Páginas

lunes, 11 de marzo de 2013

Zeanuri: familia giro gozoan ospatu da Untzioaren sakramentua

Martxoaren 10ean, domekaz, Meza Nagusian, Zeanuriko 28 lagunek Untzioaren sakramentua ospatu dabe familia giro gozoan. Aita Martzel Andrinuak ere ospatu dau sakramentua.

Hamalau urte dira azkenengoz ospatu zala sakramentu hau alkartean Zeanuriko Andra Mari parrokian. Etxe eta baserrietan gaur egun ere ospatzen da, familiak eskatuta, baina alkar ospakizun hau alaitasun eta pozezko jai bihurtu da, Garizuma honen erdian.

Aurretiaz hitzaldi gogoeta bi egon dira San Isidron, sakramentuaren balore ebanjelikoa azpimarratzeko. Hortan Zeanuriko Bizian gora alkarteak asko lagundu dau. Aita Martzel izan da hizlaria, eta berak esandakoari jarraituz, berak ere jaso dau sakramentua beste 27 zeaniztarrekin batera. 

Herri otoitza sakramentua jaso dabenen lobak egin dabe, danak gaztetxoen taldekoak. Amaierean, abadeak kandelak bedeinkatu ostean, gazte nagusitxoagoak kandela bana oparitu deutsie sakramentua ospatu dabenei, otoitz honegaz batera:



Hartu eizue kandela hau



Eroan egizue etxera...

Jarri eizue oroigarri kutun eta maitetuen ondoan.



Biztu eizue...

Egun eta jazoera pozgarrietan.



Biztu eizue baita...

Egun eta une ilunetan,

isiltasunean sufritzen zagozienean.
 

Ospakizun guztian zehar, Aita Martzelek bertso batzuk kantatu zituan:



AGURRA

Aititamamak aurrean,
seme-alabak hurrean;
ilobak ere aurkitzen dira
hor aldamenean.
Untzinoa ospatzean,
kristinau sinismenean
Zorionak ta on deizuela
danon izenean.

ARGIZUZIAK EMOTEAN

Argi biztua hartzen dozue / Untzinoa ospatzean
Eroan eta izan dedila / zuen argi bihotzean.

Jesus Jaunaren presentziak dau / argi hauxe ezaugarri,
poz-egunetan hau biztu eta / Jesus gogora ekarri.

Gure bizitza ordu ilunez / dago nahiko garraztuta,
Jesusek poztu zagiezala / argitxo hauxe biztuta.

Seme-alabak eta ilobak / gaur hartu hau akorduan:
Argi hau biztu aititamamen / heriotzako orduan.


BEDEINKAZINOAREN AURRETIK

Onean ezin gogaitu
baina beharko amaitu,
Aititamamok, Zorionak ta
bihotzez alaitu.
Osasun pozez jarraitu
ta umore ona zaindu;
zuok eta gu Jainkoa maiteak
bedeinkatzen  gaitu.



Hona hemen erabili dogun gidoia:



GAISOEN UNTZIO EDO IGORTZA  ELIZKIZUNA

Sarrera-oharra

      Ondo etorri, senideok, Espirituaren indarra Gaisoen Untzioa hartuko dozuenok, eta zuen zaintzaile, laguntzaile eta familikoak.
      Konturatzen zaree? Hauxe da benetako Elizea: Eliza Pobrea (gaisoak, zaharrak, ezinduak, euren laguntzaileak...), Eliza alkartua, bere ustea Jainkoagan dauana. Poztu gaitezan.
      Parroki guztiko gaixoak ere gogoan euki gura ditugu, euren familiak eta osasun langileak. Eskertzen dogu bihotzez euren beharra.

Sarrera-abestia   “Zure aurpegi bila”

DAMU OTOITZA

      Beti ez dogu sendatzea onartzen, beti ez dogu Jaungoikoak aldatzerik nahi, beti ez dogu Aitaren eta anai-arreben etxera bueltatzea hobe dala uste. Horregaitik, isilune batean, onartu dagigun bihozbarritu beharra dogula. [Isilunea]

•    Erruki, Jauna.
•    Kristo, erruki.
•    Erruki Jauna.

