Páginas

miércoles, 1 de junio de 2022

Ekaina edo bagile (1): Gorpuzti, San Antonio eta errogatibeak: Juan Manuel Etxebarria: Urtaro 07


Gorpuzti eguneko prozesioa Igorren

Hona hemen Juan Manuel Etxebarriari esker bere Euskal urtea ohituraz betea liburuaren beste atal bat. Oso osorik liburuan bertan aurkitu daiteke bere lana ekaina edo bagilari eskainia. Guk hona gora behera batzuk dakarguz. San Joan eta San Pedrori dagokiezanak hurrengo baten jarriko ditugu. Eskerrik asko Manu!



Más artículos de la serie Urtaro clic aquí.



Hilabete honen 21ean, udako solstizioan sartzen gara, baina horrarteko egunak betetzeko kristautasunaz gero, Eleizeak jai handi eta ospetsu batzuk antolatu ebazan kultorako.



ASENTSIO,  PENTEKOSTE, HIRUTASUN DEUNA ETA KORPUS.



Pazko eguna ardatz hartuta, Pazko aurrean egin eban bezala, Pazko ostean ere ospakizun handiak antolatu ebazan sasoi batean Eleiza Katolikoak eta egutegira joaz, aurrerago edo atzerako,  maiatzaren azkenean edo eta ekainean ospatzen dira jaiok.  Ospakizun aldakorrok sarerra honetan sartuko ditugu, gainetikoak euren egun berean gogoratuz, hurrengo sarrera baten.

Jai mugikor nagusienok lau dira, eta Eleizaren egutegi kronologikoan honela datoz: Asentsio; Pentekostes; Hirutasun Deuna eta Gorpuzti edo Korpus Kristi.

Jai nagusiok aprobetxatuz, gure herrietan hainbat Lehenengo Jaunartze eta ezkontza egiten izan da eta egiten da gaur ere.


Asentsio eguna, Pazko egunetik berrogeigarrenera ospatzen da. Pazkoatik zazpigarren domekan. Gogoratu, garizumea ere Erramu egunetik berrogei egun aurrerago hasten dala. Berrogeiren kontua, aspalditik datorkigu. Exodoan berrogei urte emon ei ebezen Egiptotik gaurko Israelera joaten.
           Pentekostes egunean Espiritu Santuaren etorrerea ospatzen du Eleizeak. Sinesmendunentzat jai garrantzitsua. Sinbolo mailan, su-argia eta uso zuria erabiltzen da. Latineko abesti eder batean jasotzen da ospakizun hau: “ Veni creator spiritus, mentes tuorum visita...”
            Hirutasun Deuna, misterio bezala ezagutu dogu eta ezin daiteke ulertu sinesmen osoz izan ezik.

Hirutasunaren ikonoa
            Gorpuzti edo Korpus Kristi eguna izan da beharbada lehen jaunartzea egiteko egunik egokiena, sinesmendunarentzat jaunartzean sinbolizatzen dalako Korpus Kristiren edukia.
Egun honetan eleiz portikuetatik prozesinoak egiten ziran. Sasoi hau eguzkitsu eta beroa izaten danez, izerdi-kiratsa beste ezer baino gehigo igartzen da eta horregatik, prozesioak egin baino lehen, “korpuzbedarrak” botaten dira elezportikuan, gero zapaldukeran usain gozoa zabaltzeko eleiztarren artean.

                Ekainean, natura haziz eta helduz dator. Garia buru, artoa artajorraren zain, frutalak loretik garaura bidean, animaliak ugaltzen, berba baten esanda, bizitza emonkortasunean.

             Oso garrantzitsua da nekazarientzat hau garai hau eta horrexegaitik egoten dira eguraldiari begira. Baina batzuetan eguraldiak okertu egiten dira eta natura arriskuan jarri. Kristauaroa etorri zanean eguraldi arriskutsuen aurrean eleizarik harako errogatiba, bedeinkazio eta otoitzak egiteko ohitura zabaldu zan. Arratiako errogatibea Urkiolara San Antonio hurrengo zapatuan ospatzen da.


URKIOLAKO ANTONIO DEUNA

                      Ekainaren 13an  Paduako Antonio Deuna eta urtarrilaren 17an Antonio Abata Deuna.
Arratiako errogatibea Urkiolara 2012
Ekainaren erdirantz, 13an hain zuzen, Bizkaia aldean, Urkiolako erromeriak ospatzen dira. Santuario honek historia handia dauka. Antonio Deunak dira bertako patroi biak:
Bietan egiten dira jai handiak pertsona gaixo,  osasuntsu  zein animalia eta gainetikoak  bedeinkatuz.
Urtean zehar ere, errogatiba, gogojardun, bederatziurren, triduo, errosario, promesa-betetze eta abarrak egiteko ohitura egon da eta badago.
Neguko Antonio Deuna baino ekainekoa egokiagoa da erromeria nagusia egiteko, eguraldiak laguntzen dauelako.
             Bizkaia, Araba eta Gipuzkoatik joaten dira erromesak. Antzina, oinez, zalpurdiz, idi-buztarriz  eta abar, gaur autoz ere bai oinezkoekin batera. Batzuk, osasun bila, beste batzuk senar edo emaztegai topetan, eta gehienak erromeria eguna ospatzera lagun zen senide artean. Kantu-kopla ugari ere atara dira jai konen inguruan. Hona hemen bat edo beste:

“Aita San Antonio
Urkiolakoa
askoren bihotzeko
santu debotoa.”

“Askok egiten deutso
San Antoniori
egun batean joan
bestean etorri.”



            Urkiola, paraje zoragarria da, pago eta urkiz betea. Batera begiratuz gero, Anboto, bestera  Gorbeia, berba baten esanda lurreko paraisoa.
           Gazteriak eta gainetikoetan ahal dauenak joakera handia izan du Urkiolara eta kilometro eta kilometroetako bideak egin arren danak pozik Urkiolako eleizkizun eta erromeriara, gero iluntzean barriro etxera bueltatzeko abemariak jo aurretik, jakina.
             Erromeria honen helburuetariko bat santuari senargai edo emaztegaia eskatzea zan eta ez dakigu ba santuak ala bideetako kilometro eta abarrek ez ete eben laguntzen horretarako.
Bestera ere gertatzen zan baten baino gehiagotan. Ezkongai-harremanak apurtu ere egiten ziran eta orduan, galtzaileak bertsopaperetan kontatzen eban berari gertatutakoa eta Urkiolako erromerian edo eta antzerakoetan saldu bertsopaperok bengantza lez edo.
                 Sinesmen munduan garrantzia handia izan du Urkiolak eta kristau aurreko zein osteko sineskerak mito edo eta esaundetara ere heldu dira.
                 Urkiolako paraje zoragarria aipatu dogu baina, zorionez, antzerako leku ugari dogu, dana mendi-baso, dana haran-ibar eta dena ibai-erreka dogun Euskal Herri honetan.
Edertasun guzti honekin, ekainak aurrera egin ahala, udaldian sartzen gara, barri eta goienaren ardatzean.


 

No hay comentarios:

Publicar un comentario