Páginas

viernes, 21 de junio de 2024

Ekaina edo bagile (2): San Joan eta San Pedro: Juan Manuel Etxebarria: Urtaro 08

Obako Doniane, Diman. Indalecio Ojanguren argazkia

Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren beste atal bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana ekaina edo bagilari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. Oraingoan San Joan eta San Pedrori dagokiezanak jarri ditugu batez be. Eskerrik asko Manu!






Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.




U D A  - UDAKO SOLSTIZIOA



Ekaina edo bagilaren 21etik irailaren 21era bitartekoa dogu udaldiaren iraupena.
Ekainaren 21a, solstizio ( solis statio) izenez ezagutzen da. Egun honetan, urteko egun-argirik luzeena eta gaurik laburrena daukagu. Egun honetatik aurrera, eguna laburtuz joango da abendu edo gabonilaren 21erarte.
Zerura adi bizi zan herriarentzat, eguzki argia eta gainera luzea, garrantzi handikoa zan eta ospatu ere halaxe egiten eben, egunez egunarekin eta gauean suaren sinbolopean.
Denborarekin, kristautasuna zabaldu zan Euskal Herrian eta estrato kultural hori ezarri ahala, eleizeak kristautu egin zituen solstizio biak egunak ere aldatuz. Ekainaren 21a, 24ra pasatu zuen Juan Bateatzaile Deuna izendatuz eta abenduaren 21a ere 24ra, Gabon- Natibitate  ospatuz.
Udaren hasiera hau, ospakizunak ospakizun, ohituraz bete jaku historian zehar eta ohiturotan kultura paganoa eta kristautua nahastean agertzen jakuz baten baino gehiagotan. Goazen , besteak beste, udaren hasierako herri-ohituretariko batzuk aipatzen:


UDAKO ESAERAK


Uda eta San Juan egunari buruzko esaerak ugariak dira eta, besteak beste honeixek aipatuko ditugu;


1-. Uda, negu hotzak edertu.
2-. Negu bigunegiak uda gogorregia
3-. San Juan, artoa eta ogia kanpoan
4-. Egunik luzeena, San Juanena.
5-. San Juanak, esku batean sua, bestean ura.

SAN JUAN BEZPERA GAUA

Gau handi, ospetsu eta misteriotsua lehen, gaur zein geroan ere euskaldunon tradizio barruan.
Gaur egun, sugarrak bakarrik nagusitu badira ere, historian zehar hainbat ohitura bizi izan dau gure herri zahar honek. Goazen ohiturotara:

SAN JUAN BAGILEKO SUGARRAK

San Juan bezpera gauean, sugarrak egiteko ohitura zabal ibili da eta badabilela esan geinke.
Gure zaharrek garrantzia handia emoten eutsoen ekintza honi. Udabarriaren azken antzean sasi, bedar txar eta abarrak ebagi eta sikatzen izten ebezen gero San Juan sugarretan erretzeko  nolabait natura purifikatuz gauza ez diran zarraparra guztietatik.
San Juan bezpera iluntzea heltzen zanerako, prest-prest eukiten ebezen erregai guztiak, etxeetako erropa zahar eta abarrak  ere bai.
San Juan bezpera gaueko sugarrak isiotu baino lehen, gure baserritarrak, garia jo eta gero geratzen den galtzu-eskuta edo poila bana hartu, isiotu ipurdi aldetik eta solo ingururik solo inguru ibilten ziren kantu-hotsean:

“ San Juan bagilean
denpora ederrean
artoak eta gariak gorde
subeak eta sapoak erre
San Juan Bezpera gaube”

“ San Juan, San Juan, gaur dala
bihar dala Donibane
etzi San Juan biaramune,
gure soloan lapurrik ez,
badagoz bere, erre beitez,
artoak eta gariak gorde
siraunak, sapoak, subeak,
piztia guztiak erre”.

Ekintza hau  labrantzako solo guztietan egiten zanez, etxeko familia osoak hartzen eban parte. Umeak hurbileko soloetan eta helduak urrunagokoetan.
Modu handikoek, zuzien ordez, kandela bedeinkatuak erabiltzen ebezen, labrantza-solo bakoitzean bat isiotu eta guztiz amatatu arte itziaz.
Kantu-hotsezko solo-inguratzeok amaitu ondoren, ailegatu ahala auzune erdiko erregai ingurura hurbiltzen ziran. Danak elkartu orduan sua isiotzen zan. Baserriren bateko supazterreko ilenti bat hartu eta aurreko urteko San Juan bedar siku sikuak  isiotuten ziran eta gero erregai txondorrari magalik magal sua emon.
Sugar lekua, gehienetan bidekurtzea izaten zen, bidekurtzetan sorginak agertzen zirelako sineskera egoalako.
Ikuskizun paregabea sortzen zan suaren inguruan, ume, kaskondu, gazte, heldu eta zaharrak danak batera armonian.
Batzuetan gauza barregarriak ere gertatzen ziran. Bedar txarrak galtzeko, biluztu, atera bedar txar hori zuztar eta guzti soloan eta San Juan sugarretara bota behar izaten ei zan betiko galtzeko. Mutil gazte batzuk batez ere, egin ere egiten eben fetxoria hori inguruko guztien barre eta algarak sortuz.
Baserri edo auzune guztietan egiten zirenez sugarrak, batetik bestera zantzo eta eupadak ere egiten ziran alkar animatuz eta suen neurria konparatuz, zeinek handiagoka.
Behin sugarrak eskasten hasten ziranean, sugar-saltuen txanda dator.

SUGAR-SALTUAK

San Juan sugarrak apur bat amatatuz joaten ziranean, saltuak egiten ziren ilenti eta txingar gainetatik. Batzuen ustez, saltuon bitartez gorputz-arimen osasuna lortzen ei zan  saltuok egin ahala hauxe esanaz: “ ona barrura, txarra kanpora” eta holakoetan sinesten ez ebenentzat, saltu-txapelketa bat zirudien. Herri batzuetan, sinesmendunek errosarioa ere errezatzen eben sugarren oboan-oboan.

SAN JUANEN BIZAR ZURIAK

San Juan suak azkenerantz etozenean eta arriskutik urten, umeak ere ausartzen ziran saltuak egiten.
Suari azkena emoteko, herri batzuetan, bertanbera izten eben gau luzean amatatuz joateko baina beste herri batzuetan harri-losa handi bat ipinten eben su-hondakinen gainean eta inguruko umetxoei esan: “ Bihar goizean, lehenengo jagi  eta harri-losa hau lehenengo altzetan dauenak, San Juanen bizar zuriak ikusiko ditu”.
Sugarretako iduri edo su-hautsak gorde ere egiten ziran garauak kentzeko ona ei zalako.

MAMUAK EDO GALTZAGORRIAK

Bizkaiko Sollube aldean, San Juan bezpera gauean, orratz-ontzi edo eta antzerakoak izten ei ziran zabalik, gauaroan, mamu, galtzagorri eta gainetikoak barruan sartzeko. San Juan goizeko inontzean, hartu mamuz beteriko ontziok, zarratu eta gorde egiten ei ziran urtean zehar zerbitzu misteriosoak eukiteko.


SAN JUAN EGUNA

SAN JUANETAKO EGUNSENTIA

Egun horretako eguzkiaren agerpena interesgarria izan da gure herrri zaharrean.
Batzuentzat, egun horretako eguzkia dantzan ei datorkigu eta ikusteko mendietara joten zan jendea eguna zabaltzen ikusteko. Bizkaiko Arratia partean, Gorbeiako puntan itxaroten eutsoen eguzkiari bere lehenengo distirak ikusteko. Gorbeiatik Oiz mendia ikusten da eta esaten zan, Oiz tontorrean eguzkiak lehenengo joten eban lekuan urregorria agertzen zala.
Barkus aldean, San Juan eguneko eguzkiak urten baino lehen, urak bedeinkatuak zirala uste zan eta horrexegatik, iturrietara joan eta ura edan ezeze, gorputzeko eta gainetiko garbikuziak ere egiten ei ebezen purifikazio bidean.
Iturrietako uretan ezeze, San Juan goizeko inontzean oinak zein gorputz osoa bustitzen zan osasunerako ona ei zalako, horregatik ez zan harritzekoa eguzkiak urten aurretik bateren batzuk ortozik edo biluzik ibiltzea bedartzarik bedartzako inontzean.
Erremedio hau pertsonentzat ona bazan, ganaduentzat ere bai eta horregatik ganaduak ere eroaten ziran ura edaten zein inontzean euren apatxak bustiten.

SAN JUAN-ARATXA ( HARITZA)

San Juan goizeko ohitura hau polita eta zabala dogu batek badaki noiztik hona. Goizean goizetik, “San Juan aratxa” izenak dinoen bezala, haritz landare edo haritz adar bat hartzen zen nahinondik. Etxera eroan eta lehenengo arrankala bat egiten jakon eta gurutzetara ezpal bat sartu, gero galburu, eguzkilore eta abarrez apaintzen zan eta azkenik balkoiko balaustra, ate-marko edo leiho bazter baten ipini estukinez lotuta edo untzez josita.
Denboraren joanean, haritza eskasten joan dalako edo, haritzaren ordez, lizarra jartzen izan da, lizar berez erneak nahinon daudelako, baina izena ez jako aldatu, lizarrezkoari ere “ San Juan aratxa” deritzogu, eta etxea zaindu egiten dauenaren ezaugarria da.
Zeberioko herrian entzuna dodanez, “San Juan aratxa” etxea bedeinkatzeko ezeze, ezkontzarako errekadu egiteko ere erabilten omen zan lehenago.
Ezkontza-errekadua egiteko modu asko egon da baina originalik inon bada, hauxe. Mutil bat, neska baten intziguan egonez gero, iterantzunak egiteaz gain, mutilak berak edo etxekoren batek, “San Juan aratxa” jartzen eban egunsentiarekin batera neskaren etxeko lekuren baten.     
Errekaduaren erantzuna baiezkoa bazan, neskaren etxekoek, San Pedro egunean, hots, bost egun geroago, mutilarenean egiten eben beste hainbeste.