Otoitza

Jainko Aita,
zure seme Jesusen bidez zeru barri baten eta
mundu barri baten itxaropena emon deutsazu munduari.
Egin gagizuz zure seme Jesusen jarraitzaile sutsuak,
hitzez eta egitez gure anai-arreba gaixoei
itxaropena izateko arrazoiak emon deieguzan.
Zure Seme Jesukristo gure Jaunaren bitartez... —Amen.

HITZAREN LITURGIA

      Israeldarrek, basamortua igaro eta Palestinako lurraldera heltzean, Pazko jaia ospatzen dabe. Askatasunean ospatzen daben lehenengo Pazkoa dala gogoratuko deusku gaurko lehenengo irakurgaiak. Ordura arte, "mana" izan da euren janaria; aurrerantzean, Jaungoikoak lurreko frutuz janarituko ditu.
      Lehenengo irakurgaia Josueren liburutik (Jos 5, 9-12) (Bizian gora)
     
      Egun hareetan, Jaunak honan esan eutson Josueri: “Gaur kendu deutsuet Ejiptoko lotsaria”.
      Israeldarrak Gilgal-en etxolatu ziran, eta hantxe ospatu eben Pazkoa, hilaren hamalauko arratsaldean, Jeriko-ko zelaian. Pazko—biharamonean, egun horretan bertan, lurraren frutuetatik jan eben; ogi-hilak eta gari-garau erreak.
      Lurreko frutuetatik jaten hasi ziranean, atertu egin zan  mana. Israeldarrak ez eben gehiago manarik jan, eta urte haretan Kanaan—lurreko frutuz janaritu ziran.

      Jaunak esana.

Erantzun-Salmoa: 33. Salmoa

      Israeldarren antzera, gu ere Jaunaren bila genbiltzan, eta Jainkoa bidera etorri jaku, gu aske egiteko. Goratu daigun Jainkoaren maitasun neurrigabea.

Jauna dot argi eta salbamen.

      Bedeinkatu dagidan aldi oro Jauna
nire ahoan beti Haren gores pena
Gailendu bekit bihotza Jaunarekin,
poztu beitez apalak hori entzutearekin.

      Handietsi nirekin Jauna,
ospatu daigun batera Haren izena.
Jaunaren bila nenbilen eta entzun ninduan
bildur guztietatik atara ninduan.

Ebanjelioa:

      Liburu Santuetan aurkitu daitekeen parabolarik ederrenetariko bat eskeintzen deusku gaurko Ebanjelioak: "Seme ondatzailearena" deitzen jako, baina "Aita onarena" deitzea egokiago izango litzateke.
      Jesusen berbak entzun aurretik, abestu dagigun Haren goralpena:  "Aintza, Jesus, Zuri beti..."



Jesukristoren Ebanjelioa San Lukasen liburutik (Lk 15, 1 3.11 32)
     
      Aldi haretan, zergalariak eta pekatariak piloka hurreratu ohi jakozan Jesusi entzuten. Eta farisearrak eta idazlariak alkarregaz marmarrean hasi ziran esanez «Honek ondo hartzen ditu pekatariak, eta jan ere egiten dau eurakaz».
      Orduan Jesusek parabola hau esan eutsen:
      «Gizon batek seme bi eukazan; gazteenak esan eutsan aitari: "Aita, emoidazu dagokidan senipartea ondasunetatik" Eta aitak banandu egin eutsezan ondasunak. Egun gitxi barru, seme gazteena, bere gauza guztiak batu eta urrunera joan zan; eta nasaikerian bizi izanez, ondasun guztiak jan zituan.
      Eukan guztia eralgi ondoren, gosete handi bat sortu zan lurralde haretan eta beharrizana sentitzen hasi zan mutila. Orduan herri haretako bategana joan eta haren morroi jarri zan, eta harek bere larreetara txerrizain bialdu eban. Txerriek jaten eben ezkurrez bete nahi izaten eban sabela, baina inok ez eutson emoten.
      Orduan bere barrura bihurtu eta esan eban: "Hamaika morroi bada gure aitarenean nahiko ogi daukala eta ni hemen goseak hilten! Jagi eta banoa neure aitagana, eta esango deutsat: Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka; ez dot gehiago zure seme izenik merezi; hartu naizu zure morroietako bat lez». Eta jagi, eta bere aitagana abiatu zan.
      Oraindino urrun egoala ikusi eban aitak, eta erruki izan eban; joan zan arineketan haregana, besarkatu eban eta mosuka hasi jakon. Semeak esan eutson: Aita, pekatu egin dot zeruaren aurka eta zure aurka, ez dot gehiago zure seme izenik merezi».

