Páginas

martes, 10 de diciembre de 2013

Alejandro Labaka gotzaina: Indigenen defentsan hildakoa

Alejandro Labaka gotzain eta misiolariak Ekuadorko indigenen kultura babesten lan egin zuen, eta zeregin horretan ari zela Tagaeri indiarrek hil egin zuten, 1987an. Haren bizia gogoratu dute egunotan Donostian, idazten dau Ilargi Agirrek gaurko BERRIAn.

Petrolio enpresa eta Tagaeri indiarren arteko bitartekaritza lanak egiteko joan ziren, baina ez zen elkarrizketarako tarterik egon. Alejandro Labaka gotzaina eta Ines Arango moja kolonbiarra lantzekin hil zituzten Tagaeri indiarrek, Ekuadorko oihanaren erdian. 1987ko uztailaren 21a zen. Bakerako bide izan behar zuenak huts egin zuen. Labakaren arrastoa gogoratu dute azken egunotan erakusketa eta hitzaldi batekin.

Misiolari kaputxino gisa joan zen Labaka Ekuadorrera, 33 urte zituela, eta bizitza osoa pasatu zuen han. Oihanean bizi ziren indigenen kultura babesten egindako lanarengatik egin zen ezagun, batez ere. «Euren kultura ulertzea atsegin zuen. Berdintasunetik harremanak egiteko gaitasuna zuen», dio Xabier Parra Labakaren omenezko ekitaldien antolatzaileak. Kultura ulertzeko euren ohitura eta tradizioetan barneratu zen. Oihanean bizi ziren tribuekin denboraldiak pasatu zituen bizitzen, biluzik haiek bezala, maila berean. «Orduak ematen zituen euren kantuak entzuten, edo elkarrizketak grabatzen zizkien kasetetan hizkuntza ikasteko gero».

Parrak azaldu duenez, Waorani indigenekin egokitu zen ongien. «Oso harreman estua izan zuen. Familia batek semetzat eta guzti hartu zuen». Txantxetan ere ibiltzen ziren horren harira. «Semetzat hartu zuten gurasoak Inihua eta Pawa ziren, eta bere guraso biologikoak Iñigo eta Paula. Antzekotasunarengatik barre egiten zuten». Gaur egun, oraindik ere oroitzen dira Labakarekin Waoraniak. Labakaren anaia izan zen Araba, eta iloba bati Alejandro izena jarri diote, misiolariaren omenez.

Amazoniari «paradisu berdea» deitzen zion Labakak, eta industriaren aldetik lurraldea jasaten ari zen kolonizazioak bereziki kezkatzen zuen. Egiteko horren defentsan jarri zuen arriskuan bere bizitza.

Heriotzaren zergatiaren berri badaki Parrak. Kontatu duenez, bakartuta bizi ziren indigenen gune batera sartu nahi zuen petrolio industriak putzu gehiago ustiatzera. Estatuaren eta militarren laguntza zuten, gainera. Labakak behin baino gehiagotan eskatu zuen atzerapena Tagaeri indiarrak bizi ziren gunean, baina estatuak ez zuen onartu. «Egoera horretan, Tagaeriengana jotzea erabaki zuten bitartekari gisa egiteko. Bazekiten oso arriskutsua zela eta ziurrenik ez zirela bizirik aterako». Horren isla da Labakarekin batera joan zen Ines Arango mojak testamentua eginda utzi zuela alde egin aurretik.

Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria Labakaren iloba da. Ongi oroitzen da egun haietaz. «Hark susmoa bazuen, eta gerora jakin da petrolio enpresak tribuko kideren bat hilda zuela aurretik. Hark bazekien zein arrisku zituen joan zenean».

Zoritxarrez, Labakaren susmoak bete egin ziren. Urte batzuk geroago Waorani talde batek Tagaeri neskatxa bat bahitu zuen, eta hark kontatu zuen egun hartan gertatutakoa. Helikoptero batean lurreratu ziren Labaka eta Arango, eta taldeko emakumeekin topo egin zuten lehendabizi. «Gizonak ehizara joanak ziren, eta emakumeek ongi hartu zituzten; janaria eskaini zieten. Iluntzean gizonak ehizatik itzuli zirenean, ordea, lantzekin eraso eta hil egin zituzten», jarraitu du Parrak. «Zuriak» ziren haien begietara, «arriskutsuak».

Parraren arabera, mendebaldeko gizartetik bakartuta bizi izan dira Tagaeriak, baina mendebaldeko gizartearen eragin ezkorrak nabaritu dituzte. Euren lurraldeetako okupazioa, indarkeria, ibaietako petrolio isuriak... «Beren burua, etxea eta lurraldea arriskuan sentitu zituzten, eta indarkeriarekin erantzuten zuten».

Labaka hiltzeko erabili zituzten bi lantzak Donostian daudela gogorarazi du Peñagarikanok, Okendon dagoen kaputxinoen komentuan.

Txinatik Ekuadorrera

Ekuadorren egon aurretik, Txinan ibilia zen Labaka. Maoren iraultza iritsi zenean alde egin behar izan zuen. «Txineraz ere ikasi zuen, eta han ere ia hiltzekotan egon ziren».

Ekuadorren bizi izanagatik Euskal Herriarekin eta familiarekin harremana mantentzen zuen Labakak. Hiru urtetik behin bisitatzen zituen. «Oso pertsona irekia zen, eta alaia. Haren lagunek beti esaten dute ikusten zela sustraietan euskalduna zela. Herri txiroen eskubideak defendatzen zituen beti», dio Anjel Mari Peñagarikanok.

Harreman horrek jarraitu zuen hil ondoren ere. Ekuadorrera joan zen osaba hil eta hamar urtera Peñagarikano. Oihanean hil aurretik lurreratu zen lekuan egon zen, eta osabaren omenezko mezan bertsoak bota zituen. Bidaia hartan nabaritu zuen bertakoengan arrasto handia utzia zuela Labakak.

Ez alferrik. Cicame erakundea izan zen Ekuadorren egin zuen lanaren beste zutoinetako bat, beste misiolari batzuekin batera. Heziketa bultzatzeko eskoletarako ehun eskola liburu baino gehiago kaleratu zituzten, eta ondare kulturala berreskuratzen lan handia egin zuten. Pompeyako Etnografia Museoa eta Cocako Arkeologia Museoa ireki zituzten horren harira.

Gaur egun, petrolio enpresen eta indigenen arteko egoera hobetu egin dela dio Peñagarikanok. Isilkako gerra hori nolabait amaitu egin dela, tribuak bakean uzten dituztela. «Garai hartan petrolio enpresek ezartzen zuten legea oihanean, eta askotan herri indigenen eskubideak zapaltzen zituzten», aitortu du Parrak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario