Arratiatik 100 bat lagun joan gara, 75 autobusetan eta 25 kotxetan, Bolibarik Ziortzarako V. Bake Ibilbidean parte hartzeko asmotan. Eguraldiak eta giroak lagundu dabe, zer esanik ere ez. Altabozdun lau kotxek lagundu dabez bidean zehar kantak eta gogoetak egiteko.
Hiru egotaldi egin dira bidean, Jaunaren bidea entzun eta Jesusek Jerusalenera egin eban igoera gogoratzeko.
Ziortzako Kolegiatan lekaideak egon dira zain kurutze handi bategaz.
Kolegiatako patioan egin dan azken otoitzaldia. Jaunaren Berbea entzun, Gotzainaren berba batzuk eta herri otoitza bertsoz. Ezaugarri moduan lora txorta handi bat osatu da kolore ezbardinetako loraz egina: kolore asko, herri bat.
Lore gorria, polita baina
gauza gitxi naz bakarrik,
ez ete dago besterik inor
daukanik nire beharrik?
Ene Jainkoa, ez dakigula
faltatu zure indarrik,
gure artean biztu ez dedin
bakez kontrako sugarrik.
Ni berdea naz, zoragarria,
nor ete nire antzeko?
Baina uste dot beste batzukaz
nengoke(la)_askoz hobeto.
Jauna, lagundu sendo sinisten
garala herri bateko
alkar onartuz, alkar lagunduz
alkarrentzat beharrezko.
Lore zuria, ikusgarria
kolorez eta usainez.
Hau zoritxarra!: nazan bestean
bakarrik iraun ezinez.
Egizu, Jauna, bizi nadila
besteekaz bat eginez:
bete daigula gure Herria
bakez eta atseginez.
Txorta bakarra lorez beterik:
gorri, berde eta zuri,
edertasunez ta batasunez:
Euskalerria dirudi.
Ziortzan Ama lagun dogula
otoizka gagoz gaur Zuri:
Jainko maitea, bake gozoa
gure gainera isuri.
Merezi dau, ezta?
"ETA"k aspaldi laga deutso hilketeari, lehargailuak jarteari eta beste gogorkeria era batzui, baina… zelan dagoz gure barruak? Parkamena eskeintzeko eran? Parkamen eskatzeko eran? Bakean bizi izateko eran? Ala oraindino gorrotoa, gogorkeria, ondeza eta bengantza-egarria dago hainbat eta hainbat bihotzetan, etxetan, ingurutan…?
BAKEA Jainkoaren dohaia dala uste dogunok, eta otoitzean jardun gura dogunok, badakigu geuri ere zein gatx egiten jakun barrua baretzea, isiltzea, baketzea eta BAKEAren testigu izatea…
Otoiz-giroan landu genduan guzti hau Gollibartik Ziortzara bidean, erromes, kantu artean, Jainkoaren berbea entzun eta hausnartzen, hainbat herrialdetako kristinauk bat eginda: zahar, heldu, gazte eta ume…
Ziortzan bertako lekaideek egin euskuen harrerea eta Gotzainak, eta honen hitzalditxo bataz eta ESKARIAK bertsoz eginez emon geutson amaierea ekitaldiari.
Zein ederra! Lore BERDEA… eta "erdiko" bat jarri zan…, lore ZURIA…, eta "kala" batzuk jarri jakozan aurreko "erdikoari"; lore GORRIA… eta larrosa gorriak jarri jakozan gero… Era askotakoak baina BAKEA eraikitzeko danok garala beharrezko esanez alkar berotzen gendun.
Eta amaieran, ogitartekoak eta bakotxak eroiana alkarbanandu zan, senidetasun giroan. Aparta giroa. Merezi dau holango ekitaldiak egiteak, BAKEA eta ADISKIDETZEA lortuko badoguz…
Aurrera, Jainkoa lagun!
Mikel Azpeitia Txo
No hay comentarios:
Publicar un comentario