      Aitak, ostera honan esan eutsen bere morroiei: "Ekarri behingoan soinekorik ederrena, eta jantzi egiozue; ipini egiozue eraztuna eskuan, eta jantzi oinetakoak; ekarri zekor gizena, eta hil; jan daigun, eta jai egin: nire seme hau hilda egoan eta biztu egin da ta; galduta egoan, eta aurkitu egin dogu ta." Eta hasi ziran jai egiten.

      Seme zaharrena soloan zan. Eta handik etxera hurreratzekoan, soinu eta dantzak entzun zituan eta: morroi bati dei eginda, ha zer zan itaundu eutson. Morroiak erantzun: "Zure anaia etorri da, eta aitak zekor gizena hil dau, semea onik aurkitu daualako". Ha hasarratu egin zan, eta ez eban sartu gura. Eta aita, urtenda, sartzeko erreguka hasi jakon. Baina semeak erantzun eutson aitari: "Horrenbeste urtetan zure zerbitzuan egon, zure esanik behin ere egin barik itzi ez, eta aumatxo bat ere ez deustazu sekula emon lagunartean jateko; eta emagalduakaz bere ondasuna janda, zure seme hori etorri danean, zekor gizena hil deutsazu".
      Aitak orduan : "Seme, zu beti neugaz zagoz, eta nirea dan guztia zeurea dozu; jai egin behar genduan eta poztu, zure anaia hau hilda egoan eta biztu egin da ta; galduta egoan, eta aurkitu egin dogu ta"»

HOMILIA


Untzio edo Oliaduran...

1   Untzioa hartuko dabenen aurkezpena: Izen-abizenak (Izenak esan eta aldi berean pantailan jarri)

2   Esku-ezarketea

Oharra
Abadeek orain eskuak ezarri eta krismaz gantzutuko dabez gure senideak. Eskuak ipintea eurengana datorren Jainkoaren doaiaren ezaugarri da, Espiritu Santuaren indarra, Kristo biztuaren grazia. Bekokia eta eskuak krismaz igurtzeak, eurengan Jainkoa dagoela adierazi gura dau, euren gorputz eta arimentzat indar eta babes.
Gure otoitzaz parte hartzen dogu sakramentu honen ospakuntzan.

Abadeak eskuak ezarten deutsez oliadurea hartuko daben guztiei, asko badira, danen gain otoitza eginda. Bitartean, isilean egiten dau otoitz elizeak.


3       Esker onezko otoitza

—Bedeinkatua zu, Aita ahalguztiduna, gure Jaungoikoa: geugaitik eta geu salbatzeko bialdu zenduan mundura zure Semea.
  R/. Bedeinkatua zu, Jauna, orain eta beti.

—Bedeinkatua zu, Jesukristo, gure Jaun eta Jaungoikoa, Aitaren Seme bakarra: gizakion artera jatsi zinana eta gure gatxak osatu zenduzana.
  R/. Bedeinkatua zu, Jauna, orain eta beti.

