Páginas

miércoles, 12 de noviembre de 2014

Elizpetik plazara edo Atera bidera!

Iturri zaharretik ur berria
Elizpetik plazara izan da Arratiako Elizaren plana azken urteotan. Orain, Elizbarrutiko V. planaren atarian gagoz: Atera bidera! lemapean. Badaukie zer ikusirik? Zelan hartuko dogu parte?



Hogeita hamar urte dira Bizkaiko Elizak Batzar Nagusia ospatu ebala. Espiritu Santuaren dohaia. 15.000 eliztar baino gehiagok hartu genduan parte taldeetan Bizkaia osoan.

         Handik aurrera, Vatikanoko II. Kontziliori zintzotasunez jarraitu gurean, hiru erro nagusi zabaldu ziran gurean:
         1.- Eliza sinodala edo korresponsablea, danok kontuan hartuz. Pastoral kontseiluak zabaldu ziran ugari.
         2.- Laikoen Eliza. Askok eta askok hartu eben parte formazio kurtsoetan. Gaur egun parrokietan dabizen gehienak orduko formazioa jaso eben.
         3.- Bertoko Eliza. Gure herriari leiala izan gurean, herri txiki eta euskaldunetan ere bai.

         Espiritu edo estilo hori, geroztik, Ebanjelizazio Planetan gauzatu da. Hiru lau urte irauten ebenak. Bitartean etorri dira gotzain barriak, gu gero eta gitxiago gara, gero eta zaharrago,
eta ura ardoari lez, gure hasierako abiada moteldu egin da. 

         Frantzisko Aita Santuak bizkortzeko ahalegin handia egin dau. Helduko da hori guregana?

         Bosgarren Plana martxan jarri aurretik, talde zabal batek Batzar Nagusi bat egitea proposatu genduan. Gotzain taldeak ez dau ontzat emon, eta sei batzarreko gogoeta bat proposatu deusku.

         Taldeka egiteko diszernimendu edo argitze aldi bat gehien bat.

         Lehenengoz itaunduten da “Zer itxi behar dogun?” Eta hori ona da. Ezin jarraitu orain arte egin dogunari jarraituz, gizarteak aldaketarik ez dauela euki pentsatuz.

         Aita Santua be honetan ausarta da, gu baino ausartagoa. “Beti egin da holan” ez dala erizpide edo kriterioa dinosku bere Ebanjelioaren Poza eskutitzean.

         Pagolak dinoskun legez, gaurko gogoetan, ebanjelioa kontuan hartuz: “Beste hau izan liteke, ordea, gauzarik larriena: parabolako morroiari gertatu jakon bezala, guk ere uste izatea, Jainkoari zintzo erantzuten gabizelakoan geure kontserbatismo-jarreraz jarraitu, egiaz egiten doguna harek itxaroten dauenari huts egitea dalarik. Gaur egun, Elizan egin beharreko zereginik garrantzizkoena, ez da iragana gordetzea, Jesusen Barri Ona komunikatzen jakitea baino, inoiz ez bezalako kanbio sozio-kulturalak bizitzen dituan gizartean”.

         Ebanjelioa sakondu, ebanjelioa zabaldu izan dogu Arratian urteotako lema. Egin dagigun ba hauxe berau, Elizbarrutiagaz batera eta Aita Santuaren bedeinkazioaz.


                   Iturri zaharretik
                        edaten dut,
                    ur berria edaten,
   beti berri den ura,
   betiko iturri zaharretik.
 
         Iturriak izan aurretik
                 ugari zen uretik
                edaten dut,
           ura baino lehen zen
                  iturritik edaten,
        inoiz agortzen ez den,
eta inoiz lehortzen ez den ura
isurtzen duen iturri bakarretik,
                      iturri guztien iturburutik...
 
                     JoxAnton Artze


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario