50 URTE ARRATIAKO TRANBIA BARIK
1964ko zemendiaren 29an egin eban azken biajea
Ehun
urtetik gora igaro dira, gehienbat Arratiako tranbia izanaz ezagutzan dan Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia
Elektrikoa jaio zanetik, eta 20014ko zemendiaren 30ean bere heriotzearen 50.
urteurrena bete da. Tranbia ekologikoa eta isila zan, baina batez be
ezinbesteko erreferentea erabili behar izaten eben lagunentzat. Urteak aurrera
joan ahala eztanda-motorea, gasolina eta petrolioaren beste deribatu batzuen
sasoia heldu zan. Eta orduan, 1964ko zemediaren 29an, Arratiako tranbiaren
heriotzea gertatu zan.
Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren —TBDA— historia arakatzeak XIX. gizaldiaren amaierara salto egitea
suposatzan dau, 1898an Sustapen Ministeritzak lurrun-tranbiaren kontzesinoa
Angel Iturralderi emon eutson unera hain zuzen be. Dana dala, tranbia hareek
inoiz be ez ziran ibili lurrun-makinak mubiduta, eta 1899ko urri lehenengoaren
2an, Lemoa-Artea tartearen behin-behineko inaugurazinoa burutu zanean, lehen
tranbiak animalia-trakzinoaren bidez ebilzan. Inaugurazinoagaz batera,
“Automóvil Vitoriana” konpainiak, Barazar mendatetik igaroz, Areatza eta
Gasteiz lotzen ebazan autobus-zerbitzua jarri eban martxan.
1902ko
garagarrilaren 5ean, probak egiteko lehenengo tranbia elektrikoa Durangora
heldu zan; aste batzuk beranduago Lemoa-Zeanuri tartean trakzio elektrikoa
eukan zerbitzua hasi zanez, animalia-trakziodun tranbiak kendu egin ziran.
Azkenik, egun handia heldu zan, eta 1902ko abenduaren 7an, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren behin betiko inaugurazinoa burutu zan.
Amorebieta-Etxano,
Durango eta Arratiako herriak euren artean eta Bilbogaz lotzen ebazan
garraiabide ha, Arriaga Antzokiko plazatik ateratzan zan Lemoara zuzentzeko,
eta hemen linea bitan banatzan zan: Durangorantza edo Zeanurirantza.
Tranbiabidearen luzerea, guztira 49,21 kilometrokoa zan; horreetatik 20 Bilbo
(Arriaga) eta Lemoako tarteari egokozan; Lemoatik Durangorako lineak 14,6
kilometro eukazan, eta antzerako luzerea eukan Lemoatik Zeanurirako tarteak.
Bidaiaren eta merkantzien garraioa
Bere bizitzako
lehenengo urteetan lehia zorrotza izan eban Bilbotik Durangorako trenbide estua
ustiatzan eban Konpainia Zantralagaz, baina 1911ko bagilearen 12an,
Ferrocarriles Vascongadosek Bilbotik
Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoaren akzio guztiak erosi
ebazanean, amaierea emon jakon bi enpresen arteko burrukeari. Hurrengo urteetan
zerbitzuaren hobetzeari ekin eutsien jabe barriak: azpiegiturak barriztatu
ebezan eta bidaiarentzako bagoien kanpoko itxurea —ordura arte egur
barnizatutakoa zan— aldatu eta beilegiz margotu ebezan.
Urte horreetan
bidaiarien eta merkantzien trafikoak gora egin eban, adibidez 1929an, 4.196.460
pertsona eta 89.287 tonelada merkantzia garraitu ebazan. Kontuan izan behar da
linean hainbat lantegira sartzeko bazterbideak egozala: Barbier-era, Abusun; Santa
Anara, Boluetan; Basconiara, Basaurin;
Firestonera, Urbin; Elpidio Bartolomera, Cementos Lemonara, eta La
Flechara, Lemoan, eta abar.
Ebaketak tranbiabidean
Bere 60
urtetik gorako historian tranbiabidearen errailak tarte baten baino gehiagotan
ebaketak jasan ebezan. Holan, gerra zibilagaz Amorebieta-Durango tarteko
zerbitzua eten egin zan, eta gerra amaitu ostean, kalteak ez ziran konpondu;
alde batetik, konponketen gastuak handiak ziralako eta bestetik, Ferrocarriles
Vascongados Konpainiak zati hori eusteko interesik ez eukalako, trenbidearen
zerbitzuagaz nahikoa zala uste eben eta. Gainera, aldi berean Bilboko terminala
Arriagako plazatik, antzokiaren atzeko aldera lekualdatu zan. Sasoi honetan,
trafikoa, batez be bidaiariena, etengabe hazi zan; hazkunde horren zergaitien
artean, estraperloa eta Ariz-Urbi-Galdako aldean gero eta handiagoa zan
industrializazinoa azpimarratu behar dira.
1950eko martiaren
27an, Lemoa eta Amorebieta lotzen ebazan tartea itxi bazan be, 1952an Arratiako
tranbiak diru-sarrerei zein bidaiarien trafikoari jagokienez, bere gorengo
emaitzak lortu ebazan, eta guztira 6.749.914 pertsona garraiatzera heldu zan.
Merkantziek, ostera, errepidetik garraiatzeko zerbitzuak ugaritzen ziran neurrian,
beherantzako joera erakusten eben. Hasieran, 1953ko zanbakiek aurreko urteko
joerea azaltzan baeben be, urri bigarrenaren15eko uriolak Urbin, Nerbioi
ibaiaren gaineko zubi metalikoa aurrean eroan eben eta 1954ko zezeilaren 24ra
arte zerbitzua ez zan berrezarri. Gainera, Bilboko Barandiaran eta
Urazurrutiako kaietan ibaiertzeko hormaren zati handia hondatu egin zan eta,
egoera hau aprobetxatuz, uriburuko udalak Arriagako plazarako sarbidea kendu egin
eban; aurrerantzean tranbiak Barandiarango kaietan hasi behar izan eban
zerbitzua.