—Bedeinkatua zu, Espiritu Santu poz-emoilea, gure Jaungoikoa: zeuk laguntzen eta gidatzen gaituzu, eta zeuk sendotzen dozu beti, zeure indarrez, gure gorputzaren makaltasuna.
  R/. Bedeinkatua zu, Jauna, orain eta beti.

  † Jainko guztiz ona: Espiritu Santuaren grazia hartuko dabe orain fedean zure zerbitzari honeek. Emon deiela oliadura honek laguntza euren neke-minetan eta indarra euren makal-aldian. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
  —Amen.

4       Olioztatzea

      (Olio-ezarketa bi: lehenengoa bekokian eta bigarrena eskuetan. Laguntzaile bat joan daiteke algodoi ugarigaz, olioztatu ondoren olioa kentzen...) Sakramentua hartuko dabenak erreskadan jarriko dira, familiak lagunduta hobe. Lerro bat edo bi egin daikeguz.

—Untzio santu honen bidez eta bere erruki handiari esker, lagundu deizula Jaunak Espiritu Santuaren graziaz.
* AMEN.

—Pekatutik atarata, salbatu zaizan eta bizkortu.
* AMEN.
     
Bitartean, kantuz lagundu:

Jauna, gure Jainkoa, Bedeinkatua Zu! Edo/eta luzatzen bada

Zeru-lurren egile zaran
Espiritu Santua:
Zatoz eta bete bihotzak,
biztu gugan maite-sua (bis).

Behartsuen Aita zaitugu,
lanpean atsedena.
Nahigabean gure barruko
poza sortutzen dauana (bis).

Zentzuari argi emonez
eta bihotzari su,
Jaun onaren irudi bizi
danok bihurtu gaitzazu (bis).

Aienatu gure etsaiak
ta arimako kalteak.
Gugan beti iraun daiala
Zuk emondako bakeak (bis).

Aita eta Semearekin
hirutan bat zarana
Orain hemen zaindu gagizuz,
gero eroan Zugana (bi).


Otoitza

Jainko Aita Ona. Begiratu maitasunez gure senideok,
edadeagaitik edo gaixoagaitik ahulduta
Untzio santuaren grazia eskatzen dabe,
euren gorputz arimen indargarri.
Espiritu Santuaren dohaiaren bitartez
sendotu egizuz fede eta esoperantzan,
danontzat pazientzia agertuz
zure maitasuna zabaldu dagien.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.

Eskariak

Senideok: gizon-emakume guztientzat argia eta bizia dan Jesusegaz alkartuta, Jaungoiko gure Aitari otoitz egin deiogun: (gaztetxoak, untzioa hartuko dabenen lobak balira hobeto)

    - Gure Eliz Amaren alde: gaixoak benetako altxor izan daizan, eta batez ere seme-alaba galduengana hurreratzen jakin daian, eta euren ondoan egoten, eskatzen deutsugu Jauna.
R/. Entzun Jauna gure eskaria

    - Gaixoak, ezinduan edo gauza ez diran zaharrak daukezan familien alde: behar daben pazientzia eta danetariko laguntza izan daien, eta jainko-poza zabaldu ahal izan daien, eskatzen deutsugu Jauna.
R/. Entzun Jauna gure eskaria
      - Gaixoen zaintzaile eta laguntzaile guztien alde: euren lan astunean laguntza izan daien beti, eta laguntza eskatzen ere jakin daien, eta euren bizitzarako aberasgarri izan dakien, eskatzen deutsugu Jauna.
R/. Entzun Jauna gure eskaria

      - Gu guztion alde: fedearen poza biziz geure ingurukoentzat argi izan gaitezan, eskatzen deutsugu Jauna    
R/. Entzun Jauna gure eskaria


Aita ona, entzun gure eskariak eta isuri zure maitasuna mundu osoaren gainera. Jesukristo gure Jaunaren bitartez. Amen.
—Amén.

EUKARISTIAREN LITURGIA

Eskeintzen aurkezpena

†   Bedeinkatua zu, Jauna, zeru-lurren Jainkoa, zeure esku zabaletik hartu ditugu orain ekarri deutsuguzan ogi-ardauok, lurraren indarrak eta gizakiaren lanak sortuak: honeexek egingo jakuz biziaren ogi ta betiko zorionaren edari.
      —Bedeinkatua zu, Jauna, orain eta beti.

†   Senideok: egin daigun otoitz, guztiok batean, Eliza osoaren oparia Jaungoikoari eskeintzerakoan.
      —Jainkoa goresteko eta gizakiak salbatzeko.



Oparien gaineko otoitza

Gaixoaldian eta zahartzaroan
aparteko zaintzaile maitalea zaran Jainkoa:
azaleratu eiguzu zure ahalmen eta indar hori
gure makaltasunean zeure graziak egin daian argi
eta zure errukiaren autorle gartsu izan gaitezan.
Jesukristo gure Jaunaren bitartez.
Amen.


A/. Jauna zuekin. .......... E/. Eta zure espirituarekin.
A/. Gora bihotzak. ............ E/. Jaunagan daukaguz.
A/. Eskerrak Jaungoiko gure Jaunari. E/. Egoki da eta zuzen.

Egoki da, bai, Zuri eskerrak emotea,
Aita errukitsu eta Jaun ahalguztidun Horri,
Jesukristo gure Jaun eta Eroslearen bitartez.

Biziaren sorburu
eta gorputz-arimen sendagile dan zure Seme bakarrak
bere gain hartzea nahi izan dozu gure makaltasunak
une larrietan guri laguntzeko
eta oinaze aldietan gu santutzeko.

Oliadurako sakramentuaren ezaugarri honetan,
Elizearen otoitzaz,
pekatutik askatzen gaituzu,
Espiritu Santuaren graziaz indartzen
eta pazko garaipenean partedun egiten.

Zure ontasunaren ezaugarri honengaitik,
aingeru eta santuekin batean,
zure aintzaren goratzarrea (esaten) abesten dogu
aho batez kantari:

Santu, Santu, Santua
diren guztien Jainko Jauna.
Zeru-lurrak beterik daukaz zure diztirak:
Hosanna! zeru-goienetan.
Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Hosanna! zeru-goienetan.

Santu zara bai, Jauna,
eta santutasun guztiaren iturri.
Santu eizuz, ba, ogi-ardau honeik
zeure Espiritua isuriz,
Jesukristo gure Jaunaren
gorputz eta odol guretzat izan daitezan.

Berak, saldu ebenean,
eta bere gogoz kurutzera joiala,
ogia hartu, eta, eskerrak emonez,
zatitu eban, eta bere ikasleei emon eutsen, esanez:
HARTU EIZUE TA JAN GUZTIOK HONETATIK;
HAU NEURE GORPUTZA DA-TA,
ZUENTZAT EMONGO DANA.

Afal-ondoan bardin, kaliza harturik,
barriz ere eskerrak emonez,
bere ikasleei emon eutsen, esanez:

HARTU EIZUE TA EDAN GUZTIOK HONETATIK;
HAU NEURE ODOLAREN KALIZA DA-TA,
ITUN BARRI ETA BETIKOAREN ODOLA,
ZUENTZAT ETA GUZTIENTZAT
PEKATUAK PARKATZEKO ISURIKO DANA.
EGIZUE HAU NEURE OROIGARRI.

V/. Hau da sinismenaren misterioa

R/. ZURE KURUTZE…

Jainko Aita ahalguztiduna:
gaixoak ikutuaz osatzen dauzen
eta neurritsuak izatera deitzen gaituen Jesus Jauna
altara gainean dogu orain sakramentu itxuran;
horregaitik goresten zaitugu.


Eta apalik eskatzen deutsugu, Aita ona,
zure Semearen Espirituak Elizan bat egin gaizala
Aita Santuarekin eta gure Gotzainekin,
eta bakearen alde lan egiten diharduen
borondate oneko guztiekin.

