Páginas

miércoles, 11 de junio de 2014

'Ondarea jaso eta jagon' lemapean, bagilearen 14an egingo da Arratiatik Urkiolarako errogatibea

2012.eko errogatibea
Aita San Antoniok barriak egingo ditu dino kopla zaharrak, eta oinetakoak urratzeko aukerea izango dabe Arratiako oinezko errogatiban parte hartu gura dabenek. Bagilaren 14an, zapatuan, egingo da Urkiolara, Paduako San Antonioren santutegira errogatibea; tradizinoari eutsiz... irakurten dogu Bizkaie aldizkari elektronikoan.


...San Antonio egunaren osteko zapatuan izaten da arratiarren errogatiba eguna; lehenago herri bakotxak bere errogatibea antolatzen baeban be, azken urteotan, Arratiako parrokia guztiak aldi berean joaten dira Urkiolara, bailarako abadeakaz batera; horretarako, Mankomunidadeak hiru autobus ipiniko dauz. Dana dala, erromes guztiak ez dira autobusean joango, batzuk euren kotxeetan eta beste batzuk oinez joango dira eta. Ganera, Zeanuritik eta Dimatik Urkiolara oinezko ibilaldi gidatuak be antolatu ditue.

Egitaraua
 
Aurtengo errogatibea Ondarea jaso eta jagon lemapean egingo da eta kartelak argazki bat hartzen dau oinarritzat: Urkiolako Santutegia naturan batua. Ondare naturala giza ondarearen kabi.
Hamaikak baino lehentxuago, ondoetorria emongo jake oinez, autobusean edo euren kotxeetan Urkiolara hurreratutako arratiar erromesei. Ondoren, eta aspaldiko usadioari jarraituz, letaniak abestuz sartuko dira erromesak Urkiolako Santutegira, 11:00etan Arratiako abadeek emongo daben mezea ospatzeko. Meza ostean, Arantzazuko parrokiak, aurtengo errogatibearen antolatzailea, lemeagaz bat datorren sinbolo bat eskainiko deutsee Urkiolara hurreratu diranei. Eta ekitaldi honegaz egitarauari amaierea emongo jako. Autobusean etorritakoak 13:00ean euren herrietara bueltauko dira.

Oinezko ibilaldi gidatuak 
 
Igaz legez aurten be Arratiatik Urkiolara joateko ibilaldi gidatuak egiteko aukerea izango da Dimatik eta Zeanuritik abiatuz. Urteerak Dimako plazan goizeko 06:00etan izango da eta Zeanuriko San Antonio baseleizan 07:30ean. Gainera, aurten Zeanuritik Urkiolara bidea markauta egongo da, horretan dabilelako lanean Joko Alai Alkartea, Zeanuriko Udalaren laguntzaz. Beraz, aurrerantzean, edozeinek bere kontura eta galtzeko arrisku barik egiteko bide bat izango da Zeanuri-Urkiola.

Aita Juan Jose eta Esteban abadeak gogoan
 
Meza amaieran Arratiako Eleizeak gogoan izango ditu aurten hil diran abade bi. Aita Juan Jose sakramentinoak urte asko egin zituan gure artean. Esteban abadeak lau urte be ez, baina oso estimatua izan da. Esker onez gogoratuko dira abade biok aurtengo errogatibako mezatan.

No hay comentarios:

Publicar un comentario