Páginas

sábado, 10 de octubre de 2015

Asteburuko iraultzaileak: Rufino Iraola



Joan den asteburuan, bilera anaikor eta interesgarrian elkarturik egon ginen, naturak eta arteak egonleku guztiz atsegin eta eder bihurtu duten toki batean, Arantzazun, Euskal Herritik bertatik eta beste puntu dezentetatik etorritako 73 lagun. “Etxera itzuli” lemapean jardun genuen, paradoxikoki inoiz irten ez garen arren. Sarritan entzun genuen hau ere: “Irteera barruan dago”. Egun asko baino lehen, Karlos Villalbaren, gure kronista ofizialaren, eskutik izango duzue laburpena nire blogean, bertso-jartzaile handi baten bertsoarekin batera.


Hainbeste gai, bata bestearekin erlazionatuak, jorratu baziren ere, ni gaur bati lotuko natzaio: zer egin dezakegu guk munduaren egoera hobetzeko? Ponentea buru zela, han azpimarratu ziren hiru gauza gogoratu nahi ditut: a) errukia, premian dagoenaren aldeko ekintzarik gabe, sentikortasun antzua da, ez da errukia b) pertsonak bere barruko gatazkak konpontzen ez dituen bitartean, munduko gatazkek ez dute izango konponbiderik, c) errealitatea onartzetik jaioko da ekintza egokia eta ajustatua, egoerari komeni den erantzuna emateko.

Bai, baina askoren kezka da, hori lantzen ari garen bitartean, jende asko ari dela goseak hiltzen, itsasoan itotzen edo kamioetan asfixiatzen, giza eskubideak errespetatzen ez diren tokietan preso bizitzen… Adibidez, Arantzazutik bueltan nentorrela entzun nuen lehen notizia zen EE. BB.etako indar militarrak eraso egin ziola, Kunduz-en (Afganistan-en), Fronterarik Gabeko Medikuen ospitaleari, eta 19 lagun hil zituela, horien artean 12 mediku. Ondoren, jakina, hor jarri dute bunker mediatiko osoa  “gauzak argitu egin nahi dituztela” esanez. Horrekin batera, doluminak, deitorapenak, eta mila hitz, hitz huts, eta belarria bereziki zulatzen digun hau: “albo-kalteak” edo “kolateralak”.

Nik, horrelako gertaeren aurrean, beti erremedio bera daukat: salaketa, protesta, kontzientziazio-lana… (bake-bidetik). Baina ez nonahi: egunero gabiltzan eremuak izan behar du gure salaketa eta ekintzen eszena-tokia. Nik, artikulugilea baldin banaiz, hor salatu beharko dut; facebook-en ibiltzen banaiz, hortxe; lantegian dabilenak, lantegian, eta tabernara joaten denak, hantxe, eta abar. Gogoan dut gu, geure bertso-saio, kantaldi, bilera, hitzaldi eta abarrekin, batez ere, asteburuko “iraultzaileak” ginela. Eta Itsasondo Itziar Aiestaranek esaten zigun: “Egunaren parterik handiena igarotzen dugun tokian, adibidez lantegian, ezer egiten ez badugu, inoiz ere ez espero hortik fruitu onik”


Oharra: Jatorrizko izenburua "Eguneroko eremuan" da, geuk moldatu dogu testu barruko esaera esanguratsu bategaz.

No hay comentarios:

Publicar un comentario