Gogoan izan, Jauna, guk maite doguzan
gaixoak, adinean sartuak, bakartadean dagozenak,
eta senideen oinazetan eurekaz bat egiten dakienak;
eta baita gogoan izan hildako gure senideak ere (I., I.):
emoiezu zure betiko atseden argitsu ta baketsua.

Aita/Ama on errukitsua! Izan zakiguz erruki guri eta baita
gaixo eta behartsuen ondoan dagozen guztiei ere,
munduan zure maitasunaren ezaugarri dira-ta;
egun baten, zure aintza danok batera abestu ahal izan daigun
Andra Mari, gure Ama, eta santu guztiekin zure erreinuan.

HONEN BITARTEZ...
.../...

GURE AITA...

Abadeak
      † Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa,
      hona munduko pekatua kentzen dauana:
      zoriontsuak honen mahaira deituak.

Herriak
      —Jauna, ni ez naz inor zu nire etxean sartzeko;
      baina esaizu hitz bat eta osatuko naz.

Jaunartzerako abestia

GURE ONDOAN, JAUNA, egon zaitez beti;
Zu zara gure bide eta gure bizi.

1 Zu zara, Jauna, Zu gure Artzain eta gu zure artalde.
Nora-ezean ibilten gara ardi gaixook Zu gabe.

2 Zuk ezagutzen gaituzu danok Zu zara gure Artzain on
Zure ondoan alkar maitatuz gaitezela beti egon.

3 Gure gaisoaldian zu, Jauna, zara gure Osagile.
Zaintzaileentzat egin gagizuz, esaneko ta maitale.


Bedeinkatu eta emongo diran kandelak biztuten dabez, adibidez, gaztetxoak02.



KANDELEN BEDEINKAPENA

      Bedeinkatu, Aita, Kristo Berbiztuaren ezaugarri dan Pazko Kandela Nagusian biztuko ditugun kandelok. Gure senide nagusi edo gaixoentzat bideko iluntasunak argitzeko argi izan daitezen, bihotza berotzeko sua, maitatzen jarraitzeko indarra, azkenera arte itxaroteko esperantza. Jesukristo gure Jaunaren bitartez.


KANDELAK EMOTEA

Hartu eizue kandela hau

Eroan egizue etxera...
Jarri eizue oroigarri kutun eta maitetuen ondoan.

Biztu eizue...
Egun eta jazoera pozgarrietan.

Biztu eizue baita...
Egun eta une ilunetan,
isiltasunean sufritzen zagozienean.


OHARRAK


AZKEN AGURRA

      Senideok, gaurko Ebanjelioan agertu diran seme bietan ederto margotuta gelditu gara; argi-argi erakutsi deuskue gure izakerea zelakoa dan: parkamena eskatzen dogu, baina parkamena emoteaz ahaztu egiten gara. Gure senide-alkarteko giroa barriztatzeko, etxeko Aitaren bihotz ona beharrezko jaku.

Azken bendeinkapena

Eskatu daigun, amaitzeko, gure gainera bialdu daiala Jaunak bere bedeinkapen ospetsua:
(goralpen bakotxean AMEN erantzun zeinkee).

V/: Jauna zuekin.
R/: Eta zuere espirituarekin.

—Jainko Aitak bedeinkatu zaizela.
-  Amen.

—Jainko Semeak indarbarritu zaizela.
-  AMEN.

—Espritu Santuak argitu daiala zuen bizitzea.
-  AMEN.
—Eta Jainkoak zaindu daiala zuen gorputza,
      eta salbatu zaizela.
-  AMEN.

—Eta hemen zagozan guztiok ere
      bedeinkatu zaizela Jainko ahalguztidunak:
      Aitak eta Semeak eta † Espiritu Santuak.
-  AMEN.


AZKEN KANTA

Eskerrik asko Jauna


† Zoaze Jaunaren bakean.
—ESKERRAK JAINKOARI.


Zeanurin, 2013-03-10, Garizumako 4. domekea.

 






No hay comentarios:

Publicar un comentario