Emakumea Eleizan egiteko bidea da aurtengo goiburua, aita santuaren berbak erabiliz.
“... Aita San Antoniok barriak egingo ditu” dino kopla
zaharrak, eta oinetakoak urrutzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko
errogatiban parte hartu gura dabenek.
Bagilearen 20an, zapatuan, egingo da Urkiolara,
Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoa jarraituz, San
Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna;
lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken
urteotan, Arratiako parrokia guztiak
aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako,
Mankomunitateak hiru autobus ipiniko dauz.
Autobusean joan etorria egiteko, ala
etorteko baino ez bada, izena emon behar da aste bete baino lehenago. Dana
dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta
beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko
ibilaldi gidatuak be prestatu dira.
PR-aren inaugurazioa eta bedeinkapena
Aurten be Arratiatik Urkiolara joateko oinezko ibilaldi gidatuak izango
dira Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da
urteerea eta Zeanuriko plazan, 07:30etan.
Gainera, aurten Zeanuri eta Urkiola lotzen dituen PR-BI 1 ibilbidearen bedeinkapena eta inaugurazioa egingo da.
Ibilbide labur hau joan dan aprilean Joko Alaiko Alkarteko boluntario talde
batek seinalizatu eban Zeanuriko Udalaren laguntzeagaz eta errogatiba eguna
bide horren inaugurazinoa egiteko aprobetxatuko da.
PR-a Zeanuriko plazatik
abiatzen da, Soloeta eta Makaztui auzuneetatik igaroz, Zumeltzako atsedenlekura
zuzentzeko, eta hemendik santutegira dagozan 5,5 kilometroak egiteko, GR 12
(Euskal Herriko bidezidorra) ibilbide luzea
jarraitzen da. Martxa normalean, hiru ordu eta hamabost minutuan egin daiteken
ibilbidea da.
Egitaraua
Aurtengo
errogatibea “Emakumea Eleizean: egiteko bidea” lemapean egingo da. Hamaikak
baino lehentxoago, ongietorria emongo jake oinez, autobusean edo euren
kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko
usadioa jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako santutegira,
11:00etan Arratiako abadeak emongo daben mezea ospatzeko.
Meza aurretik, Zeanuriko
parrokiak —aurtengo errogatibearen antolatzailea— lemeagaz bat datorren antzerki
labur bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratzen diranei. Eta ekitaldi
honegaz egitarauari amaierea emongo
jako. Autobusean etorritakoak 13:00etan euren herritara itzuliko dira.
Jon Urutxurtu
No hay comentarios:
Publicar un comentario