SAN JUAN BEDARRAK

San Juan goizeko egunsentian, oinetakoak erantzi eta ortozik ibilten ziran ihintz edo inontzezko bedartzarik bedartza. Joanean-joanean, era guztietako bedar eta zuhaitz-adarrak batu eta bakoitzeko pater noster bat errezatzen zan. Egun horretan batutako zorta hori era bateko edo besteko erremedio gisa erabiltzen zan. Esate baterako, enplastuak egiteko, sugeak ausiki egin ez egiteko, tripalak kentzeko eta abar luze baterako.
Zorta hori, estarian gordetzen zan, ganbarako goitegian, etxearen erresuman edo leku ezkutu batean, eta sobratzen ziranak, hurrengo urteko  San Juan sugarrak isiotuteko erabilten ziran, ziklo osoa beteaz.

SAN JUAN ELORRI ZURIA

Ezeri bildurrik izan badeutsagu, inizitu edo eta tximistargiari izan deutsagu eta horren kontrako hainbat erremedio erabili izan da gure herri zaharrean, bai kristau aurrean zein gero.
Sineskera-erremedioetariko bat elorri zuriarena dogu. San Juan egunean ebagitako elorri zuri bedeinkatuak tximistorratz edo pararrayos gisa erabili izan dira, kardulorea bezala. Zeanuriko bati entzunda daukotzat, kirikinolatz disekatua ere ona omen zela inizituak kalterik egin ez egiteko.

SAN JUANETAKO LOAK

San Juanetako loak luzeak ei dira. Egun horretan, goizean goizetik edo tertzioz jagiten dana ez ei da izango logura urte osoan goizean jagikeran. Baina, egun horretan goizberanduan jagi edo siesta luzea botaz gero, nagiipurdi ibiliko ei da urte osoan.
Beste alde batetik, jaiotzerik harako lo txarreko edo lo gitxiko umeak ere egoten dira. Kasu horretan, San Juanak ospatzen diran eleiza batera eroan behar dira eta lo luze eta ona eskatu santuari.

SAN JUANAK ETA TXAKUR AMORRATUAK

Txakur amorratuaren ausikadari bildur handia izaten jakon eta erremedio gisa hainbat gauza erabili izan da, besteak beste, Gabon afariko lehenengo ogi kuzkur bedeinkatua.
San Juanetara etorriz, berakatzak ere balio izan ei dau erremedio horretarako, baina ez edozein berakatzek. Txakur amorratuaren kontrako erremediorako, Gabon egunean erein eta San Juan egunean ateratako berakatzak izan behar dau, horrek bakarrik balio ei dau amorrua kentzeko.




SAN PEDROAK  EKAINAREN 29AN 

Pedro Deunaren jaia herri askotan ospatzen da eta santu hau entzutetsu bihurtu jaku. Bateko apostolua, besteko lehen aita santua eta azkenik zeruetako giltzari.
Esaunda edo eta mito asko sortu izan dira santu honen ospakizun garaian zein garaitik kanpo. Batzuk aipatuko ditugu:

KUKUAREN AGURRA SAN PEDROETAN

Herri esaera askotan ere jaso izan danez, kukua mututu egiten da San Pedro egunean. Andra Mari martikotik San Pedro bagile edo ekainekora bitartean dabil kuku gedarrez lau haizeetara.
Euskal Herriko egotaldiko agur eguna ospatzeko, San Pedroak non, kukua hara joaten da.
Bizkaia aldean kontatzen denez, kukuak Arratiako Arantzazun barausten omen du, Diman bazkaldu eta gauiluntzean Mungian afaldu, San Pedroak aloso ospatzeko eta ez ei da kukuka entzuten hurrengo Andra Mari martikoetararte.




EKAINEKO EDO BAGILEKO  ESAERAK

1- Bagil argia, urte guztiko argia
2- Ekaina eder, uda halaber
3- San Juan bagilean, denbora ederrean
4- Maiatz iluna eta bagil argia, urte guztirako ogia
5- Bagila, sei goseen baila


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario