar indiana no era possible podellos instruir.
Labayrutik jasoa, Dionisio Amundarainen bitartez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario