Páginas

viernes, 5 de diciembre de 2014

Egunean eguneko ebanjelioa 2015

Dionisio Amundarain eta Koldo Katxok aurkeztuko dabe liburu hau Durangoko Azokan abenduaren 8an, astelehena, arrastiko 5etan.
Hona Koldo Katxoren hitzaurrea.



POZTU ZAITEZTE!

Jainkoaren hitza berri ona bada, poztekoa izan behar da, ez al da?

Hain zuzen ere, hori ematen digu Frantzisko aita  santuak bere hitzaldi eta idazkietan. Bere aita santutzaren egitarauan mezu hau helarazi nahi izan zigun: EBANJELIOAREN POZA, ALAITASUNA.

Zalantzarik gabe, gure mundu honek berri onak behar ditu, alaitasuna eta poza behar ditu. Horretarako Jesusen Berri Ona guztiz onuragarria izan daiteke. Badakigu berri on hori ez dela “merkea”, inozoa; Jesus bera ere bere bizitza arriskuan jartzeraino eraman zuelako.

Mundu hautsi, gatazkatsu hau gizakoiago bihurtzeko,  giza-familia handi eta jator bihurtzeko, bideak, ahaleginak, bitartekoak ezinbestekoak izaten dira. Elizak aukera berri bat dauka urte honetan,  FAMILIAREN SINODOA ospatzen delako;  arazo eta egoera berriei erantzuten asmatuko ahal dugu ebanjelioaren berri onetik eta alaitasunetik!

Gainera, aurten, 2015ean, “euskeraren berri onak”  ere aipa ditzakegu, EGUNEAN EGUNEKO EBANJELIOA argitaratzen dugulako jesulagunok. Hiru urtetan liturgiaren hiru zikloak Manuel de la Encina SJren ahalegin  eskergagatik gozatu genituen fededun euskaldunok. Ederki argitaratu zituzten Manolok  eta haren ekipo txukunak hiru liburukiak. Hemendik bihoazkie gure esker onak bihotz-bihotzez.

Urte bat pasatu da, 2014.a, jesuitek moldatutako liburutxo hori gabe. Egia esan, arrazoi batzuengatik erabat ezinezkoa gertatu zitzaigun segida ematea. Penaz, aitortu beharra dago,  baina horrela izan zen. 

Pena horrek eraman gintuen denboraz gaiari heltzera eta, aipatu  behar dut, Jesusen Lagundiko Loiola Probintzia izan zenak lagundu digula ekonomikoki liburu hau burutzen. Mezulari argitaletxeari eskerrak eskuan jarri digulako gaztelerazko liburua, Angel Pérez Gómez jesuita donostiarrak eginiko iruzkin jakingarriekin. Baina argitalpen honen  inguruan  Dionisio Amundarain itzultzaile zorrotz eta euskaltzale asperrezinaren lana ere funtsezkoa izan da. Uste osoa dut bera gabe ezinezko gertatuko  zitzaigukeela ekimen hau aurrera eramatea. Beraz milesker irakurle guztien izenean Dionisio lagun prestuari.

Eta bukatzeko, irakurle lagunari, zuri  ere eskerrak eman nahi dizkizugu, liburutxo hau zabaltzeagatik eta zure iradokizun eta sugerentziengatik. Jesusen Lagundiaren  lelo edo helburu bat da MAGIS, dena hobetu daitekeela onartuz, saia gaitezen gehiago eta hobeto egiten. Kasu honetan EBANJELIOAREN  ETA EUSKARAREN BERRI ONAGATIK.

Koldo KATXO SJ

No hay comentarios:

Publicar un comentario