Páginas

jueves, 19 de junio de 2014

Caritasengatik ez balitz, kalean nengoke

Olatz Mujika Zubizarreta naiz eta 46 urte ditut. Bi seme-alaba nerabe dauzkat, eta egoera ekonomiko larria jasaten ari gara. Caritasera joan behar izan dut laguntza eske. Itsaso Zubiriaren artikulu bat ARGIA aldizkarian.



Hilabetean lan txiki batzuk egiten ditut han eta hemen, baina ezer gutxi, eta bikotekide ohiak seme-alaben elikadurarako ematen dizkigun 447 euro ditugu hilabetearen bukaerara iristeko. Caritasi esker egiten dugu aurrera, etxearen hipoteka baitaukat ordaintzeko, eta elkarteak laguntzen baitit gastu horri aurre egiten. Horrez gain, astean behin etxe inguruko parrokiatik elikagai batzuk jasotzen ditut. Orain urte batzuk, nork esango zidan niri eskean aritu beharko nuenik…

Komertzial lanetan aritu naiz hogei urtez. Orduko bikotekidearen enpresan aritzen nintzen beharrean, eta zenbait inbertsio ere egin genituen elkarrekin, nabe industrial bat erostea, esaterako. Gure harremanak okerrera egin zuen, baina, eta orain hiru urte bereizita, gaur egun urruntze agindua dauka nire bikotekide izan zenak. Ez zen, imajinatuko duzuen bezala, separazio normala izan, eta ordutik aurrera hasi zitzaizkidan kontu ekonomikoak okertzen. Hogei urtetan egindako lanaren arrastorik ez dago paperetan, ez bainuen langile bezala jarduten, emazte bezala baizik, eta gaur mila bat egun-edo edukiko ditut kotizatuta Gizarte Segurantzan.

Hogei urtez egin nuen lan gizonaren itzalpean, eta hasteko, ez daukat egindakoagatik tokatzen zaidan langabezia kopurua kobratzerik; eta bigarrenik, beste lanen baterako eskatzen den esperientzia ezin dezaket justifikatu, eta gainera jakina da 40 urtetik gorakoek gaur egun ez daukagula lanpostu bat lortzeko aukera handiegirik. Horrez gain, seme-alaben zaintzaren ardura daukadanez, etxean geratzeko aukera izan dut, baina oraindik hipoteka ordaintzeko dagoenez, hori ere izugarrizko karga da hilero.

Laguntza sozialetara jotzeko beharrean ikusi dut neure burua, baina horretan ere zailtasunak ditut, senarraren eta bion izenean dagoen nabe industrial hura baitaukat ondare. Ez dut zentimo bakar bat ere jasotzen eraikin horretatik, ordea, noizbait eduki genuen negozio hark porrot egin baitzuen. Baina oraindik bion izenean mantentzen denez, arazoak jartzen dizkidate laguntzak jasotzerako garaian.

Beraz, goiz batez erabaki nuen, guztiz konbentzituta ez bazen ere, Caritas bezalako elkarte batera gerturatzea laguntza eske. Bada urte eta erdi lehen aldiz joan nintzela, eta benetan eskertuta nago ematen ari zaizkidan guztiagatik. Haiengatik izan ez balitz, kalean nengoke dagoeneko, hileroko hipoteka ordaindu ahal izaten baitut eurei esker.

Eta zailena, askotan, laguntzaren beharraz jabetzea izaten da: “Nola joango naiz ba ni Caritasera?”. Baina egun txarrak bizitzea egokitu zaizula eta laguntza behar duzula onartzen duzunean ematen da pausorik handiena. Hortik aurrera borrokan jarraitu beharra dago, zulotik ateratzen ahalegindu beharra.

No hay comentarios:

Publicar un comentario