Iragarritako heriotzea
Hemendik atxina,
Arratiako tranbia hil zorian sartu zan. Alde batetik, bidaiariak etengabe
galduz joian eta bestetik, bere egoera ekonomikoa gero eta larriago zan. Horrez
gainera, lineak zeharkatzan ebazan errepideetan zirkulazioa apurka-apurka
gehitu egin zan, eta tranbia eta automobilen arteko bizikidetzak txarrera egin
eban, tranbia oztopotzat jotzen hasi ziran eta. Testuinguru horretan, 1956ko abuztuaren
1ean Galdakao(Plazakoetxe)-Lemoa kentzeagaz, ibilbideak anputazino larria jasan
eban; ondorioz, linea euren artean lotura bako bi tartetan zatituta geratu zan:
Bilbao(Barandiaran)-Galdakao, 10 kilometrokoa, eta Lemoa-Zeanuri, 15
kilometrokoa. Urte bi beranduago, 1958ko urri bigarrenaren 1ean
Urbi(Firestone)-Galdakoa(Plazakoetxe) tartea eta Zeanuriko erdigunerako
sarbidea kendu ebezan. Itxiera horreek merkantzien garraioa ia guztiz
desagertzea eta bidaiariena etengabe jaistea ekarri eben.
Argi egoan, 1962ko
abenduaren 5ean, Arratiako tranbiarako administrazinoaren kontzesinoak balioa
galdu eban egunean, zerbitzua bertan behera itxiko ebela. Ha eta guztiz be,
ordezko autobus-lineak ezartzeko administrazioaren baimenak ez ziran heldu, eta
tranbia zaharrek 1964ko zemendira arte beharrean jarraitu eben. Azken
hilabeteetan Zeanuriko geltokia be lekuz aldatu behar izan eben: 1964ko udaberrian,
240-N errepideko obrak zirala eta herrigunean egoan geltokia kendu eta 500 metro aurreragora,
Olabarrira, eroan eben.
Azken biajea
1964ko zemediaren 29an, domekan, egin eban bere azken biajea Arratiako
tranbiak. Egun euritsua izan zan, baina ospakizun eta jai giroan agur esan jakon
tranbiari, batez be mendigoizaleen aldetik. Honeek, Arratiako garraiagailua
omendu gurean, tranbia bi alokatu ebezan; goizeko bederatzietan Lemoatik
abiatuz, Igorre eta Areatzan gelditu ostean, hamabi eta erdiak inguruan Zeanurira
heldu ziran. Hemen bazkaldu eta txistu eta danbolinaren soinuaz dantzatu eta
gero, barriro Bilborantz itzuli ziran, Lemoan trena hartuz.
Zemediaren 30ean, tranbiaren bidaiak amaitu ziran. Aurrerantzean,
Bilbotik joan-etorria egiteko arratiarrek izan eben garraio publiko bakarra
autobusa izan zan.
José Félix Garairen —Arratiako tranbiaren zale amorratua— arabera Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia
Elektrikoa enpresa itxi zanean, 74 langilek egiten eben behar bertan, eta euren
etorkizuna holan geratu zan: 9 langilek enpresa berean jarraitu eben; 34ri
krisi espedientea deklaratu eutseen; 21 Ferrocarriles
Vascongadosera, beste 9 Autobuses de
Arratiara igaro ziran, eta batek dimisino boluntarioa aurkeztu eban.
Azken errastua
1965ean, Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia
Elektrikoa enpresan geratze zan materialaren enkantea agindu eben. Dana dala,
1964ko abenduaren 1ean, El Correo egunkarian
Juan Buxens kazetariak idazten ebanaren arabera, bi tranbia ataltzetik
libratzeko asmoak egozan: “Sí. Algunos irán al desguace. Pero no todos. Es casi
seguro que dos de ellos continuarán viviendo (...). Si se llega a un acuerdo, y
esto parece que será fácil de conseguir, dos de los tranvías podrán ser
admirados durante muchos años.
(...) Si ese acuerdo del que hablábamos se lleva a efecto, uno se
instalará en el Bolinchu (La Peña).
Va a ser adquirido por el conocido Elicio para instalar sobre él un merendero
público(...).
El otro tranvía será comprado, probablemente, por don José Aguilar para
instalarlo en su jardín de Vildósola”.
Kontuak kontu, azkenean
ataltzetik salbatu zan tranbia bakarra Migel Atutxak erosi eban, eta Igorren,
Garbe auzunean eukan Hostal Aranzazu
ostatuaren ondoan jarri eban. Hamar zanbakidun tranbia zan, alde batean Ceanuri
eta bestean Bilbao inoazan karteltxoak eukazana. Gomazko gurpilen gainean eta
lau mandok tiraturik egin eban Lemoatik Garberainoko bidea, txistulari,
trikitilari eta albokarien doinu eta jendearen txalo eta oihuen artean.
Garberainoko bidaia hori garai haretan hain ospetsua zan Nodo albistegirako filmatu eben, eta irudiak Estatu osoko zinematan
ikusi ziran .
Zoritxarrez, laster, 1965ean bertan, uriolak Arratiako tranbiaren azken
errastu hau aurrean eroan eben.
Jon Urutxurtu
No hay comentarios:
Publicar un comentario