Iparraldeko kristauen webgune dogun Fedea eta kultura deritxon tokitik Peio Ospitalen gogoeta hau dakargu hona. Barikuan Koldo Katxok gai berberaz egingo deuskun hitzaldiaren sarrera moduko dogu hau. Euskeraz badogu beste laburpen bat sareratuta Rufi Iraolaren lanari esker.
Ainitzek,
gutizia edo esperantza edo griñaz igurikatzen zuten Frantses Aita
Sainduaren jarrera, bereziki ekonomia eta Eliz-erakunde arloetan. Agiria
(Evangelii gaudium – Ebanjelioaren poza) joanden azaro ondarrean argitaratua izan da, Lehiabide apostoliko gisa.
Ezinezkoa
da 288 artikulu kondatzen dituen 165 orrialdeko agiria orri bakarrean
laburbiltzea. Ondorioz, hala beharrez, ekonomista eta teologo zonbaiten
iritziak irakurririk, hurbilketa « interpretatu » bat proposatzen
dautzuet, mundu zabalean hedaturik dagoen Eliza edo berdin tokikoa
gogoan izanik.
Izenburuak berak, hitz gutitan ainitz
erran nahi du: ez du erraiten poztasunik ez ditaikeela izan Ebanjeliorik
gabe, bainan bai poztasunik gabeko Ebanjeliorik ez lukeela izan behar.
Ekonomia arloan,
ezezko garbi bat jarri behar zaio « ekonomia baztertzaile eta
zuzengabekoari ». Ekonomia mota hori hiltzailea da. Onartezina da hotzez
hiltzen den karrika-egoeran dagon adindunaren heriotza gertakari
aipagarria ez izaitea, Burtsaren bi pondutako beherakada, aldiz, aipagai
delarik (53)*.
Urrezko aratxearen irudi biblikoa gogoratuz, diruaren idolatria
salatzen du Aita Sainduak : antropologia-mami gabeko ekonomiak,
azkenean, gizakia behar bakarreko izakira mugatzen du,
kontsumitzaile-huts bihurtzen du (55).
Bakar batzuen
izabaziak neurrigabeki haziz doatzilarik, gehiengoarenak guttiengo uros
horren ongizatetik beti ta urrunago gelditzen dira. Bestalde, ustelkeri
zabalduak eta ihesketa fiskal berekoiak hedadura mundiala hartu dute.
Botere eta ondasun goseak ez du mugarik. Ondorioz, hauskor den guzia,
adibidez ingurumena, defentsarik gabe gelditzen da merkatu jainkotuaren
meneko (56).
Solidaritate desinteresatura deitzen
zaituztet, eta gizakiaren aldeko etikan oinarritzen diren ekonomia eta
finantzetara itzultzera lehiatzen (58).
Alde guzietarik
segurtasun gehiago ere galdegiten da. Bainan gizarte barneko eta
herrialdeen arteko bazterketa eta zuzengabekeria ezabatzen ez diren
bitartean, ezinezkoa izango da indarkeria erroz-gabetzea (59).
Hots, aspaldiko eta betiko erakaspena : dirua zerbitzari ona, bainan nagusi txarra.
Eliz-erakundeari begira ere, erakaspen zehatzak emaiten dauzkigu Aita Sainduak.
Elizak
ez du ebanjelizatzen, bere burua etengabe ebanjelizatzera uzten ez badu
(174). Eliza ez da aduana bat, aitaren etxea da, eta bakotxak bere
bizitza penatuarekin badauka hor bere tokia (47). Atera, atera...
Nahiago dut, bidetan ibiltzeagatik, Eliza zauritua, uspeldua eta
istildua, ezinez eta hetsikeriaz eta segurtasun beharraren griñaz
eriturik dagon Eliza (49).
Mundukeri espiritualari ez !
Batzuek uste dute besteak baino gehiago direla arau zehatz zonbait
betetzen dituztelako edo estilo katoliko zaharrakilako leialtasun
hautsezina agertzen dutelako (94).
Mundukeri maltzurra
agertzen da « Elizaren eremua menperatzeko » nahikeri harroan. Batzuek
liturgiaren, doktrinaren edo Elizaren ospearen axola espantuki
erakutsiko dute, Jainkoaren herria baitan eta historiaren premia
zehatzetan Ebanjelioa zinez xertatzeaz batere griñatuak ez direlarik...
Beste batzu gizarte bizitza intentsibo batean engaiatuak agertuko dira,
bidaia edo bilkura edo apairu edo agerraldien artean tirabiratuak...
Huntan guzian ez dago kartsutasun ebanjelikorik, bainan bai buru-asekeri
egozentriko baten gezurrezko gozamena (95).
Bestalde,
guti dira apezgorako edo bizitza erlijiosorako bokazioneak... Ez dago
semenarioak betetzerik edozoin gisatako motibazioekin, are gutiago
ez-segurtasun afektiboarekin, botere gosea edo giza-ospe edo ongizaite
ekonomikoarekin zerikusirik baldin badute (107).
Berri Onaren iragarpenak – kerygma
– eginbide moral eta erlijiosoa baino lehen, Jainkoaren maitasun
salbatzailea adierazi behar du..., osotasun harmoniotsua suposatzen du,
predikazioa ez delarik murriztu behar doktrina zonbaitetan, batzutan
ebanjelikoak baino filosofikoagoak (165).
Ebanjelioa
kultura ainitz eta desberdineri egokitu behar da, jakinik ez Aita
Sainduak ez Elizak ez daukatela errealitate sozialaren interpretazioaren
monopoliorik.
* Zenbakiak Agiriaren erreferentziak dira.
Peio Ospital
No hay comentarios:
Publicar un comentario