Eskerrik asko Manu!
Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.
URRIA, LASTAILA, URRIETA, BILDILA
Urriak dira izan ere hilabete honetako ospakizunak baina urteak joan urteak
etorri, ekintza nagusi batzuk ia-ia festa bihurtu dira, besteak beste,
artazuriketak, sagardoa, txakolina eta eurengandiko erakustazokak. Artoa,
sagardoa eta txakolina aipatuko ditugu, azkenean Gernikako urriko azkenengo asteleheneko
ospakizunaz amaitzeko.
ARTOA
Artoa dinogu eta ez artaburua bakarrik. Artabura orduko, gure baserritarrek
garbea eta kanila aprobetxatzen dituzte ganaduen jaki lez.
Urri inguruan, artaburuak batzen dira eta lastoa ganaduei emon ahal dana
jateko, edo bestela soloan bertan itzi usteltzeko edo erre ere bai iduri edo
hautsak abonu bezala erabiltzeko.
Behin artaburuak ganbara, dolare edo tejabanaraz gero, artazuriketaren
tertzioa heltzen da.
Artazuriketa, artaburuari garau gaineko kapaxak kentzea da. Eskuz egiten
zenez, familia osoak alkartzen ziran menester hori aurrera eroateko, udazkeneko
iluntze luzeetan.
Behar hau, normalean iluntze edo eta gauetan egiten zan, beste beharrak
egin eta gero. Tertulia itzelak egiten ziran, kantu eta bertsoetaraino heldu
arte.
Artaburu zurituak gorde egiten dira, onenak hazitarako aukeratu eta kapaxak
goitegian gorde ganaduei jaten emoteko.
Artakapaxak, hainbat gauzatarako erabili izan dira. Besteak beste,
lastamarraga edo koltxoia egiteko erabiltzen zan. Arrantzaleek atunetarako
amuan ipintzen eben amua estaltzeko. Beste batzuek, zigarroak egiteko papel
orde ere bai.
Hortik aurrera, jan ahala-jan ahala, garandu egiten ziren artaburuak eta
jan, batzuk garauan eta beste batzuk eho eta urunean.
Persona-jaki bezala, artopil, talo eta morokila nagusitu ziran eta
horretarako labigerrak egiten ziran harik eta artaburuak berez ondo sikatu
arte.
SAGARDOA ETA TXAKOLINA
Araba eta Nafarroan, klima bitarteko, beti edan izan da ardoa baina Bizkaia
eta Gipuzkoan erosi egin behar izaten zan.
Erostetik aparte, Gipuzkoa eta Bizkaian sagardoa eta txakolina izaten
ziran eta gaur ere badira ardoaren ordezkoak.
Horretarako ondo zaintzen ziran sagardui eta mahasduiak, uzta garaian
dolareetara eroan eta sagardo-txakolinak egiteko.
Baina, ardoa, laster nagusitu zan Euskal Herri osoan. Gaur ia dana egiten
da ardobotiletan baina lehenago narruzko ontziak erabiltzen ziran. Ahuntz
narruz egindako laurogei litro inguruko zahagiak erabiltzen ziran ardoaren
garraiorako eta neurri ezbardinetako zahatoak etxean eta lagun artean edateko.
Neurrietara joanaz, azunbrea eta kantara erabiltzen ziran. Azunbrea litro
bi dira eta kantara hamazortzi. Koartiloa azunbrearen laurdena, edo errazinoa.
Gaur egun, ardoaren kulturak, beste dimentsio bat hartu dau eta horren
ondoan sagardotegi eta txakolindegiak ere indarra hartu dabe baina ez ahaztu
herriko esaera zahar hau: “ Sagardo, txakolin edo ardoarekin afaltzen dauenak,
urarekin barausi”.
Edarien mundu honek umore ona ekartzen dauenez, bizitzaren joanean
herri-abesti entzutetsuak ere sortu izan dira. Aipatu dagiguzan pare bat: bata
Gipuzkoakoa eta bestea Bizkaikoa
ARDOA ETA GIZONA
“ Ardoa eta gizona dijoaz kantatzera
ardan-andere gizena entzule dutela,
gizonak galdetzen dio: - ona ote zera?
-Bonbilean nago eta hasi zaiz edatera.
Ardoak erantzun du pozaz zoraturik
-ez da nigana etorri zeu bezalakorik,
bahituta izan naute kortxoz estalirik;
zuk askatu nazu eta ez utzi tantorik.
-Ardoa, klin-klin-klin, zatoz bonbiletik pozez,
puxkaz nahiago zaitut, ez guztia kolpez;
usaiz ona zera ta hobea kolorez;
ahoan muxtatzeko barruratu zaitez.
-Ahoan sartu ezkero banuen esperantza,
eztarria dezulako elkorra ta latza,
ondotxo har nazazu, gozatu al baneza;
negarra heldutakoan, hori dezu poza! “
JAI EGUNEZ
Jai-egunez txakolinez
barrua bete ezkero,
abarkadun auzo-lagun
guztiok gagoz bero.
Txakolin, txakolin, txakolin eta txuzpin;
txakolin, txakolin, txakolinak on egin.
Mahats urdina pitxar bina
edan arren zutunik,
batzuk motel motelik;
irradari, zantzolari
ager gara zororik.
Txakolin, txakolin...
Bi ailara kurtzetara
lurrean irarrita,
ikotika, artazika,
irradan bat hasten da.
Txakolin, txakolin...
Batzuk uju, bestek juju
berein agura han dira
bekaitzaren begira
bizkor ta azkar lehena bakar
dabil jira ta bira.
URRIKO AZKEN ASTELEHENA GERNIKAN
Urrian gaudenez, Gernikakoa hartzen dogu baina urtean zehar Euskal Herriko
hainbat herritan ospatzen dira azoka ederrak eta bide batez jai giro aparta
eskeintzen deuskue.
Gernika bete-bete egiten da urriaren azkenengo astelehenean. Inguruetako
baserritarrak euren produktu eta guzti plantatzen dira han hor hemengo
postuetan eta salerosketaren saltza eta perejila martxan jartzen da.
Bien bitartean, gose-egarriak asetzeko, talogintza eta prijitelak ez dira
falta, ardo, sagardo eta txakolina lagun direlarik.
Gernikako merkatu entzutetsu hau aipatzean, ezin dogu ahaztu harako ha
beste merkatua, bonbaz josita haustuta itzi zebena.
“ Eman da zabal zazu, munduan frutua” kantatzen eban Iparragirrek eta
halaxe dala dirudi gaurko Gernika gaztea ikusita.
URRIKO ESAERAK
1-. Urri eguraldia, eguzki eta euria
2-. Urria, usoaren galgarria
3-. Urriaren azkenean, gaztainea etxean.
4-. Urri txerri, mal txerri.
5-. Urrieteak urri gauzak eta urri dira aren be(h)arrak
No hay comentarios:
Publicar un comentario