Egunon Eguen Santu honetan barriz ere alkartu gara otoitzean. Agur bero bat Irrati honen bitartez gugaz bat egin dozuen guztioi. Guk be zuekaz bat egin gura dogu egun santu honetan.
Gogoan zaituegu etxean entzuten zagozeenak, batez ere gaixoak, ezinduak, egoitzetan zagozienak.
Eguen santua. Eguen apartekoa. Gurena. Jesusen agurra. Ahaztuko ez dan agurra. Jesusek jakin badaki bere azken orduak direla. Ez da leloa. Jakitun dago. Iges egin? Nonon gorde? Ez. Jesusek agur afari bat antolatzen dau bere lagun lagunekaz ospatzeko. Sakon sakonetik ospatu gura dau afari ha. Ondo hausnartu eta pentsatu ondoren.
Azken Afariko oihartzunak oraindino gure bihotzetan, buruan bizirik dirau, bere soinua itxi deusku. Bazkari eder baten antzera, astiro gureganatu behar dogu. Gurea egin.
Ezaugarritzat, imajinatu daiguzan ogia eta aitzurra... Eguen Santuko ogia. Jesusek bedeinkatutako ogia. Jesus dogun ogia. Mahai askotan falta dan ogia.
Eta aitzurra. Gure beharraren ezaugarria. Beharra, lana, izerdia. Lur landua, ondua. Gu ere lur horren antzekoak gara. Gaur ere ereilea guregana dator bere hazia eskeintzera, ereitera. Zelako lurra aurkituko dau niregan, guregan, gure parrokian, Bizkaian?
Musikea
1.- Lurra landu, aitzurtu, atxurtu.
Bai, lehenengo gauza horixe litzateke. Lur horretatik Jainkoaren lanarentzat oztopo diren “harriak” atxurtu eta kendu. Bihotz barritu. Lur barritu.
Bihotza garbitzea, behar bada, lurra atxurtutea baino gatxagoa litzateke. Nire eta gure lur horretatik harriok kendu beharko gendukez: (abots bitara txandaka)
-Guzurra, faltsukeria.
-Zeu zara gure egia!
-Otoitz eskasia, otoitzik ez egitea.
-Zeu zara barri onaren zabaltzailea!
-Egoismo eta norberekeriaren harriak kendu.
-Zeu zara maitasuna!
-Indiferentzia eta ez axolakeriaren harriak kendu.
-Zeu zara harrera eta parkamena!
-Alperkeria eta nagikeriaren harriak txikitu.
-Zeu zara testigu zintzo eta leiala!
Gure Eleizeak ere baditu harri edo arrisku batzuk kentzeko beharra. Frantzisko Aita Santuak ere gure tentaldi batzuk gogorazten deuskuz Ebanjelioaren poza bere eskutitzean. Hona atxurtu behar ditugun beste harri batzuk (81-109):
-Konpromisuak hartzeko bildurra ego ekintzakeria larregi.
-Pesimismo antzua, beti eta beti txarra eta ezkorra gogoratu eta gogoratu azo.
-Gure arteko eztabaidak eta gerrak, ezbardintasunak goratuz.
Eguen Santu hontan
hartu dot atxurra,
hazia ereiteko
ez daukat bildurra,
kendu alperkeria,
gorroto, guzurra,
hori dana behar dot
garbitzeko lurra.
Musika edo kanta…
2. Hazia erein
Orain bai. Gure lurra eta nire lurra garbitu doguz apurtxo bat. Orain jaso daigun hazia, ereileak guregan eta eleizean erein gura dauan Jaunaren Berbea.
Pozez, harreraz, errespetoz, jaso dagigun Berbaren hazia gure bihotzean. Markos ebanjelisteak hauxe dinosku:
Ebanjelioa (Mk 4,1-20)
- «Atera zan behin ereilea hazia ereitera. Ereitean, ale batzuk bide-bazterrean jausi ziran, eta txoriek etorri eta jan egin ebezen. Beste batzuk harri artean jausi ziran, lur handirik ez zan tokian; eta, azaleko lurra izanik, berehala erne ziran; baina eguzkiak jo orduko, erre egin ziran eta, sustrairik ez eukielako, igertu. Beste ale batzuk sasi artean jausi ziran, eta sasiek, haztean, ito egin eben hazia. Gainerakoak lur onean jausi ziran, eta fruitua emon eben: bateko ehun edo hirurogei edo hogeita hamar. Ulertzeko gauza danak ulertu begi».
Juanak esana!
Bedeinkatuak Jaunaren Berbea entzuten dabenak eta praktikan jartzen dabenak.
Entzun. Jesusi entzun. Senideari entzun. Pobreari entzun.
Praktikan jarri. Berba hutsetan ez geratu.
Frantzisko Aita Santuak ere gogoratzen deusku bere eskutitzean (Ebanjelioaren poza, 3. kapitulua) ebanjelioa zabaltzea dala eleizearen eta kristauaren zeregina. Abadearen, erlijiosoaren, laikoaren beharra. Zelan zabaldu gureganatu ez dogun Berbea, ebanjelioa?
Eguen Santu hontan
berba egokia
ereileak guregan
aspaldi jarria:
gu lur apal landua,
Bera nagusia,
Jaunaren Berba dogu
zorion hazia.
Musika edo kanta…
3.- Ureztatu lurra
Eguen Santu honetan, ordu santu honetan, zelako beharretan sartu gaituzun! Bai. Gure lurrak, gure bihotzak, nireak eta Eleizeak zure ur bizia behar dabe. Zu barik lur lehor, siku, antzuaren modukoak ginateke. Zure laguntasunaren ur barik, gugan jarri dozun haziak fruturik apenas emongo dau. Errezagoa da ortuari ura botatzea gure bihotza errukiz blai egitea baino: (abots bitara txandaka)
-Jaten emon gose danari.
-Edaten emon egarri danari.
-Jantzi biluzik dagoena, eskubideak errespetatu pobreari.
-Etxea emon etxe bakoari edo erroldatu paper bakoa.
-Bisita egin gaixoari, zaharrari, ezinduari.
-Bisita egin preso dagoenari.
-Lur emon eta hiletan lagundu hildakoari.
-Pozaren ogia tristeari.
-Zintzotasunaren ura ilunpetan dagoenari.
Ura botatzea haziak frutua emon dagian ez da betebehar pertsonala bakarrik. Gizarteari eta ekonomiari ere eragin behar deutso. Gaur egungo ekonomia baztertzaileak hil egiten dauela dinosku Aita Santuak (Ebanjelioaren poza, 53).
Ordu gozo honetan, zure misterioaren aurrean, zure laguntasuna disfrutatuz, ez doguz gure eliz ormatatik kanpo itxi gura baztertuak. Ez doguz gure bihotzaren errukiaren eraginetik urrun itxi gura pobretuak. Ez doguz gure salmo eta eliz-kantaten aipatu barik itxi bide ertzetan geratu direnak, gure kontsumoaren gizartearen abiadura jarraitu ezinik dagozenak. Samariako emakume baztertuak, justizia egarri direnak, bide ertzeko itsuak, isildu gura ditugun aieneak, gaixoak, hil zorian dagozanak.
Jaten emotea gose danari justizia eskatzea be bada. Egin gaizuz oihu hori entzuteko kapaz. Ereileak gugan ereindako haziak maitasunaren, justiziaren uraz, fruitu ugari emon dagian.
Eguen Santu hontan
eskutik eskura
mundu zuzen justo bat
lantzeko ardura,
pobreak, baztertuak
gizaki, natura,
bizi barri iturri
dabe zure ura.
4.- Ogia banandu
Lukasen ebanjeliotik:
Ordua etorri zanean, Jesus mahaian jarri zan apostoluekin eta esan eutsen:
«Baneukan gogoa, sufridu aurretik pazko-afari hau zuekin egiteko. Hara zer dinotsuedan: ez dot gehiago Pazkorik ospatuko, hau Jainkoaren erreinuan bere betera heldu arte».
Eta kaliza bat hartu, esker oneko otoitza egin eta esan eban:
«Hartu egizue eta banandu zeuen artean. Hara zer dinotsuedan: ez dot gaurtik gehiago ardorik edango, Jainkoaren erreinua heldu arte».
Gero, ogia hartu eta, esker oneko otoitza eginez, zatitu eta emon egin eutsen, esanez:
«Hau nire gorputza da, zuentzat emoten dana. Egizue hau nire oroigarri».
Afal ondoan gauza bera egin eban kalizagaz, esanez:
«Kopa hau itun barria da, zuentzat isurtzen dan nire odolaz ezarria».
Jaunak esana!
Ereile Aitaren hazia, lur landuan, maitasun eta errukiz eta justiziaz bustiak frutua emon eban.
Eta gariaren garauak ogi hau sortu eben.
Eta zeu zara ogi hori.
Eta ogi hori guri emon gurean ibili zinan.
Ogi hau dogu gure Eleizearen janaria, argia, indarra.
Ogi hau dogu gure energia eta bizia.
Aita Santuak dinoskun legez (Ebanjelioaren poza, 24), Jainkoaren lehentasuna onartzeko kapaz dana.
Herrian, lurrean, gizartean sartzen dan legamiaren antzeko alkartea.
Gizon emakumeari bere ibilian laguntzen deutson Eleizea.
Garia jagon eta bedar txarragaitik bakea galtzen ez dauan komunitatea.
Ospatzen eta jai egiten dakian alkartea. Aurrera pauso bakoitza eskertu eta jai egiten dauena.
Hona Jesus, nire bizitzaren uruna.
Garaua urunduz egina.
Maitasun eta ontasunezko,
zintzotasun eta parkamenezko,
konpromiso eta justiziazko,
otoitz eta maitasunezko garauak
jo, eiho, birrindu eta urunduz egina.
Ez da erreza.
Dana bertan behera ixteko tentaldirik badaukat.
Baina gero, ogiari begira,
Zuri begira,
zuri egindako agintzaria, promesea gogoratzen dot:
azkeneraino jarraitzea.
Jesus, emoidazuz zure indarra eta ausardia,
Batez ere indar barik nabilenean,
Zein bide aukeratu ez dakidanean.
Zure lagun izan gura dot.
Nire bizitzak eroan dagiala,
Zure bizitzaren antzera,
Ogi egin barriaren usain eta gusto ona.
Ogia zatitu eta banatzen dan moduan,
nik ere zatitu eta banandu dagidala nire bizitza
pobreen, senideen, guztion alde.
Eskerrik asko Jesus.
Orain, zugaz berba egin ostean,
errezagoa egiten jat zeregin hau.
Eguen Santu hontan
ez dogu berandu,
biziaren errotak
gu eiho ta landu,
gu garau ale ahul
eta zuk gu zaindu:
holan Zure antzera
gaitezen banandu.
Musika edo kanta…
Arratian, 2014-04-17an
No hay comentarios:
Publicar un comentario